Zale uholdea zirkuituaren inguruan, eta txirrindulari herbeheretarren poza podiumaren gorenean: Herbehereetako ziklo-krosak festa handia izan zuen asteburuan Hoogerheiden jokatutako Munduko Txapelketan. Larunbatean, Fem van Empel ('s-Hertogenbosch, Herbehereak, 2002) nagusitu zen elite mailako emakumezkoen proban, eta egun bat geroago, Mathieu van der Poelek (Kapellen, Flandria, 1995) ginga jarri zion etxekoen erakustaldiari. Bosgarrenez kolkoratu zuen urrezko domina; non-eta aitaren, Adrie van der Poel txirrindulari ohiaren jaioterrian, eta hark diseinatutako zirkuituan. Van Empelek, berriz, lehen aldiz jantzi zuen ostadar maillota, 20 urte eskasekin. Emakumezkoetan, herbeheretarrak izan ziren lehen zortzi sailkatuetatik zazpi.
Garaipena modu arras ezberdinean lortu zuten Van Empelek eta Van der Poelek. Lehena hasi eta buka izan zen nagusi. Alde eduki zuen dena, Puck Pietersek, haren kontrario nagusiak ez bezala. Erori egin zen laugarren itzulian, eta, hortik aurrera, Van Empelek erruz handitu zuen aldea. Helmugan 39 segundo atera zizkion Pieterseri. Lucinda Brand iritsi zen hirugarren, 1.11ra.
Van der Poelek garaipen askoz ere estuagoa lortu zuen, esprintean gailendu baitzitzaion Wout van Aert flandriarrari. Parez pare jardun zuten ordubete baino gehiago, eta herbeheretarrak erritmo aldaketa bortitz batekin apurtu zuen oreka. Beste flandriar batek, Eli Iserbytek, osatu zuen podiuma.
Hamabi segundora helmugaratu zen Iserbyt. Nolanahi ere, kronometroak erakusten duena baino askoz ere handiagoa izan zen bi faborito handien eta gainontzekoen arteko aldea. Hiru minutu baino ez ziren igaro lasterketa hasi zenetik, eta Van der Poel eta Van Aert bakarrik zeuden jada lasterketa buruan. Hortik aurrera, oso lehia taktikoa izan zuten. Zirkuitua oso azkarra zen, eta, indarrak guztiz paretsu egonik, elkarri itsatsita izan ziren lasterketak iraun bitartean (hamar itzuli). Esprintean Van Aertek zirudien faborito, baina asfaltoa zapaldu orduko, Van der Poel tximista bezala abiatu zen. Heldulekuari goitik heldu, bizikleta indarrez astindu, eta ukabila goian zuela igaro zuen helmugako marra.
23 urte ziren herbeheretar batek ez zuela Munduko Txapelketa etxean irabazi. Hartara, ez zen garaipen bat gehiago izan Van der Poelentzat. «Orain arte lorturiko hiru onenen artean sartuko nuke», adierazi zuen lasterketa bukatu berritan. Van Aertekinduen lehiaz ere mintzatu zen. «Denek ezagutzen dute gure ibilbidea: hamar urte daramatzagu lehian. Elkar hobetu eta ziklo-krosa indartu dugu». Bost Munduko Txapelketa irabazi ditu jada, Albert Zweifel suitzarrak, Andre Dufraisse frantziarrak eta Renato Longo italiarrak adina. Soilik Eric De Vlaeminck flandriarra du aurretik, zazpi garaipenekin.
Estreinakoan garaile
Van der Poelek 2015ean irabazi zuen lehen urrezko domina elite mailan, aurreneko parte hartzean. Beste horrenbeste egin zuen larunbatean Van Empelek. Duela bi urte txapeldun izan zen 23 urtez azpikoetan, eta, orain, argi gelditu da gorenera jauzi egiteko prest zegoela. Munduko txapeldun bilakatu aurretik, Munduko Kopako zazpi proba eta sailkapen nagusia irabazi zituen, baita Europako Txapelketa ere. Lehia estua izan du denboraldian Pieterserekin, baina erraz gailendu zitzaion Hoogerheiden. Irteeratik bertatik haize kontra aritu behar izan zuen Pietersek: hanka ez zuen ondo sartu pedalean, eta askok aurreratu zuten. Gero, lortu zuen Van Empel harrapatzea, baina laugarren itzuliko erorketak kondenatu egin zuen. Hurrena podiumean ikusi zuen Van Empel, ortzadar maillota soinean.
Etxean bezala, inon ez
Fem van Empelek eta Mathieu van der Poelek ziklo-kroseko Munduko Txapelketa irabazi dute, etxeko zaleen gozamenerako; aurrenekoz gailendu da Van Empel, eta bosgarrenez Van der Poel.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu