Joan den igandean Sevillan 0-2 irabazi arren, Imanol Alguacilen taldea azken zortzi denboraldietako liga hasierarik apalena egiten ari da. Teknikari oriotarrak donostiarren aginte makila hartu zuenetik, kaskarrena. Harritzeko modukoak dira, bereziki, Anoetako emaitzak. Sei neurketa jokatu dituzte bertan, eta lau puntu baino ez dituzte poltsikoratu: garaipen bat, berdinketa bat eta lau porrot. Datu ezohikoak azken bost sasoietan Europan jokatu duen talde batentzat. Donostiatik urrun, berriz, 11 puntu batu dituzte txuri-urdinek beste sei partidatan. Etxeko talde gisa, ligako txarrena da, eta bisitari gisa, berriz, onenetan hirugarrena.
Denboraldiaurre txarra
Liga bat prestatzea oso garrantzitsua da. Denboraldi osoa marka dezake aurretik egindako lanak, eta aurtengo udan Imanol Alguacilek ezin izan du nahi beste jardun bere jokalariekin. Uztailaren 11n ekin zion taldeak denboraldiaurreari. Oriotarraren asmoa Zubietatik ahalik eta gutxien ateratzea zen, baina, azkenean, jokatutako bost partidetatik lau kanpoan jokatu behar izan zituzten. Gainera, horietako bat Japonian izan zen, babesle kontuak tarteko. Horrek hankaz gora jarri zuen denboraldiaurreko aste oso bat, eta zuzenean eragin zion jokalarien prestaketari. Orain dela gutxi arte, taldeak nabarmen egiten zuen fisikoki behera azken minutuetan.
Realak Europan hainbeste urtez jarraian aritzeak argi uzten du zein den bertako jokalarien maila. Horrek, baina, bere alde negatiboa ere badu klubarentzat. Asko eta asko selekzioekin lehiatzen dira. Joan den udan, Eurokopa, Olinpiar Jokoak eta Amerikako Kopa jokatu dira. Lanean hasterako, Imanolek lehen taldeko bederatzi jokalariren hutsunea izan zuen. Azken etenaldian, esaterako, hamalau izan dira internazionalak.
Jokatzeko era
Etxetik kanpo, talde gehienek segurura jotzen dute; hau da, ez dute euren zelaian bezain ausart jokatzen. Normala da, eta talde handien estadioetan edo zelai zailetan jokatzeko modu kontserbadoreagoen aldeko apustua egiten dute teknikariek. Eta Realari atzean zain dauzkan taldeen aurka kostatzen ari zaio irabaztea. Donostian jokatutako azken hogei neurketetatik lautan baino ez dute lortu garaipena gipuzkoarrek. Beste hitz batzuetan esanda, iazko abendutik talde txuri-urdinak Anoetan jokatu dituen partiden laurdenak baino ez ditu irabazi. Datua oso esanguratsua da.
Horren arrazoietako bat izan daiteke Realak gaur egun ez duela horrelako egoeretatik libratzeko pase zehatzak ematen dituen punta-puntako jokalari bat. Esan gabe doa Zubimendi, Brais Mendez, Sucic, Sergio Gomez eta enparauak teknikoki oso onak direla, baina, David Silvak erretiroa hartu zuenetik, Realak pieza hori falta du. Aurten, gainera, joan-etorriak eta kontraerasoak ez ditu aurreko urteetan bezain ondo kudeatzen, eta aurkariek ohi baino min handiagoa egin diote arlo horretan.
Norbere zelaian adoretsuago jokatzen da, ekimena hartzen ahaleginduz. Taldeak indartsuak sentitzen dira etxean, eta gehienek gora egiten dute, atzean zuloak eta hutsuneak utziz. Horrek, Realaren gisako talde bati, modua ematen dio espazioak hobeto aurkitzeko. Eta hor bai, Realak emaitza apartak lortu ditu etxetik kanpo.
Gol falta nabaria
Hamabi partidetan hamar gol baino ez ditu sartu Realak. Partidako bat baino gutxiago, alegia. Bi taldek bakarrik egin dituzte gutxiago: Getafek, Valladolidek eta Valentziak. Azken biak, gainera, jaitsiera postuetan daude. Iaz ere aurrelarien ekarpena nahiko eskasa izan zen arlo horretan, eta aurten ere Sadiqek eta Oskarssonek oraindik ez dute euren mailaren berri eman. Nigeriarrak martxoan sartu zuen bere azkeneko gola, eta islandiar gazteak, berriz, bi egin ditu, Mikel Oiartzabalek bezainbeste.
Sartu ere gutxi sartu dizkiote: hamar. Alor horretan bi talde daude Realaren aurretik: Atletico Madril eta Mallorca. Azken sasoietan hori izan da talde txuri-urdinaren ikurretako bat. Askotan uzten du atea hutsean, eta egiten dituen golei zuku handia ateratzen die. Aurten, dagoeneko bost alditan utzi dituzte aurkariak golik sartu gabe. Datu horiek hobeak izan zitezkeen, baina beste lehia batzuetan atzealdean akats ugari egin dituzte; baita penaltiak ere –estreinako sei jardunaldietan lau adierazi zizkioten kontra–. Halere, txuri-urdinak ez daude Europako postuetatik aparte, lau puntura daude, eta, bolada on bat harrapatuz gero, berriro ere onenen artean sartzeko moduan dira.