Mikel Oiartzabal. Realeko jokalaria

«Etxean bezala nago Realean. Ez dut kexarik»

Duela astebete pasatxo hitz egin zuen BERRIAk Oiartzabalekin, eta Realean oso gustura zegoela zioen. Gerora, joan zen Kepa Chelseara, eta eibartarra Athleticekin nahasita azaldu. Nahiago izan du berriro ez hitz egin. Aurki aska daiteke korapiloa.

Zubieta
2018ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Zubietan pasatu du uda Mikel Oiartzabalek (Eibar, Gipuzkoa, 1997). Atseden hartzeko denborarik gabe, nekatuta, baina «gogotsu» da sasoi berriari ekiteko. Hamar zenbakia eramango du bizkarrean; ez du presiorik nabari, ordea. Gaztea bada ere, beteranoa dirudi hizketan.

Denboraldi-aurrean jokatu beharreko partidak jokatu dituzue, eta asteburuan hasiko duzue Liga. Orain arte egindakoaren zer balantze egiten duzu?

Sasoi-aurre denetan egin izan dugun moduan, sentsazioak hartzeko erabili dugu. Partidetan nahi genukeen moduan lehiatzea zaila izan da, ordea. Fisikoki gogor prestatu garenez, partidetara nekatuta iritsi gara. Azken asteetan lan asko egin dugu, eta hankek pisatu egiten dute. Orain, garrantzitsua entrenamendu onak egitea da, ligako lehen partidara ahalik eta ondoena iristeko.

Lanketa fisikoa gogorra izaten ari da, beraz?

Bai. Talde tekniko berriak, etorri zenean, ikusi zuen hobetzeko tartea bazegoela. Horren ondorioz, sasoiko egon arte estutzen gaituzte. Entrenamendu fisikoak ez ezik, janaria eta elikadura osagarria ere asko ari gara zaintzen.

Hala ere, ligako lehen jardunaldira fresko iritsiko zarete, ezta?

Hori da asmoa. Helburu hori duen plangintza bete dugu. Lehen lau asteetan, gogor egin genuen lan, eta gorputza nekatu genuen. Azken aste honetan, berriz, lan karga apur bat arinduko dugu, Vila-realen aurkako partidara sasoi egokian heltzeko.

Asier Garitanok hartu du aurten aulkiaren ardura. Nabaritu al da haren eskua?

Bai, baina oraindik jokamolde berrira ohitzen ari gara. Izan ere, Asier Garitanok futbola ikusteko beste modu bat ekarri du. Azken bi urteetan, beste modu batera jokatzen genuen, eta hartara geneuzkan ohituta gorputza eta burua. Pixkanaka ari gara estilo berrira egokitzen.

Zer eskatzen dizu zuri?

Orain arte, ez digu pertsonalki ezer zehatzik esan. Denoi gauza bera eskatzen digu: lana. Eguneroko entrenamenduei garrantzi handia ematen die, asteburuetan nork jokatuko duen erabakitzeko. Egunero gogor lan egitea da gakoa. Hamaikakoan sartzea irabazi behar dut, beraz. Taldeko inork ez du hamaikakoan posturik ziurtatuta.

Realeko lehen taldean debuta egin zenuenetik, hiru entrenatzaile izan dituzu: David Moyes, Eusebio Sacristan eta Imanol Alguacil. Zein ezaugarrik bereizten dute Asier Garitano orain artekoetatik?

Garrantzi handia ematen dio defentsako lanari, eta guri ahalik eta gol gutxiena sartzeari. Denok egon behar dugu erne, atzean zuloak ixteko. Iragan denboraldietan, baloiaren kontrol handia nahi izaten genuen; orain, aldiz, estilo zuzenagoa dugu.

Talde teknikoa ere osorik aldatu da. Kirol arloaz gain, arlo psikologikoa lantzeko batu zen taldera Imanol Ibarrondo trebatzailea. Zertan laguntzen dizue?

Batez ere, denboraldi-aurrean, ordu asko pasatzen ditugu Zubietan. Ondo dago, beraz, pertsona bat edukitzea futbolaz edo futbola ez denaz hitz egiteko. Familiarekin eta lagunekin ez dugu nahi adina denbora pasatzen, eta ondo dator entzungo zaituen norbait edukitzea. Edozein futbolarik behar du horrelako laguntza bat, urtean behin bada ere.

Sasoi-aurreko azken zatian soilik joan zarete atzerrira, Alemaniara, hain zuzen. Bidaiarik egin behar ez izanak arindu al du lana?

Azken egunak iritsi arte kanpora joan ez bagara ere, Zubietara etorri gara egunero, goizeko zortzietatik gaueko bederatziak arte. Lagunarteko partidak ere jokatu ditugu, han eta hemen. Ondorioz, nahi baino denbora gutxiago eman dugu gertukoekin. Hala ere, bagenekien horrela izango zela. Hemendik aurrera izango dugu denbora gehixeago.

Xabi Prietok futbola utzi duenez, denboraldi honetan zehar hamar zenbakia zuk eramango duzu soinean. Zuretzat esanahi berezirik ba al du horrek?

