Etxean ikusitakoaren bidetik

Pilotaren munduan ezaguna da oso Galarza abizena. Bereziki Ladis Galarzak eman zion ospea abizenari, Galarza III.a izan bazen ere. Baraibarko atzelariaren anaia Enrikek —Galarza V.ak— eta Ladis semeak —profesionaletan jokatzen duen pilotariak— osatzen dute Galarza pilotari sendia.

Iñaki Berastegi.
Baraibar
2015eko irailaren 1a
00:00
Entzun
Herri txikietan aisialdirako aukera gutxi egoten dela esan izan da. Herriko plazaz aparte, frontoia izan da Euskal Herriko herri txikietako gazteen jolastoki nagusia tradizionalki; haurrentzako parkeak agertu aurreko garaian, behintzat. Baraibarko herria ez da salbuespena. Eskolatik irten ondoren, zuzenean frontoira joaten ziren herriko gazteenak, esku pilotan jokatzera, bereziki. Ladis Galarzaren (Baraibar, Nafarroa, 1960), Enrike Galarza anaiaren (Baraibar, Nafarroa, 1976) eta Ladis Galarza semearen (Baraibar, Nafarroa, 1990) bigarren etxea izan zen Baraibarko San Miguel pilotalekua, bertan igarotzen baitzituzten eguneko ordu gehienak, euren lehen pilotakadak emanez.

Jokatzeko gogotsu zegoenak Baraibarren oso erraz aurkitzen zituen aurkariak, San Miguel pilotalekuan beti egoten baitzen norbait pilotan jokatzeko prest, zen ordua zela ere: «Etxetik gertu genuen frontoia, eta han pasatzen genituen orduak eta orduak. Herrian ere bazegoen maila onean aritzen zen jendea, eta hori ere bultzada izan zen pilotaren munduan aritu nahi genuen gazteontzat», dio Ladis Galarza aitak.

Ladisen antzera, Enrike anaiari ere —hamasei urte gazteagoa da— aitarengandik heldu zitzaion pilotarako zaletasuna: «Pilotazale amorratua zen gure aita. Askotan eramaten ninduen berekin batera herriko frontoira». Enrikek2 urte zituela egin zuen debuta Ladisek, Galarza III.ak, profesionaletan. Anaia profesionaletan edukitzeak eta etxean zein herrian pilotak hainbesterainoko babesa izateak hauspoa ematen zuela onartu du Enrikek, Galarza V.ak. Aitaren eta osabaren antzeko egoera bizi izan zuen Ladis Galarzak. Baraibarren egiteko ezer gutxi zegoela kontuan hartuta, jo eta su aritzen zen esku pilotan: «Auzokide batekin aritzen nintzen, gehienbat. Aitarekin eta osabarekin aritzeko amorratzen egoten nintzen, eta ahal zutenean joaten ginen batera frontoira».

Baraibarren bizi da egun ere Galarza sendiaren zatirik handiena. Galartza III.a erretegiko jabea da orain Ladis aita: Done Mikel santutegira doan bidearen albo batean dago jatetxea. Galarza III.aren ibilbide profesionaleko oroigarriek inguratzen dute erretegiko atea ireki eta barrura sartzea erabakitzen duen oro; hainbat egunkaritako artikuluak eta titularrak koadroetan sartuta daude, hormetatik zintzilik. 1979an egin zuen debuta Galarza III.ak, Eibarko Astelena pilotalekuan. 80ko eta 90eko hamarkada hasierako pilota munduko irudi nagusietakoa bilakatu zen. Esku pilotaren munduan ikur nagusietako bat zen Galarza III.a, eta erreferentzia bikaina zen anaia Enrikerentzat: «Gazte mailan jokatzen nuenean Ladis jada munduko atzelaririk onena zen. Gauzak nola egin behar ziren ikasteko erreferentzia baino gehiago zela esango nuke».

Familia bateko senide bat baino gehiago profesional izatera iritsi izana da pilotaren historiako ezaugarri bereizgarrietako bat: bengoetxeatarrak, arretxetarrak, atanotarrak, retegitarrak... Abizenak, beraz, pisu handia izan du historikoki. Enrike eta Ladis gaztearentzat, ordea, Galarza abizena ez da inoiz zama izan. Galarza III.ak lortutakoa errepikatzea ia ezinezkoa zela aintzat hartuta, Enrikek bere bidea eraiki nahi zuen pilotaren munduan. Hasieran, ordea, ezin izan zituen saihestu anaiarekiko «konparazio gorrotagarriak»: «Hasi nintzenean, asko eskatzen zidaten; anaia baino hobea izatea nahi zuten. Denbora tarte bat igaro zenean onartu nuen nor nintzen, eta hortik aurrera anaiaren irudia ez zen gehiago zama izan niretzat, zama deitu badaiteke behintzat».

Enrikek aurrelari postuan jokatuta, ordea, zailago suertatu zen konparazioetan hastea. Errazagoa izan da Ladis gaztea aitarekin alderatzea. Izan ere, haren gisan, atzelaria da Galarza III.aren semea ere. Abizenaren zama ondo kudeatu duela uste du gazteak, osabak bere garaian egin bezala: «Noizbehinka entzun ditut gustagarriak ez diren zurrumurruak. Hala ere, ez dut sentitzen aitaren izenaren eta ibilbidearen kargarik».

