«Ez da oso zintzoa datuak erabili beharrean, aipamenetan edo iritzietan oinarritutako argumentu subjektiboekin inor deskalifikatzea». Aitor Etxaburuk, Bera Berako entrenatzaile ohiak, gogor erantzun zion atzo Tati Garmendia kirol arduradunari. «Bera Berak eskubide osoa dauka entrenatzailea aldatzeko, eta erabakia errespetatu beharra daukat». Hitz horiekin hasi zuen komunikabideetara bidalitako oharra. «Zuzendaritzak eta nik oso ikuspuntu desberdinak eduki ditugu lanari, prestaketari, dinamikari eta taldeari dagokionez».
Erabakiaz haratago, ordea, azalpenek mindu dute Etxaburu. Herenegungo prentsaurrekoan, «proiektuan inplikatu ez izana» leporatu zion Garmendiak ordura arteko entrenatzaileari. «Baina niretzat ez ikusiarena ez egitea da inplikazioa; hamabost egunetik behin egiten ari garen lana aztertzea, eta hala behar izanez gero, zuzentzea; proiektuak eta etorkizuneko ekinbideak zehaztea; harrobiarekin lan egiteko plana osatzea...». Urrian eta abenduan «arazoen diagnosia» aurkeztu zuela gaineratu du eibartarrak. «Baina klubak ez du izan inplikazio maila berbera».
Abendutik aurrera harrobiaren aldeko lana alboratu izana ere leporatu zion Garmendiak Etxabururi. «Baina nireak izan dira mahai gainean jarritako plan bakarrak. Euren proposamenen zain nago oraindik». Zuzendaritzak proiektuaz hitz egiten duela beti, baina berak proiekturik ez duela ikusi ere azaldu du eibartarrak. «Hobeto ezagutzen ditut Zarautzen kirol eta gizarte proiektuak Bera Berarenak baino. Ez dut esan nahi ez daudenik, baina lehen taldearen proiektua soilik aurkeztu zidaten niri, eta horretan inplikatu naiz».
Etxaburu: «Niretzat, ez ikusiarena ez egitea da inplikazioa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu