Ondo egin behar zion Realari etxean jokatzeak; ez da hala izan, ordea. Anoetatik kanpo jokatu dituen azken bi partidetan porrot egin ostean —Valentziaren kontra 1-0 galdu zuen aurreko asteburuan; Lazioren kontra 3-1 ostegun honetan—, Getafek txuri-urdinak garaitu ditu bigarren zatian erabaki den partida batean. Realak goibel hasi du partida, eta ordu erdi igaro da Kubok ekimena hartu eta gola sartzeko benetako aukerak sortzen hasi den arte; baina horixe baino ez dira izan jaurtiketak: aukera hutsak. Bigarren zatiaren hasiera bare baten ostean, ekaitza etorri da Realarentzat: gol bat bestearen atzetik sartu du Getafek 72. minututik aurrera, eta beste bat azken minutuetan. Seigarren posturaino igotzeko balioko zuketen hiru puntuak lortzeko aukera ezerezean gelditu da.
Getafek erasokor hasi du partida, eta Millak izan du gola sartzeko lehen aukera, area kanpotik egin duen jaurtiketa kanpora joan zaion arren. Lehen minutuetan, Reala ezinean aritu da aurkariaren zelaian sartzeko. Halako batean, baina, Kubok aurrera egin du markagailua estreinatzeko asmoz; ez du sortu arriskurik Getaferen atean. Apur bat bai, ordea, Solak: indarrez bezain oker eman dio baloiari, nahiz eta Yildrim ez den iritsi errematea ematera. Baloia kanpora.
Getafek agintzen jarraitu du, eta txuri-urdinentzat ez dute urrundu baloia beren atetik; Alguacilen hamaikakoak ez du asmatu baloiaren jabetza hartu eta kontraerasoa egiten. Turrientesek min egin dio Djeneri takoekin, eta txartel horia atera dio epaileak. Aurkariek ere jaso dute beste txartel hori bat: Millak atzetik falta egin dio gogor Zubimendiri.
Lehen ordu erdian galduta aritu den arren, 32. minutuan heldu da Realaren aldeko lehen kornerra: Kuboren tiroak errematea falta izan du, eta Solak zelaitik atera du baloia. Korner ostekoak ez du golik eman. Orduan hasi da Reala aurrera egiten, eta Getafe atzera. Ricoren tiro on bat geratu dute atzelari txuri-urdinek, eta jarraian sortu dute gaurko partidako lehen benetako aukera: Kuboren erdiraketa buruz jo du Oiarzabalek, baina Soria atezainak marraren gainean geratu du baloia, 38. minutuan.
Kubo aritu da jaun eta jabe Realaren erasoetan, eta jokaldia errepikatu du: beste erdiraketa batekin erantzun du, eta oraingoan Zubeldiak eman dio buruarekin. Soriak hatz puntekin desbideratu ahal izan du baloia. Bi minutuko luzapenaren bueltan, beste txartel hori bat Getaferentzat, Yildrimek Pachecori atzetik falta egin eta gero. Azkenerako, markagailua hutsean amaitu da lehen zatia.
Bigarren zatian, Mendes zelairatu du Alguacilek, Turrientesen ordez. Lehen bost minutuetan, beste aldaketa bat gertatu da Realean, Muñozek min hartu baitu aldaka aldean, eta Lopez sartu da zelaira. Eta hirugarren txartel horia Getaferentzat: oraingoan, Aldereterentzat. Realak lehen zatiaren amaierako erasoekin jarraitu du, eta ondo defendatu da Getafe: Gomezek eta Kubok aurrera egin dute, baina atzelariek tinko eutsi diete.
Hortik aurrera, aukera gutxi izan dira: Oiarzabalek aurrera egin du baloiarekin, baina jokoz kanpokoak zapuztu dio jokaldia.
Olasagastik Ricori area barruan egindako faltagatik penaltia agintzea erabaki du epaileak. Ondoren, VAR sistemara jo du, eta zalantzan geratu da. Azkenean, bertan behera utzi du. Beste pare bat aldaketa txuri-urdinen hamaikakoan: Oskarsson eta Barrenetxea sartu dira Oiarzabal eta Gomezen ordez 70. minutuan.
Orduantxe irauli du Getafek partida: Mayoralen jaurtiketa aldendu du Remiro atezainak, Uchek aurrea hartu dio Zubimendiri, eta erremate batekin sartu du norgehiagokako lehen gola. 0-1 Getaferen alde. Jarraian, gola barneratzeko astirik utzi gabe, ezkerretik sartu da Rico, baloia erdiratu dio Perezi, eta hark sartu du bigarren gola.
Tartean, Brais saiatu da aukera bat edo beste aprobetxatzen, Kubo eta Oskarsson ere bai, baina Soriak esku azkarrak izan ditu. Azkenean, Perezek berriro hartu du baloia, eta partidako hirugarren gola sartu du 85. minutuan. Neurketa erabakita geratu da ordurako, eta Realak ezin izan du askorik egin.