Donostian lehorreratuko dira gaur Eusko Label eta Euskotren ligak (17:15, ETB1). Lehen asteburua Galizian jokatu ostean, lehen aldiz ariko dira Euskal Herriko uretan. Kontxako badia ezaguna dute bi ligetako hogei traineruek, baina abantailarekin jokatzen dute etxekoek. Donostiarrak antolatzen du gaurko bandera, Fabrika bandera, eta klubaren gizonezko eta emakumezkoen traineruek etxean jokatzen duten motibazioa izango dute. Hain zuzen, motibazio horrek bandera altxatzera eraman ditu azken edizioetan. Itxaso Uzkudunek (Donostia, 1999), eta Iker Imazek (Hernani, Gipuzkoa, 1997) gogoan dute oraindik iaz gertatutakoa. Bi ontziek irabaztea lortu zuten, eta festa biribila izan zen.
Galiziako asteburu gogorretik itzulita, indarberritzeko astia izan dute arraunlariek ligako bigarren asteburuari ekin aurretik. Uzkudunek azaldu du «uste baino atzerago» aritu zirela. «Beste aurkariak oso gogor daudela ikusi dugu, baita gauzak ez badira oso ondo egiten edozein sar daitekeela tartean ere. Hortxe daude Orio eta Tolosaldea, eta zer esanik ez Arraun Lagunak. Galizian bi egunetan laugarren postua egin dugu, eta hori hobetzeko gogoa dugu».
Imazek, ordea, ongi ikusi du bere taldea, «indartsu». «Lehenengo estropadan beti joaten zara zalantzekin, baina taldeak ondo erantzun zuen». Coruñan hirugarren postua lortu zuten, baina Bueun seigarren izan ziren, eta, beraz, bigarren txandan ariko dira gaur. «Hutsegiteak egiten badituzu tartean sar daitezkeen taldeak daude, Bueuko estropadan gertatu zitzaigun moduan. Egun txarra izanez gero, bosgarren, seigarren edo zazpigarren postuan geratzeko arriskua dago. Ohorezko txandan sartzea zaila dago, baita horri eustea ere. Konstanteak izan beharko dugu ohorezko txandan egonkortzeko».
Ez da helburu makala ohorezko txandan egonkortzea, izan ere, hautagai ugari ditu aurten laugarren postuak. Hondarribiak Zierbenarekin eta Bermeorekin borrokatu nahi ditu lehen postuak, eta Orio eta Donostiarrak tartean sartu nahiko dute. Imazek argi du zein den haien helburua, baina badaki zaila izango dutela. «Gure helburua ohorezko txandan aritzea da, eta banderak lortzetik ahalik eta gertuena egotea. Iaz ongi hasi ginen, baina kostatu egin zitzaigun banderen lehian mantentzea; beraz, hori ere lortu nahi dugu».
«Txanda irabaztera irtengo gara, aurreko urtean egin genuen moduan, eta gero ikusiko da gainontzeko traineruek zer egiten duten».
IKER IMAZDonostiarrako arraunlaria
Uzkudun ere ez da ezkutatzen, eta, oraindik ahalik eta ongiena jardun ez badute ere, gorantz begiratu nahi du. «Gure taldea lehengo denboraldiaren antzera dabil, baina hutsak ordaindu egiten dira. Oraindik ez dugu lortu gure maila onena ematea, eta horren bila joango gara». Hark ere aurkarien maila nabarmendu du. «Arraun Lagunak-ek txapelketa guztiak irabazi ditu, eta lehen bi banderak ere haientzat izan dira. Tolosaldeak jauzia egin du, eta lau taldeetatik edozein izan daiteke gai banderak irabazteko».
Liga hasieran jokatzen da Donostiako estropada, eta talde guztiak ez dira sasoirik onenean iristen. Horregatik, baliteke ustekabeak gertatzea eta faborito ez den talde batek altxatzea azkenean bandera. Horrela egin zuen Donostiarrako gizonezkoen traineruak aurreko denboraldian, bigarren txandatik irabazita. Gaur ere bigarren txandan jokatuko dute, eta Imazek esperantza dauka berriro ere garaipena modu berean lortzekoa. «Azken urteetan nahiko ondo eman zaigun eremua da Donostia. Azken lau urteetan hiru aldiz irabazi dugu, eta ilusio berezia pizten digu. Ikusgarria izan zen bi traineruek bandera lortu izana, eta aurten ere horren bila irtengo gara. Txanda irabaztera irtengo gara, aurreko urtean egin genuen moduan, eta gero ikusiko da gainontzeko traineruek zer egiten duten».
«Gure taldea aurreko denboraldiaren antzera dabil, baina hutsak ordaindu egiten dira. Oraindik ez dugu lortu gure mailarik onena ematea, eta horren bila joango gara».
ITXASO UZKUDUNDonostiarrako arraunlaria
Uzkudunek ere badu gogoa aurreko urtekoa berritzeko. «Estropada bakoitza aukera bat da, eta beti goaz irabaztera. Baina etxeko estropadak ilusio berezia pizten digu, eta aurreko urtekoa sekulakoa izan zen. Hori errepikatzeko ahalegin guztiak egingo ditugu, eta, agian, garrantzi berezia izango du etxean jokatzeagatik».
Bihar Zierbenan
Bihar ere bandera garrantzitsua izango dute jokoan: Zierbenakoa (Bizkaia). Ez da eremu gogokoa arraunlarientzat, eta ustekabeak gertatu izan ohi dira. Imazek gogoan dauka nola iaz Donostian irabazi ondoren azken-aurren izan ziren Zierbenan. Erregulartasuna lortu beharko dute asteburu ona osatzeko. «Entrenatzaileak ere esaten digu goian egoteko erregularrak izan behar dugula larunbatetan eta igandeetan. Beste taldeek ez dute barkatzen, eta goiko postuetan finkatzeko ahalik eta ondoena jardun behar dugu asteburuero».
Rufo Urtizbereak zuzentzen duen taldeari ere kosta egin zaio azken urteetan Zierbenako estropadan garaipena lortzea, eta Uzkudunek argi dauka bihar dena eman beharko dutela garaipenetik gertu egoteko. «Iaz ez genuen oso emaitza ona lortu, eta errespetua ematen digun eremua da. Donostiako estropadaren balio berbera du, eta kontzentratuta joango gara dena emateko».