Oso polita da Xabiren atzetik, Realeko hamarra ni izatea. Niretzat,eredu bat izan da zelaian nahiz zelaitik kanpo, eta asko irakatsi dit. Pozik nago, beraz, haren dortsalari jarraipena emateaz.

Presiorik sortuko al dizu?

Ez, zenbaki hori zenbaki bat izango da aurrerantzean ere. Zelaian ematen den mailak axola du benetan da. Lana ongi eginik, berdin dio bizkarrean duzun dortsalak.

Prietok ez ezik, Iñigo Martinezek, Carlos Martinezek, Alvaro Odriozolak, Carlos Velak eta Sergio Canalesek ere beste bide bat hartu dute. Nabarituko al da haien hutsunea?

Bai, baina maila sobera dugu denboraldi polit bat egiteko. Alde horretatik, lasai nago. Horietako batzuek urte ugari zeramatzaten Realean, eta ulertzekoa da zerbait berria nahi izatea. Horrez gain, urte batean edo bestean gertatu behar zuen belaunaldi aldaketak, eta aurten izan da. Harrobiko jokalariak ere lehen taldean sartzeko gogoz daude.

Nola ikusten duzu harrobia?

Aurtengo denboraldi-aurrean oso ongi aritu dira zenbait jokalari gazte. Ohikoa den moduan, iritsi diren guztiek dena eman dute entrenamendu eta partidetan. Hori da postu bat lortu ahal izateko modu bakarra. Lotsa eta abar tarteko direla, ez da beti erraza izaten, baina nire taldekideak eta ni laguntzen saiatu gara.

Mikel Merino izan da taldeko berrikuntzetako bat. Zer moduz egokitu da taldera?

Ez du inongo zailtasunik izan. Gogo handiarekin ari da lanean, gainera. Gertukoa da, iruindarra, eta badaki hemen lan nola egiten den. Pertsona gisa ere, mutil ona da, eta ez du batere arazorik izango aurrerantzean ere. Ziur nago berarentzat ere urte ona izango dela.

Zuk 2021era arte duzu kontratua Realarekin. Nola ikusten duzu zure etorkizuna?

Oso lasai nago hemen. Askotan esan dudan bezala, Realean etxean bezala sentitzen naiz. Sartu nintzen lehen egunetik ezin hobeto zaindu naute, eta hori asko eskertzen da. Ez dut inolako kexarik.

Zenbait hedabidek udan zabaldu dute Erroma zu fitxatzen saiatu ote den. Zer du horrek egiatik?

Niri, zuzenean, ez zait ezer iritsi. Agian, asmatu egingo zuten. Berriro diot: hemen oso gustura eta lasai nago. Badakit niri zer lan dagokidan, eta zentratuta nago urte on bat egiteko.

Larunbatean, Vila-realen aurka hasiko duzue Liga. Lehiarako gogoz al zaude?

Oso gogotsu nago. Txapelketaren ilusioarekin pasatu ditugu azken asteotan horrenbeste ordu lanean. Denontzat urte polit bat izango dela espero dut.

Hasiera zaila izango duzue: Vila-real, Leganes eta Eibar etxetik kanpo, eta, jarraian, Anoetan, Bartzelona.

Horrela tokatu da, bai. Hala ere, nik beti diot lehenago ala beranduago denen aurka jokatu behar dela, etxean nahiz kanpoan. Dena eman, eta datorrenari egin behar diogu aurre.

Zer helbururekin ekingo diozue Ligari?

Ez du zentzurik orain helburu finko bat jartzeak. Oraintxe bertan dugun helburua da lehen eta bigarren partidak irabaztea. Gero, gerokoak. Partidaz partida joan, eta egunero egin behar dugu gogor lan. Denborarekin ikusiko dugu zertarako gai garen, eta non egon behar dugun.

Realaren aurkari zuzenak zein talde izatea espero duzu?

Gutxi gorabehera, urteroko taldeen mailan aritzea espero dut. Hor izango dira, Vila Real, Athletic, Celta, Betis... Talde horiekin borrokan ari bagara, seinale ona izango da.

Jarri al diozu helbururik zeure buruari?

Joan den denboraldian egindakoa hobetzeko desioa hor dago beti. Ez nau itsutzen, ordea. Lesiorik ez badut, eta jokoan segida badut, gustura. Garbi dudana da taldea ongi badabil, ni ere antzera ariko naizela.

Bartzelonaren aurkako partidarako prest izango da Anoeta. Ikusi al dituzu lanak?

Barrutik eta kanpotik ikusi dut estadioa. Aldaketa polita da herriarentzat eta taldearentzat. Ilusio handia jarri du presidenteak, eta jokalariok gogo handia dugu han jokatzeko.

Aurtengo Ligako beste berrikuntza bat, VAR sistemaren erabilera izango da. Zein iritzi duzu horren inguruan?

Denoi gustatzen zaigu futbola justua izatea; are gehiago, hartutako erabakiek zuri kalterik egiten ez badizute. Nire ustez, erabaki ona da. Hala ere, oraindik baditu hobetzeko moduko kontuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.