Aimar Olaizola eta Juan Martinez de Irujo dira gaur egungo pilotaren ikur nagusiak, txapel gehienak irabazteko lehiatzen direnak. Garai bateko Julian Retegi eta Galarza III.aren arteko lehiaren parekoa da eurena. Retegi eta Galarzaren arteko lehia hark 80ko eta 90eko hamarkada hasierako pilota joera markatu zuen. Orotara, hamar final jokatu zituzten elkarren aurka: buruz burukoan, zazpi; lau t'erdiko txapelketan, bi; eta binakakoan, bat. Hamar final horietan, zortzi txapel jantzi zituen Julian Retegik; eta Ladis Galarzak buruz buruko bi txapel lortu zituen. Retegiri irabazi zizkion finaletako egunkari zatiek betetzen dituzte, bereziki, Galartza III.a erretegiko paretak.

Pilotako lehien artean handiena balitz bezala gogoratzen da bien artekoa. Hori dela eta, Ladis aitak ez du zilegi ikusten bi lehia historikoen arteko konparazioa: «Argi daukat Julianekin nuen lehia Aimarrek eta Irujok dutena baino askoz handiagoa izan zela. Pilotaren mundua bi zatitan banatzen zen gure garaian: Retegiren aldekoak eta Galarzaren aldekoak. «Ez zegoen tarteko multzorik». Galarza III.ak bere ibilbide profesionala Julianekin izan duen «errebalida» baten antzekoa izan zela dio; hamasei urte igaro zituzten batera jokatu gabe.

Anaiari begira, sufritzen

Jokatzen duenak baino gehiago sufritzen du begira dagoenak. Enrike Galarzak aitortu du asko sufritu izan duela anaiaren partidekin: «Gogoratzen dut buruz buruko norgehiagoketan gaizki pasatzen nuela; tantoren batean kalera joaten nintzen, lasaitzeko asmoz. Binakakoetan lasaiago egoten nintzen».

Denboraren poderioz, anaia eta semea jokatzen ikusi eta gero batez ere, Galarza III.a jabetu da zenbat sufriarazten zituen senideak bere partidekin: «Semearen partidak ikusten hasi nintzenean ohartu nintzen horretaz. Jokatzen duzunean zure munduan murgilduta zaude». Semeak jokatzen duenean oraindik ere urduri jartzen dela aitortu du; tentsio handia sentitzen du lehietan: senideak kantxan daudenean duten onena ematen ikusi nahi dituzu, baina beti ez da hain erraza izaten». Ikusten ari denak, historiako pilotari handienetako bat izanagatik ere, ezer gutxi egin dezake laguntzeko.

Beste pilotari familia batzuek ez bezala, batera jokatzea ere lortu zuten galarzatarrek. Galarza III.ak profesional izateari utzi behar zionean egin zuen profesionaletarako jauzia Enrikek. Bizpahiru partida jokatu zituzten elkarrekin, eta Enrikerentzat ikaragarria izan zen debuta egin eta berehala anaiarekin jokatzeko aukera izatea: «Ilusio handia egin zidan, profesional izatera heltzeak ez ezik, pilotaren izar nagusietakoa izan denarekin bikotea osatzeak. Oroitzapen kutuna da niretzat». Galarza III.ak ere oso argi gogoratzen du momentu hura: «Ikaragarria zen biak profesional izatera iristea, eta batera jokatzeko aukera izateak ere ilusio ikaragarria egin zidan».

Gazteena, osabari begira

Debuta egin berri zuela bikotea norekin osatu nahi zuen galdetu ziotenean, argi izan zuen Ladis gazteak: «Ilusio handia egingo lidake osabarekin partidaren bat jokatzeak». Bi alditan osatu zuten bikotea Ladis gazteak eta osaba Enrikek. Galarza V.ak ere gogoan du momentu hura: «Anaiarekin jokatu ostean, ilusio handia egiten zidan ilobarekin jokatzeak ere. Afizionatu mailan zebilenean batera entrenatzen ginen noizbehinka, eta azkenean lortu genuen batera jokatzea. Galarza V.aren ibilbidea amaitzera zihoanean bilakatu zen profesional Ladis Galarza. Galarza III.ak Enrikerekin egin bezala, Galarza V.ak Ladis gazteari utzi zion Galarza abizenaren ardura.

Galarza III.a, Galarza V.a eta Ladis Galarza izenekin egin du bidea Baraibarko sendiak pilotaren munduan. Galarza III.ak ongi gogoratzen ditu lehenengo bi galarzatarrak: «Profesionaletara salto egin nuenean, jada, lehian zebiltzan Galarza I.a eta Galarza II.a, Amezketako bi anaiak. Galarza IV.a bietako baten semea zen, ez dut ongi buruan. Enrike izan zen Galarza V.a, eta Xabier Galarza [Lemoa, Bizkaia] Galarza VI.a». Osabak erretiroa hartu baino urtebete lehenago eman zuen jauzia Ladis Galarza gazteak. Soinean eramango zuen izena etxean adostu zuela dio atzelari gazteak: «Aitaren izen berbera dudanez, Galarza VII.a jarri beharrean izena eta abizena jartzea erabaki genuen».

Galarza III.ak 1979an debuta egin zuenetik gaur egun arte iraun du Baraibarko Galarza pilotari sendiaren historiak; Enrikek Ladis handia ordezkatu zuen, eta Ladis Galarza gazteak osabari eman zion erreleboa. Galarzatarren artean gazteenak oraindikbadu ibilbidea egiteko. San Miguel pilotalekuak, oraindik ere, jasoko ditu agian etxeko laugarren pilotari profesional bilaka daitekeen haurraren lehen pilotakadak. Zeinek daki! Galarza VII.a izan liteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.