Etxea bete herrimin

Taldekide asko bezala, elkarrekin bizi dira Manuela Pizzo, Renata Arruda eta Mariane Fernandes Bera Berako jokalariak. «Nola edo hala» daramate konfinamendua. «Irrikan» daude denboraldia amaitu eta jaioterrira itzultzeko.

Manuela Pizzo, Renata Arruda eta Mariane Fernandes Bera Berako jokalariak, etxeko egongelan. MANUELA PIZZO.
Julen Etxeberria.
2020ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Etxean daude kirolariak, fundamentuz entrenatu ezinik. Baina aldeak daude haien artean. «Futbolariak euren lorategi handietan entrena daitezke, baina gure jokalarientzat askoz zailagoa da kirol jardueraren bat egitea. Hiru bizi dira elkarrekin 70 metro koadroko pisu batean». Tati Garmendia Bera Berako kirol zuzendariarena da aitormena.

Badaki zertaz ari den. Donostiako eskubaloi taldean oso ohikoa da jokalari bat baino gehiago pisu berean bizitzea. Klubak hiru etxebizitzaren alokairua ordaintzen du, irizpide zehatz bat jarrita: hiru jokalarik bizi behar dute hiru logelako etxean. Bidebieta auzoan daude hiru pisuak. Ez da kasualitatea. Bertako kiroldegian entrenatzen da Bera Bera, baita jokatu ere.

Gaur-gaurkoz, beteta daude hiru etxebizitzak: Silvia Arderius, Eli Cesareo eta Maria Prieto O'Mullony bizi dira batean; Sara Gil de la Vega, Nekane Teres eta Emma Boada beste batean; eta Renata Arruda (Recife, Brasil, 1999), Manuela Pizzo (Buenos Aires, 1991) eta Mariane Fernandes (Niteroi, Brasil, 1996) beste batean.

«Nola edo hala ari gara moldatzen. Hasieran, kosta egin zitzaigun egoera barneratzea, baina jada ia hiru aste pasatu dira, eta ohitzen ari gara», azaldu du Pizzok. «Ondo moldatzen gara elkarrekin, eta giro ona dugu. Baina, egia esan, gure kasa goaz», zehaztu du Arrudak. «Gutxitan egoten gara elkarrekin. Bakoitzak ordutegi bat du», laburbildu du Fernandesek.

Bakoitzaren ordutegiez galdetuta, ezin izan diote barreari eutsi. Ohetik altxatzeko dituzten «arazoak» daude barre horien atzean. Pizzo hasi da. Bera da lehena altxatzen. «Ikasten ari naiz, eta saiatzen naiz goiz altxatzen. Saiatu bai, baina ez dut lortzen. Zortzietan jartzen dut iratzargailua, baina beti gelditzen dut, eta hamarretan jaiki». Askoz geroago jartzen du aurreneko oina lurrean Arrudak. «Hamabietan». Fernandesen txanda iritsi aurretik, barrez hasi dira pisukideak. Laster jakin da arrazoia. «Nekez altxatzen naiz hirurak baino lehen». Lasai geratu da hori esanda, pisukideen algararako.

Antolaketa hobea dute etxeko lanak egiteko. Adibidez, erosketak egiteko. «Saiatzen gara astean behin bakarrik jaisten kalera, badaezpada. Horregatik, erosketa egiten duenak guztien eskaerak hartzen ditu kontuan», kontatu du Pizzok. Sare herritarrak jarri dira martxan hainbat tokitan, eta haiek ere antzeko zerbait egiten saiatu dira. «Adineko dezente daude gure etxebizitzan, eta, haiei laguntzeko, kartel bat jarri genuen atarian, geure burua eskainiz norbaitek erosketak ezin bazituen egin. Baina, oraingoz, inork ez digu laguntzarik eskatu», azaldu du Arrudak.

Etxekoen beharra

Goizeko hala moduzko antolaketa kontuan hartuta, arratsaldean egin behar dituzte prestatzaileak bidalitako ariketak. Manteo kiroldegitik ekarritako gailuak dituzte horretarako: pisu batzuk eta bizikleta estatiko bat, besteak beste. «Erreleboka aritzen gara bizikletan. Baina ez uste hiru ordu eta erdiz aritzen garenik. Astuna da. Guri eskubaloian jokatzea gustatzen zaigu», esan du Arrudak.

Nabari dute baloiaren falta, duela hilabete jokatu baitzuten azken partida. Lehiaketa eten zenean, lider sendoa zen Bera Bera, Elx bigarren sailkatuak baino lau puntu gehiagorekin. Sei jardunaldi falta dira jokatzeko, eta ikusteko dago Espainiako Federazioak zer egingo duen. Hiru aukera ditu: bata, egoerak hobera egiten badu, denboraldia luzatu, eta liga osoa jokatu; bestea, sasoia bertan behera utzi, eta Bera Bera izendatu txapeldun; edo hirugarrena, denboraldia amaitu, baina txapeldunik gabe. Hirurek argi dute zer nahi duten: «Sasoia bukatutzat eman dezala». «Eta gu txapeldun baldin bagara, askoz hobeto», bota du Pizzok. «Baina ziur beste taldeek ez dutela nahiko», erantsi du Arrudak.

Etxera itzuli nahi dute, «ahal den azkarren». Klubak jada aurkeztu die enplegua aldi baterako erregulatzeko espedientea, baina «lasai» daude, agindu dietelako zer gerta ere kobratu beharreko guztia jasoko dutela.

«Kezkatuta» daude ikusirik nola ari den okertzen egoera euren jaioterrietan. «Argentinan, gero eta okerragoa da egoera. Familia ondo dago, baina haiekin egon nahi dut. Desiratzen nago aukera dagoenean hegazkin bat hartu eta hara itzultzeko», esan du Pizzok. «Guk ez dugu gure familia etxe ondoan, edo bospasei ordura. Eta zaila da distantzia hori eramaten egoera zail honetan», dio Fernandesek. Hark esandakoarekin bat egin dute pisukideek. Hirurei bukatuko zaie kontratua sasoiaren amaieran, eta «triste» dira Donostiako egonaldia hala amaitzeagatik. Udan pentsatuko dute zer egin, etxekoen babesean. «Haien beharra dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.