Etxean baino hobeto

Imanol Lopez eta Iñaki Osa Goikoetxea Miamiko zesta-puntako izarrak dira, eta Euskal Herrian daude udako oporretan, urtero legez. Aurten, ordea, partida bakarra jokatu dute. Zesta-puntaren egoeraren erakusle da hori.

Iñaki Osa Goikoetxea eta Imanol Lopez, Zumaiako pilotalekuan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
2013ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Euskal Herrian sortutako kirol bakarra da euskal geografiatik kanpo bertan baino arrakasta handiago duena. Izan ere, AEBetara joan behar izan dute zesta-puntako pilotaririk onenek, Euskal Herrian ia ezinezkoa baita zesta-puntatik bizitzea.

Azken urteetako bi pilotari onenak udako oporretan etorri dira Euskal Herrira. Imanol Lopezek (Zumaia, Gipuzkoa, 1984) eta Iñaki Osa Goikoetxeak (Zumaia, Gipuzkoa, 1980) egunak daramatzate hemen. Urtero legez, udako oporraldiak baliatzen dituzte etxera, Euskal Herrira, etortzeko. Bide batez, hainbat partida jokatu ohi dituzte. Aurten, ordea, partida bakarra jokatu dute. Lopezek aitortu du «azken momentura arte» zain egon direla baina enpresekin ez direla ados jarri. «Pena bat da denentzat: familiarentzat, lagunentzat, jarraitzaileentzat, eta, oro har, zesta-punta maite dutenentzat».

Zesta-puntako Euskal Herriko kontseilua harremanetan jarri zenerako «beranduegi» zen, Goikoetxeak azaldu duenez. «Jai-Alive enpresa ere ez da harremanetan jarri ere egin gurekin, eta Iparraldekoek partiden bat antolatu nahi zuten, baina oso epe laburrean eta partida gutxi, eta ez ginen ados jarri». Gauzak horrela, oporraldi lasaia igaroko dute bi pilotariek. «Hurrengo urtera begira espero dugu zerbait berria antolatzea. Zirkuitu moduko bat antola daiteke, teniseko ATP moduko bat», dio Lopezek.

Pilotaren egoera ez da ona, eta zesta-puntarena, zehazki, kezkagarria zinez. «Ez dago azpiegitura sendorik. Niri gustatuko litzaidake urte guztian jokatzea partidak, ez soilik udan. ATP moduan joka daiteke, urte osoan, eta, horrela, pilotari guztiek edukiko lukete jokatzeko aukera. Ez orain arte bezala, batzuk bakarrik izan dugu hemen jokatzeko zortea. AEBetan pilotari on asko daude, eta hemen dauden jarraitzaile eta pilotalekuekin zirkuitu polita egingo litzateke».

Goikoetxeak ere egoera «aldatu» behar dela dio. «Bestela, hemendik hamar urtera zesta-punta desagertu egingo da». Amorrua eta etsipena antzematen dira haren hitzetan. «Aurten inoizko egoera larrienean dagoela ohartu naiz. Enpresek beren zilborrari soilik begiratzen diote, ez dute zesta-puntaren alde egiten». «Bai, egia da», gaineratu du Lopezek. «Zesta-punta hemengoa da, gure tradizioaren parte da, eta egoera urtetik urtera larriagoa da. Egoera ekonomikoak ez du batere laguntzen, gainera».

«Antolamendu falta» dagoela diote, batez ere Hego Euskal Herrian. «Iparraldean egiten dituzten jaialdietan pilotalekua lepo betetzen da. Jendea bideratzen dute, eta turismoa ere erakartzen dute», azpimarratu du Lopezek. Azkenean, kaltetuak pilotariak, zaleak eta zesta-punta bera dira. «Urte osoan egon gara gogor lanean, eta udako oporretan dugu soilik aukera hemen jokatzeko. Iritsi da momentua, eta jokatzeko aukerarik gabe gelditu gara. Hori da tristea. Ni hemengoa naiz, eta hemen jokatzea berezia da niretzat».

Euskal Herrian zesta-puntaren egoera txarra bada ere, AEBetan egoera bestelakoa da. Partidak egunero jokatzen dituzte Miamin, ordu bata eta laurak bitartean, larunbatean izan ezik. Kinieletan aritzen dira. «Joko erasokorragoa da, eta laburragoak dira tantoak. Hemen, konstantzia da balio duena», dio Goikoetxeak.

Kinielen jokamoldea apusturako egokiagoa da, eta hori da interesatzen zaiena han. «AEBetan, zesta-punta apustuarekin erabat lotuta dago. Garrantzitsuena apustuak dira. Ez dira zesta-puntaren jarraitzaileak. Pentsa, pilotaleku alboan pokerrean jokatzen dute, txanpon makinetan...», nabarmendu du Lopezek. Goikoetxea ere bat dator: «Hemen, berriz, ikustera eta gozatzera etortzen da jendea. Zaletasuna dago».

Esperientzia «aberasgarria»

Miamin pilotari baten bizitza ez da Euskal Herrian bezalakoa, ia egunero jokatzen baitute. «Hiru ordu inguru aritzen gara, bazkalostean. Ondoren, gimnasiora joaten gara». Behin pilotalekutik kanpo, «hamaika aukera» daude. «Kontzertuak, beisbola, futbol amerikarra, saskibaloia... Gainera, eguraldi ona egiten du, eta egunak asko luzatzen dira», dio Lopezek. «Hango bizimodua asko atsegin dut. Oso esperientzia polita izaten ari da». Goikoetxeari Miamira joateko aukera iritsi zitzaionean, ez joateko esan zioten ingurukoek. «Eta begira. Sei hilabeterako proba bat egitera joan nintzen, eta hamasei urte daramatzat. Aukera duenari esperientzia bizitzea gomendatuko nioke».

Euskaldun asko daude AEBetan, eta zesta-puntan aritzen direnak ez dira gutxi. «Azkenean, gehienbat haiekin duzu harremana», esan du Goikoetxeak. Lopez Danian ere jokatutakoa da. «Herri txikia da, eta han pilotariek erraztasun handiagoa dute elkarrekin ibiltzeko. Miamin, berriz, distantziak oso luzeak dira, ibilgailu asko dago, pilotariek urte asko daramatzate, bakoitzak bere familia du, eta ez da hain erraza».

Lopezek bederatzi urte daramatza Jai Alai enpresarekin, eta Goikoetxeak, hamabi. «Urte guztian jokatzeko aukera ematen digu, eta baldintza onetan».

Bi aste eskas falta zaie denboraldia hasteko. «Oraindik urte asko gelditzen zaizkigu», aitortu dute. Iritsiko zaie, ordea, zesta uzteko garaia, eta, horrekin batera, erabaki garrantzitsu bat hartzeko momentua: Euskal Herrira itzuli, edo han gelditu. «Ez dakit zer egingo dudan. Oraina bizi behar da. Hemengoa naiz, baina han ongi nago», dio Lopezek. «Noski, asmoa dut itzultzeko», esan du Goikoetxeak. «Baina goiz da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.