Etxean dauka eredurik onena

Athletic salbaziorantz gidatzeko lanean dabil Gaizka Garitano, eta baikor dago haren aita, 'Ondarru'. Antzeko egoera bizi izan zuen duela hamabi urte, eta uste du zuri-gorriek orduko patua izango dutela.

Gaizka Garitano, Lezaman, Athletici zuzendutako entrenamendu batean. JAVIER ZORRILLA / EFE.
enaut agirrebengoa
2018ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Erronka handia du esku artean Gaizka Garitanok: Athletic historiako deskalabrurik handienetik libratzea. Klub zuri-gorria Europako lehiaketei begira egon da azken garaietan, baina, orain, jaitsieraren lehian jardutea dagokio. Borroka hori ez da berria bizkaitarrentzat, beste batzuetan ere egon baitira ataka gaiztoan; hala nola 2005 eta 2007 artean, biurteko beltza esaten dioten aroan. Bi denboraldiz, larri ibili zen Athletic mailari eusteko. 2006-2007ko sasoian, Gaizkaren aitak, Angelek, Ondarru-k, atera zuen zulotik, Jose Manuel Esnal Mane-rekin batera, oraingoaren antz handia duen egoeran. Hortaz, entrenatzaile derioztarra eredu bila badabil, etxean primerakoa dauka.

Angel Garitano Ondarru (Ondarroa, Bizkaia, 1950) hamabigarren jardunaldiaren ostean iritsi zen Athleticera, taldea hemezortzigarren zela, zortzi punturekin. Gaizkak ere postu berean hartu zituen zuri-gorriak, bi partida eta hiru puntu gehiagorekin. Oso parekoak dira bi egoerak. Edonola, Ondarrurentzat zailagoa da egungoa. «Orain, talde guztiek dute dirua, eta, horren ondorioz, igo egin da lehiakortasuna. Maila oso parekoa dute talde askok, eta horregatik, zailagoa izango da behetik ateratzea». Bederen, zuri-gorriak hasi dira lehen urratsak egiten, Gaizkak zuzenduriko lehen bi partidak irabazita. Itxaropentsu mintzo da Ondarru: «Lehenago edo beranduago, Athletic aterako da zulotik. Ez dut zalantzarik».

Eta zeintzuk dira halako ataka batetik onik irteteko gakoak? Bi azpimarratu ditu Ondarruk: «batasuna eta joko praktikoa». «Batasun giroa behar da, eta zelaian, atea hutsean uzteak eduki behar du lehentasuna. Hortik abiatuta, iritsiko dira gauzak». Bada, ematen du Gaizkak ikasia duela aitaren lezioa. Hark zuzenduriko lehen bi partidetan, Athleticek itxura segurua eman du, eta ez diote golik sartu. Ondarruren aburuz, zuri-gorriek Eduardo Berizzorekin baino «oreka handiagoa» daukate orain. «Taldea ziurrago eta sendoagoa ikusi dut bi partida hauetan. Bakoitzak bere tokian jokatu du, eta jokalariek lekua gorde dute, aurkariaren atzetik itsu-itsuan joan gabe. Eta erasoan, min egin dute hegaletatik».

Aitortu duenez, orain «urduriago» ikusiko ditu Athleticen norgehiagokak. Nolanahi, ez dago kezkatuta, erronkari aurre egiteko «prest» ikusten baitu Gaizka. «Lasaitasun apur bat dauka, eta badaki zer den Lehen Mailan aritzea. Gainera, etxea oso ongi ezagutzen du. Badaki nolakoak diren gauzak Lezaman, eta harrobiko jokalariek zer maila duten». Hori gutxi balitz, zenbait ezagun zahar ditu taldean; hala nola Eibarren haren esanetara jokatu zuten Yurik, Capak eta Dani Garciak. «Abantaila da hori, errazagoa baita teknikariaren eta jokalarien artean komunikazio ona egotea».

Athletic odolean darama Gaizkak. Aitaz gain, osaba Ander ere Bilboko taldean aritua da, jokalari moduan. Eta Koldo Agirre eta Juanito Urkizuren senidea ere bada zuri-gorrien teknikari berria. Haiek, Gaizkaren gisara, jokalari eta entrenatzaile izan ziren Athleticen. Nolanahi ere, praktikan, abizenak ezer gutxirako balio ei du. «Animaliekin esaten den moduan, badu pedigria Gaizkak. Baina hori bitxikeria bat besterik ez da. Abizenarekin ez dira partidak irabazten. Kontua da prest dagoela Athleticeko entrenatzaile izateko, eta horrek du garrantzia».

Txarrak izan dira Gaizkak aurrez Espainiako Lehen Mailan prestatzaile moduan izaniko esperientziak. Eibarrekin, ezin izan zuen jaitsiera saihestu 2015ean, eta, bi sasoi geroago, 24 jardunalditan besterik ez zuen iraun Deportivon. Haatik, porrot horiei garrantzia kendu die Ondarruk. «Eibarren sekulako lana egin zuen, amaieran gauzak okertu arren, eta, Deportivon, zuzendaritzak ez zuen pazientziarekin izan berarekin; taldea ez zegoen jaisteko postuetan. Baina halakoak egunero gertatzen dira futbolean. Ez dut uste horiek gogoan izango dituenik orain».

Hauteskundeen zain

Hilaren 27an egingo dituzte Athleticeko presidentetzarako bozak, eta badu ikusmina Ondarruk. Izan ere, zuzendaritza berriak erabakiko du egun behin-behineko teknikaria denaren etorkizuna. Ondarruk ez du iragarri noren alde egingo duen, baina adierazi bi hautagaiak «ongi» ikusten dituela. Haiek limurtzeko, urteko azken bi partidetan Athleticek maila ematea komeni zaio Gaizkari. Datorren astelehenean, Alavesen kontra jokatuko du, Mendizorrotzan. Derbi «orekatua» espero du bi klubetan Maneren laguntzaile izandakoak. «Argitasun txikiko eta bizitasun handiko partida izango da. Alaves egoera dezentez hobean dago, baina azken lehietako orekari eutsita, Athletic gai izango da emaitza on bat lortzeko».

Arabako taldeak garaipen bakarra lortu du azken bost partidetan, baina Ondarruk ez du uste krisian denik; derbira «indar betean» iritsiko dela deritzo. Hori bai, gogorarazi du neguak «oso gogorrak» izaten direla Gasteizen. «Berdeguneak gogortu egiten dira, jokalariek arazoak izaten dituzte... Ez da garai erraza izaten». Gauzak hala, gai izango ote da Alaves amaierara arte Europako postuen lehian egoteko? Baiezkoan dago arabarren bigarren teknikari izandakoa. «Oso gaizki moldatu beharko litzateke bigarren itzulian salbazioa azkar ez lortzeko. Gauzak normal badoaz, Europa ligan sartzeko borrokan egongo da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.