Etxean da Gorka Izagirre

Tourretik itzuli berritan, Ormaiztegiko ziklistak bigarrenez irabazi du Ordiziako Klasikoa, Chavesi aurrea hartuta

Gorka Izagirre Ordiziako Klasikoko helmugan, atzo, garaipena ospatzen. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Etxera itzuli da Gorka Izagirre (Euskaltel-Euskadi), Frantziako Tourrean aritu ondoren. Ondo itzuli ere. Ordiziako Klasikoa irabazi zuen atzo, maldako esprintean Johan Esteban Chaves (Colombia) menderatuta. Ormaiztegiarrak ederki aprobetxatu zuen Tourrean lortutako sasoia, eta etxeko lasterketan besoak jaso zituen bigarrenez. 2010ean lortu zuen lehena, Euskaltel-Euskadin lehen urtea zuela. Taldearen oinarri sendoenetako bat da orain.

89. aldia zuen lasterketak, baina soilik azkeneko seiak jokatu dira egun duen ibilbidearekin. Eta badirudi neurria hartua diola Gorka Izagirrek, seietan bi txapela eraman baititu etxera. Dena den, erruaren zati bat izango du ibilbidea ezagutzeak ere. Beren ohiko entrenamenduetan errepide horiexek igarotzen dituzte Izagirre anaiek. 165,7 kilometro zituzten egiteko, zazpi mendaterekin: bitan igo ziren Altzora, eta bost aldiz Abaltzisketara. Bertan alde egin zuen garaileak, Chavesekin, helmugan kaskoa txapelarekin ordezkatzeko.

Ihesaldian sartzeko erasoekin hasi zen lasterketa, eta Euskal Herriko lasterketetan ohiko bilakatzen ari denez, errusiar batek egin zuen aurrera, Dmitri Sokolovek (Lokosphinx). Kontrolpean izan zuen tropelak, tartea ez baitzen lau minututik gorakoa izan. Atzetik, bost txirrindulariko taldetxo batek jo zuen bere bila, 30. kilometroan: Javier Aramendia (Caja Rural), Roman Osuna (Andalucia), Michael Rodriguez (Colombia), eta Ian McLeod eta Hendrik Kruger (Bonitas). Harrapatu zutenerako, baina, tropela gainean zuten.

Lasterketa une erabakigarrira gerturatzen ari zen, eta orduan ere, errusiarrek nahi izan zuten protagonista izan. Ivan Rovnik (Rusvelo) egin zuen aurrera lehenik, eta Arquimedes Argelies taldekideak gero, elkarlanean aritzeko. Bigarrenak Rovniren mesedetan xahutu zituen geratzen zitzaizkion indar apurrak. Baina ez zen nahikoa izan. Azkar zetorren lasterketa atzetik.

Euskaltel Euskadik eta Andronik gogotik egin zuten lan tropelean, eta azken mendatea hasterako, bertan behera zen ihesaldia. Igoeran argituko zen nor izango ziren garaipenaren lehian. Zerrenda horretan sartzen lehena Chaves bera izan zen. Haren erasoari ez zion inork eutsi Abaltzisketan gora. Haatik, atzetik aurrerako bidea egin zuen Izagirrek, Jeffry Romerorekin (Colombia). Kolonbiarra atzean utzi, eta Chavesekin elkartu zen lasterketa buruan. Hamar kilometro falta zituzten helmugara, eta tarte txikia zuten zortziko talde batekiko.

Mikel Landa, beste bi urterako

Jaitsieran, bere abileziari etekina ateratzeko asmoz aritu zen Andrey Amador (Movistar), baina taldetxoak irentsi zuen berriz. Horrela hurbildu ziren helmugara, buruan bi eta atzekoak gainean. Baina Chavesen eta Izagirreren markaketak soilik ahalbidetu zuen segika zetozenak burura heltzea. Alferrik, ordea. Distantzia eta indarrak neurtuak zituen ormaiztegiarrak, eta ez zuen huts egin azken maldatxoan. Chaves izan zen bigarren, eta Miguel Angel Rubianok (Androni) saritu zuen bere taldearen lana, hirugarren izanda.

Saria jaso zuten besteak Aramendia eta Rovni izan ziren, tarteko helmugak eta mendiko sailkapena irabazita, hurrenez hurren. Mikel Landa, berriz, bere aukerei uko egin, eta gogotik aritu zen lanean, Gorka Izagirreren mesedetan, eta egindako lanaren ordaina jaso zuen. Batetik, garaipena lortu zuen taldekideak, eta bestetik,luzatu egin du Euskaltel-Euskadirekin zuen kontratua. Mungiako txirrindularia beste bi urtez ariko da talde laranjan, 2014ra arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.