Etxean utzi beharko dute bazkide txartela

Gurutz Aginagalde eta Unai Arrietarentzat partida berezia izango da gaur Artalekun Bidasoak eta Logroñok jokatuko dutena. Biak Irungo taldean aritu ziren urte askoan, eta zazpi urte daramatzate Artalekun jokatu gabe.

Julen Etxeberria.
2014ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Sekretu txiki bat kontatuko dizut. Bidasoako bazkide naiz». Unai Arrietarena da aitorpena (Elgoibar, Gipuzkoa, 1981). Gurutz Aginagalderen kasuan (Irun, Gipuzkoa, 1977), ordea, sobera daude aitorpenak. Jakina da. Gaur, ordea, etxean utzi beharko dute bazkide txartela. Artalekun ariko dira Naturhouse Logroñorekin, talde ohi eta kutunaren aurka.

«Sekulako gogoa dut. Etxera itzultzea da», aitortu du Arrietak. Aginagalde ere «irrikan» dago. Ez da harritzekoa, zazpi urte joan dira Artalekun jokatu zuten azken alditik. Ordutik behin baino gehiagotan izan dira, baina beti harmailan. Inoiz ez aurkari gisa.

2005eko maiatzaren 11. Nekez ahaztuko du egun hori Aginagaldek. Egun horretan jokatu zuen azken aldiz Bidasoarekin, Artalekun. Agur hamar urteko ibilbideari. Sentimendu festa izan zuen egun horretan barruan. «Triste nengoen, hamar urte neramalako Bidasoan. Nire betiko taldea zen, nire hirikoa, jokalari egin ninduena». Triste, baina lasai, taldea Europarako sailkatu zelako. «Bidasoara iritsi nintzenean taldea gailurrean zegoen, Europako Kopa irabazita, eta utzi nuenean Europan zen berriro. Neure buruarekin lasai joan nintzen, behintzat».

Batzuetan bi pauso atzera egin behar izaten da bat aurrera egiteko. Eta horixe egin zuen Aginagaldek. Logroñora joan zen (Espainia), Ohorezko B Mailan jokatzera. Urtebete geroago Asobal ligan zen berriro. «Neure buruari erakutsi nahi nion lehen atezaina izan nintekeela. Mingarri izan zen horretarako betiko taldea utzi behar izatea. Baina nire aukera nahi nuen, besterik ez».

Atzerapausotzat jo zuten askok erabaki hura. «Inoiz ez» berak, eta ondoren gertatutakoak «arrazoi» eman diola dio. «Argi dago bete-betean asmatu nuela. Gaur-gaurkoz, ligako talde onenetako bat gara, eta kluba egonkorra da. Hori oso garrantzitsua da eskubaloia nola dagoen kontuan hartuta».

Bidasoa utzi zuenetik behin bakarrik jokatu du Artalekun. «Hura ere oso egun berezia izan zen». Ordutik ez du gehiago jokatu partida ofizialik jaioterrian, 2012ko abenduan Bidasoaren 50. urteurrenaren harira antolatutako lagunartekoa izan ezik.

«Artalekun jokatu dudan azken partidan aurkari izan nuen Unai. Irabazi egin genuen», gogoratu du. Arrietak ere gogoan du. Sasoiko lehen porrota izan zen Bidasoarentzat. Makina bat etorri zen gero, azkena Iruñean, azken jardunaldian. Porrot horrek errematea eman zion Bidasoari. Maila galdu zuen 30 urte geroago.

2007ko ekainaren 2 hartan jokatu zuen azken aldiz Arrietak Bidasoarekin. Astebete lehenago jokatu zuen azkena Artalekun. «Sasoi oso gogorra izan zen, kalbario baten parekoa. Talde ona genuen, baina lesio dezente izan genituen, taldea oso ahulduta geratu zen, eta ezin izan genion horri buelta eman».

Sasoia amaituta utzi zuen Bidasoa. Ez zen urruti joan, Eibarrera (Gipuzkoa), Arratera. Asobal ligan, etxe ondoan... Perfektua zirudien. Eta izan zen, baina urtebetez soilik. «Lehen sasoia oso ona izan zen, eta Europarako sailkatu ginen. Bigarren sasoian, ordea, kirolaz kanpoko arazo asko izan genituen». 2009ko udan utzi zuen Arrate, eta Logroñora joan zen. Han egin zuen bat berriro aspaldiko lagunarekin.

Garai onenean

Aginagaldek bederatzigarren sasoia du Logroñon, eta beste bi sasoirako du kontratua. Beraz, ondo bidean, Bidasoako lehen taldean baino denbora gehiago egingo duErrioxako taldean. «Inoiz ez nuen uste hemen horrenbeste denbora egingo nuenik. Baina oso gustura nago, etxekotzat naute». Zalantza egin du garai onena bizi ote duen galdetuta, baina azkenean onartu du baietz. «Bidasoan egin nituen lehen urteak oso bereziak izan ziren, tituluak irabazten genituelako. Baina nik ez nituen nireak sentitzen, apenas jokatzen nuelako. Hemen lortu ditudan lorpenak, apalagoak izan badira ere, bai sentitzen ditut nireak, asko jokatu dudalako. Asko maite dut talde hau; nirekin batera hazi da».

«Noiz arte jarraituko dudan? «Gutxienez 38 urte izan arte. Gero? Ahal dudan arte», aitortu du. Arrazoiak ere eman ditu. «20 urteko gazte baten sasoia dut, eta ilusio ikaragarria, gozatu egiten dudalako eskubaloian, nire bizitza da. Gustatuko litzaidake Bidasoan hartzea erretiroa, anaiarekin batera. Badugu ilusio hori».

Arrietak, berriz, bosgarren sasoia du Logroñon. Hura ere «oso gustura» dabil bere ibilbideko talde «orekatuenean». Garai onena ere bizi du, lesioekin «hamaika buruhauste» izanagatik. «Garapena izan dut nire jokoan. Jotarekin [Javier Gonzalez entrenatzailea] beste eskubaloi bat ikasi dut». Hala ere, ez ditu ahaztu Bidasoan egindako urteak. «Oso talde batua genuen. Horri esker lortu genituen emaitza onak».

Aginagalderekin alderatuta, Arrietak «gertu» ikusten du erretiroa. Aurretik ere gertu ikusi izan du. «Beste proiektu batzuk ditut buruan. Gainera, oso zaila da eskubaloiaz bizitzea. Ez daukat ezer erabakita. Hau laster amai daiteke, eta horretarako prest egon nahi dut».

Bitartean gozatzen jarraitu nahi du. Eta gaur egun aproposa du horretarako. Hori bai, badakite «gaizki» pasatuko dutela, Bidasoa «hazi» egiten delako etxean. Biek nabarmendu dute aurkariaren meritua, Ohorezko B Mailan aritzeko eginda baitzegoen. «Erronka oso zaila» duela diote, baina itxaropenari eusten diote. «Zorte pixka batekin lor dezakete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.