Etxean otso izan beharra

Realak eta Athleticek etxean jokatuko dute gaur Europa ligako partida: txuri-urdinek Anderlecht jasoko dute, eta zuri-gorriek AZ Alkmaar. Borja Viguera jokalari ohiak amets bat du: biak finala ikustea. «Badute horretarako gaitasuna».

Orri Oskarsoon eta Brais Mendez Valentziari sartutako goletako bat ospatzen. JAVIER ETXEZARRETA/EFE
Orri Oskarsoon eta Brais Mendez Valentziari sartutako goletako bat ospatzen. JAVIER ETXEZARRETA/EFE
2024ko urriaren 3a
05:10
Entzun

Realak eta Athleticek puntu bana eskuratu zuten joan den astean Europa ligako estreinako jardunaldian: txuri-urdinek bana egin zuten Nizaren zelaian, eta zuri-gorriek ere emaitza berarekin amaitu zuten Erroman, azken minutuetan berdinketaren gola sartu eta gero. Bada, puntu haiek balioa izan dezaten, biak ala biak etxean garaipena lortu beharrean dira gaur. Imanol Alguacilen taldeak Anderlecht hartuko du (18:45. Movistar), eta Ernesto Valverderenak, AZ Alkmaar (21:00, Movistar). Ezbairik gabe, Europan eskarmentu handia duten eta kalitatez josita dauden bi taldek bisitatuko dute Euskal Herria, baina Realak eta Athleticek ezin dute hutsik egin. Europan onenen artean ibili nahi badute, Anoeta eta San Mames gotorleku bilakatzera derrigortuta daude.

Hain zuzen, Realeko eta Athleticeko jokalari ohia da Borja Viguera (Logroño, Espainia, 1987), eta etxean hiru puntuak eskuratzea garrantzitsua dela nabarmendu du: «Formatu berria dute aurten Europako lehiaketek, eta inork ez daki zenbat puntu beharko diren goialdean sailkatzeko. Horregatik, etxeko partidetan irabazteak berebiziko garrantzia du». Nizan eta Erroman lortutako berdinketak meritu handikoak izan zirela uste du, baina ohartarazi du orain hasten dela malda gogorra. «Hiruzpalau egunean behin jokatzea zaila da, eta, Europan edozein aurkariri irabazteko, dena eman beharra dago». Realak eta Athleticek gauza bat dute alde, haren ustez: «Euren zelaiko giroa. Gau magikoak bizi ohi dira Anoetan eta San Mamesen, eta nire ametsa da elkarren aurkako final bat ikustea».

Realari dagokionez, taldearen berri badu Viguerak, klubean bertan urtebete baitarama lanean. «Futboletik erretiratu orduko etorri zitzaidan Zubietan lanean hasteko aukera, eta pozarren ari naiz gustuko dudana egiten. Harrobiko gazteekin jarduten dut, batez ere aurrelariekin. Imanol Agirretxerekin gidaritzapean, erasoko jokalariekin ariketa espezifikoak egitea da nire zeregina». Hots, onartu du lehen taldeari gola falta izan zaiola sasoi hasiera honetan, baina joan den asteburuan Valentziari 3-0 irabazi izana mugarri izan daitekeela uste du. «Zalantzak nagusitu dira hasiera honetan, baina pazientzia behar dute jarraitzaileek. Sasoiaurrea zaila izan zen: jokalari batzuk Eurokopa zein Olinpiar Jokoetatik zetozen, Merino eta Le Normand galdu izana kolpea izan zen, fitxaketek egokitzeko denbora behar dute… Baina taldea hasi da onbidean sartzen, eta oso proiektu interesgarria du Realak».

Vigueraren iritziz, Zubimendi Donostian geratu izana funtsezkoa izango da, eta zuzendaritzak fitxatutako jokalariak ere oso onak dira. «Javi Lopez eta Sergio Gomez ekarri izana izugarria da, baina bereziki gustuko dut Orri Oskarsson aurrelaria. Mugimendu interesgarriak egiten ditu erasoko lerroan, eta uste dut giltzarri izango dela denboraldi honetan». Halere, izenen gainetik, taldea bera goraipatu du jokalari ohiak. «Europan jarraian lehiatzen urte asko daramatza Realak, eta jada esperientzia du. Imanolek ongi daki nola kudeatu taldea otsail aldera indartsu iristeko».

Bilbo, gau magikoen zain

Europako partidarik hartu gabe sei urte eta erdi egin ditu San Mamesek, baina lehorteari gaur emango dio amaiera. Viguerak berak badaki zer den Europan lehiatzea Athleticekin, eta Bilbon bizi ohi den giroak parekorik ez duela aitortu du. «Gogoan dut Txapeldunen Ligan aritua naizela Oportoren kontra, eta Europa ligako final-laurdenetan ere jokaturik nago. San Mameseko gauak magikoak dira benetan, han arnasten dena deskribaezina da, eta jokalariak zein zaleak hori bizitzeko irrikaz egongo dira».

(ID_14277002) (Oskar_Matxin_Edesa/@FOKU) 2024-09-22, Bilbo. Futbola
Gorka Guruzeta eta Alex Berenguer elkar besarkatzen, gol bat sartu ostean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU

Hori bai, itzelezko gogo hori kontrolatu beharko dute. «Odol hotza behar dute jokalariek. Europa Europa da, eta izen handirik ez duten taldeek ere oso ongi jokatzen dute. Joko azkarra eta intentsitate handikoa egin beharko du Athleticek partida guztietan. Zuzendaritzak talde zabala osatu du, eta, edonork jokatzen duela ere, bermea ematen du jokalari multzoak». Batez ere, aurrelarien joa nabarmendu du. «Adurizen itzala oso luzea izan da; Athleticeko aurrelaria izatea lan nekeza da, hori inork baino hobeto dakit. Williams anaiak, Sancet eta Guruzeta egiten ari diren lana bikaina da, eta, Realak bezala, Athleticek ere badu gaitasuna Europa ligako finalera iristeko»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.