Etxean geratuko da dena

Rossik eta Lorenzok, Yamahako bi pilotuek, txapelketa izango dute jokoan bihar Australian, Stoner faborito dela

unai zubeldia
Donostia
2009ko urriaren 17a
00:00
Entzun
«Badakit lasterketa hau irabazteko aukera daukadala, eta, zergatik ez, baita geratzen diren beste biak irabaztekoa ere». Baina horrela ere ezingo luke irabazi Munduko Txapelketa Casey Stoner australiarrak. Portugalen altxatu zuen burua Ducati etxeko pilotuak, eta etxean hasi nahi du berriz ere gozatzen, bihar goizaldean. Australiako Sari Nagusiari begira egoten da beti australiarra, eta berak irabazi du azken bi urteetan etxean. Datorren sasoiari begira, indarra emango lioke garaipenak, baina aurten ez dauka zereginik. 75 puntu geratzen dira jokoan, eta 80 puntura dauka Valentino Rossi italiarra (Yamaha).

Baina, etxekoak poztuko lituzkeen garaipen hori gorabehera, beste etxe batean, baina Munduko Txapelketa ere etxean geratuko da, Yamaha etxean. Eurena da 2009ko txapelketa, hori argi dago. Baina etxeko kontuak argitzea falta zaie. Denboraldi hasieran Yamahan inor gutxik pentsatuko zuen euren bi pilotuak lehia bizian iritsiko zirenik Australiara. Rossi dago sailkapenaren buruan, baina 18 puntura dauka Jorge Lorenzo balearra. 12 puntu jan zizkion Lorenzok Rossiri Portugalen, eta txapelduna urduritzen hastea lortu du gazteak.

«Txapelketa irabazteko geratzen diren hiru probak irabazi beharko ditut». Hala adierazi du aste honetan Lorenzok, baina berak ere badaki taktika jokoa besterik ez dela hori. Italiarraren hutsik txikienarekin esku-eskura izango luke balearrak txapelketa, oso erregular ari baita azken lasterketetan. Indianapolisen irabazi egin zuen, San Marinon bigarren amaitu zuen proba, eta Portugalen irabazi egin zuen berriz ere. Azken hiru probetan 22 puntu jan dizkio Lorenzok Rossiri, hurrengo hiruretan jan beharko lizkiokeenak baino lau gehiago. Behin egin badu, bigarrenez ere egiteko gai den seinale.

Hori bai, atzera begiratuta, lasai egoteko moduan da Rossi. Australiako azken 12 probetan behin bakarrik geratu da italiarra podiumetik kanpo, eta 2001etik 2005era berak irabazi zuen lasterketa maila nagusian. Egia da azken hiru urteetan ez duela koskarik altuenera igotzeko aukerarik izan, baina atzo lehen entrenamendu saioan erakutsi zuen bete-betean dagoela. Harena izan zen denborarik onena. Stonerrek lortu zuen bigarren denbora, Rossirengandik 0,135 segundora, eta Dani Pedrosa (Honda) sailkatu zen hirugarren, 0,496 segundora. Saio horretan, segundo pasatxora geratu zen Lorenzo.

250 cc-ko proban argixeago daude gauzak, Hiroshi Aoyamak (Honda) 26 puntura baitauka Alvaro Bautista (Aprilia), eta 28ra Marco Simoncelli (Gilera). Hector Barbera (Aprilia) laugarren sailkatuak eta biek soilik lortu dute proba guztietan punturen bat eskuratzea. Hiru lasterketa soilik irabazi ditu, baina, ondo bidean, erregulartasunak emango dio txapelketa.

Simon txapeldun izan daiteke

Gauzak argi 125 cc-ko proban daude. Julian Simon (Aprilia) dago sailkapen buruan, eta 50,5 puntura dauka bigarren sailkatua, Bradley Smith britainiarra (Aprilia). Simonek Australiako proba Smithen aurretik amaituko balu, edo Smithek punturik batuko ez balu, espainiarrak esku-eskura izango luke titulua, Nico Terolen baimenarekin. 61,5 puntura dago une honetan valentziarra, eta 75 puntu besterik ez daude jokoan.

Efren Vazquez (Derbi), berriz, 16. postuan dago une honetan, baina baikor dago bilbotarra. «Podiumerako borrokan sar naiteke. Sinetsita nago». Bosgarren postua da, oraingoz, Vazquezen emaitzarik onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.