Kepa Arrizabalaga

«Etxean» geldituko da

Etorkizunari buruzko zurrumurruak isilarazi, eta atezainak 2025era arte berritu du kontratua Athleticekin. Eskaintza gehiago izan ditu, baina esan du «onena» Bilbon urte askotako kontratua sinatzea zela.

Josu Urrutia Athleticeko presidentea eta Kepa Arrizabalaga, atzo, IbaiganekoJauregian. ATHLETIC.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Ez da joango. Kepa Arrizabalaga, azkenean, Athleticen geldituko da, «etxean». Azken asteetako zarata eta zurrumurru soka luzearen ondoren, atezainak zazpi urterako berritu du akordioa Bilboko taldearekin. Bi aldeek atzo sinatu zuten kontratu berria, 2025era artekoa, 80 milioi euroko etete klausularekin. Atezainak gaur emango ditu azalpenak, eta zaleak gustura entzungo ditu. Hori bai, lasai, harribitxiak San Mameseko zaindari izango baita aurrerantzean ere.

Kepa Arrizabalagaren kasuak ustekabeko amaiera izan du, edo ez hain ustekabekoa, atezainak ez baitzuen hitz erdirik esan bere inguruko zalaparta hasi zenetik. Zarata mediatiko harrigarria izan da, Madrilgo hedabideek piztua eta Euskal Herrikoek hauspotua. Asko izan dira Real Madrilera zihoala argitaratu dutenak, baina inork ezin baieztatu, eta, azkenean, atezainak berak itxi du auzia. «Pentsatu eta ondo hausnartu ondoren, uste dut niretzat onena hemen urte askotarako kontratua sinatzea dela». Kepak Athleticen webguneari egin zizkion adierazpen horiek, eta gaur erantzungo ditu kazetarien galderak.

Hamasei hilabete luzeko negoziazioa izan da. Sokatira hasi zenean atezaina finkatzeke zegoen hasierako hamaikakoan. Kepa, baina, Athleticen etorkizuneko atezaina izatekoa da, eta taldearen lehen eskaintzek ez zuten gogobete. Kepak ekainean bukatuko zuen kontratua, eta, berritu ezean, libre joateko aukera zuen. Erlojupeko negoziazioa izan da. Egoera are gehiago katramilatu zen azaroaren 30ean Madrilgo egunkari batek Real Madrilek atezaina fitxatu nahi zuela zabaldu zuenean. Are gehiago, neguko merkatuan fitxatzeko prest zegoela zioen agerkari berak, hogei milioi euroko klausula ordainduta. Azken bi hilabeteetan, Espainian ale gehien saltzen duen egunkariak lau azal atera ditu Keparen eta Real Madrilen arteko ustezko akordioaz.

Kepak beste eskaintza batzuk jaso dituela onartu zuen atzo, eta, besteak beste, horregatik luzatu da hainbeste afera. «Hilabete asko luzatu den erabakia da, baina ezagutzen nautenek badakite gauzak ondo hausnartu eta pentsatzea gustatzen zaidala. Orain oso pozik nago dena konpondu delako». Hilabete horietako giroa, baina, ez da batere atsegina izan. Negoziazioak zurrumurruz josita egon dira: Athleticek hasieratik Keparen nahiak ez zituela gogobete, Real Madril estutzen ari zela... Madrilgo taldearekin mediku azterketa egin izana ere argitaratu zen. Hori aski ez, eta, egoera okerrenean zegoenean, Kepa lesionatu egin zen oinazpian, eta jokatzeari utzi zion, susmo berria zabalduz: lesioa edo zigorra zen? Bada lesioa omen, Kepa minari buruz ere mintzatu baitzen atzo, eta esan zuen hobera egin duen arren ez dela ausartzen itzultzeko data jartzen.

Azken asteetan hedabideen aurrean irten diren Athleticeko jokalari guztiek eman dute iritzia gaiaren inguruan, baita Zinedine Zidane Real Madrileko entrenatzaileak ere. Egoeraren absurdoak iragan astean jo zuen gaina, Zidanek esan zuenean atezain berririk ez zuela nahi. Badirudi hitz horiek zituen zalantza bakanak argitzen lagundu diotela Kepari, Athleticek eginiko ahalegin ekonomikoak bezala. Athleticeko zuzendaritzak ez zuen soldataren berri eman, baina ziur taldean gehien kobratzen dutenen artean egongo dela. Bide batez, Josu Urrutiaren irudiak ere bultzada jaso du. Kepa aferaren harira askok jarri dute auzitan haren negoziatzaile ahalmena, baina, sasoia hasi zenetik, bi fitxaketa egin ditu, eta bederatzi jokalariri berritu die kontratua, tartean zailenak ziruditen biei: Kepa Arrizabalagari eta Iñaki Williamsi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.