Kontxako Banderatik etorri, kanporaketak hasi, eta bazirudien Eusko Label liga amaituta zela, baina azken bi jardunaldiak falta ziren. Bermeoko ikurrina beti da berezia, eta aurtengoak ere bazuen bere zeresana. Hain zuzen, Kontxako garaileak, etxean liga irabazteko aukera zuen. Bederatzigarrena litzateke Urdaibairentzat, eta laugarren aldia Kontxa eta liga urte berean irabazita. Ezingo luke inork istorio politago bat idatzi, eta lana bikain eginda festa biribila izan da etxeko taldearentzat. Estropada irabazi, eta hala ere karanbola gertatzera itxaron behar zuela ematen zuen, baina Hondarribiak maila kaskarra erakutsi, eta ez da aurkari izan. Harrotasun handiarekin, eta denboraldi osoan erakutsitako nagusitasunez, Urdaibaik Eusko Label ligako txapela jantzi du.
Ohorezko txanda, ohi bezala hasi da. Donostiarrak dena eman du lehen metroetan, eta segika izan ditu aurkariak lehen metroetan. Baina normalean, lehen txanpa indartsu horrek ez dio gehiegi irauten. Gaur, ordea, ederki eutsi dute hasieran jarritako erritmoa. Urdaibai eta Zierbenak tartea mantendu dute lehen ontziarekin, eta parean izan dira lehen luzean. Hondarribia aldiz, atzean geratzen hasi da. Ama Guadalupekoak, ahultasunaren lehen zantzuak erakutsi ditu hasiera horretan.
Lehen ziabogan, Donostiarra eta Urdaibai denbora berean atera dira, eta Zierbenak atzetik jarraitu ditu hiru segundora. Gerora Hondarribia, bostera. Bigarren luzean ere, maila berbera erakutsi dute lau ontziek, eta tarteak mantendu egin dira. Bigarren balizan, Donostiarrak bere kaleari ondo eutsi dio, ateratzeko kale ona zuten eta. Urdaibaik ez du amore eman, eta berriro ere parean eutsi dio Donostiarrari. Bitartean, Hondarribia atzean geratzen ari zen, ia hamabost segundora.
Itsasoa zikintzen joan da estropada amaieran, eta denborak errekuperatzeko aukera gutxitzen joan da lau traineruentzako. Urdaibaik festa nahi zuen, eta Donostiarrak hori zapuztu. Baina Urdaibai ez da edozein aurkari, eta Donostiarrak lehen pertsonan jasan du haien erasoa. Azken luzean jo du Bou Bizkaiak, min gehien egiten duen momentuan. Segituan atera dizkio bi segundo Torrekuari. 500 metroren faltan, Urdaibaik bost segundoan ireki du errenta, eta beste liga bat sartu dute zakuan. Garaipena erabakita, bihar bigarren postua zehaztuko da. Hondarribiak ahultasuna erakutsi du, eta Zierbenarekiko zuen hiru puntuko tartea batera murriztu dute.
Lehen txandan, Oriok eraman du garaipena, eta estropadako laugarren ontzia izan da. Hasiera aldapa gora izan zen Jon Salsamendiren arraunlarientzat, baina ligak aurrera egin ahala, emaitza hobeak lortzen joan da. gaur, hasieratik nagusi izan dira haien txandan, eta agian, denboraldian zehar erakutsi zezaketen maila aurkeztu dute. Bigarren Getaria izan da, 12.59 segundora, Hirugarren Cabo 19.38ra, eta laugarren Isuntza 38.90ra.