Etsipenetik poztasunera

Helena Barrenetxeak berak idatzitako olerki bat eman zion Durangoko alkateari 2021eko urrian; frontoi duin bat eskatu zion. Urte eta erdi eskasera, eraberritu egin dute. Hark egin zuen lehen sakea, eta han ariko da orain Winter Seriesetan.

Helena Barrenetxea, Winter Series txapelketako elastikoarekin, atzo, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. ERAMAN JAI ALAI.
Julen Etxeberria.
2023ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Itxura penagarria zuen; bazirudien jausi egingo zela, eta, neguan, itoginengatik, igerilekua zirudien». Halaxe azaldu du Helena Barrenetxeak (Durango, Bizkaia, 2007) nola zegoen Durangoko Ezkurdi pilotalekua duela urte eta erdi eskas. Baldintza «oso txarretan» aritu beharra zuten, eta horrek «amorrarazi» egiten zuen Barrenetxea.

Etsipenak goia jo zuen zesta-puntako eskolan entseatu ezinda geratu ziren egun batean. Etxera iritsi, eta «barruak husteko beharra» sentitu zuen. Paper bat hartu, eta olerki bat idatzi zuen: zesta-puntarengatik eta herriko zesta-punta eskolarengatik sentitzen duen maitasunaz, eta frontoi duin baten beharraz idatzi zuen. «Asko gustatzen zait idaztea», aitortu du. Baita bikain moldatu ere: Julene Azpeitia herriko literatur saria irabazi zuen duela bi urte.

Olerkia idatzi, eta amari erakutsi zion. Alabak idatzitakoak barruak mugiarazi zizkion. «Esan zidan idatzitakoa alkateari eman behar niola, baina, horretarako, ondo aurkeztu behar genuela». Esan eta egin. Egunik aproposena ere topatu zuten: sanfaustoetan, herriko festetan, jokatzen den txapelketaren finalaren egunean, 2021eko urriaren 16an.

Eguna iritsi zen, eta han azaldu zen Ima Garrastatxu alkatea Ezkurdi frontoira. «Amak eraman zuen gutuna, eta alkateari emateko esan zidan. Hasieran, ez nintzen ausartu, lotsa handia ematen zidalako. Baina, azkenean, alkatearengana hurbildu, eta gutuna eman nion; barruan zegoen olerkia. Harrituta geratu zen. Nik segituan alde egin nuen, lotsa-lotsa eginda. Baina amak esan zidan alkateak gutuna ireki, olerkia irakurtzen hasi, eta negarrez hasi zela». Handik gutxira etorri zen berri ona: Udalak frontoia berrituko zuen. «Sekulako poza hartu genuen. Pentsatu nuen, agian, nire eskutitzak eragina izan zuela».

2022ko apirilean hasi zituzten lanak, eta hamar hilabete pasatuta amaitu. Frontoi berria inauguratzeko bi jaialdi antolatu zituzten: lehena, zesta-puntakoa, urtarrilaren 27an. Barrenetxea ariko zen, eta aurkezpenera gonbidatu zuten. Hura amaitu eta berehala, Garrastatxuk olerkiaren istorioaren berri eman zuen sare sozialetan. «Harro eta pozik» azaldu zen 13 urte eskasekin olerkia idatzi zion neska hura zuriz jantzita ikusteaz. «Zesta-puntako jokalaririk onenetakoa izango da; ziur nago», idatzi zuen. «Sekulako ilusioa piztu zidan hori irakurtzeak», aitortu du Barrenetxeak.

Gero eta gazte gehiago

Hori gutxi ez, eta zoriz, inaugurazioko lehen sakea egitea egokitu zitzaion. Ez du ahaztuko. «Oso urduri nengoen. Frontoia beteta zegoen [650 ikusle], eta aurkezpenean nire izena esan, eta jendea zutik jarri zen txaloka. Hori gutxi ez, eta txapa jaurti, eta gorri atera zen: nik egingo nuen lehen sakea. Etxean hitz egin genuen gerta zitekeela, eta polita litzatekeela. Bada, halaxe izan zen. Betiko geratuko da hori, eta pozgarria da. Halere, garrantzitsuena izan zen frontoia bete egin zela, eta erakutsi genuela neskek ondo joka dezakegula zesta-puntan, eta ikuskizun polita eman».

Helburu bera dute Winter Series txapelketan. Lehen aldiz ariko dira emakumezkoak. Hurrengo hiru astelehenetan jokatuko dute, Ezkurdin, 19:30ean hasita—ETB1k 22:30ean emango ditu partidak—. Datorren astelehenean lehen finalerdia jokatuko dute Maite Ortiz de Mendibilek eta Maialen Aldazabalek Ihart Araskitainen eta Frida Watkinsen aurka; martxoaren 6an, berriz, Erika Mugartegi eta Arai Lejardi ariko dira Barrenetxearen eta Eneritz Lizardiren kontra. Bi finalerdietako irabazleek finala jokatuko dute martxoaren 13an. Aldi berean, buruz buru ariko dira Imanol Lopez, Xabi Barandika, Aritz Erkiaga eta Johan Sorozabal.

«Prest» daude Barrenetxea eta beste zazpi puntistak. Baita «urduri» ere, eta are gehiago bera, «etxekoa» izanda. «Lehen txapelketa garrantzitsua da. Oso pozik gaude. Zesta-punta oihartzuna izaten ari da, eta emakumeoi beste aukera bat eman digute. ETB zestari laguntzen ari da, eta pozgarria da guri ere laguntzea; aurrerapausoa da».

Zalantza dute ea zenbat jende joango den frontoira. «Lehen aldiz egingo da halako zerbait Durangon, eta hau ez da Gernika. Ea ondo ateratzen den. Mugimendua badago. Uste dugu jendea animatuko dela. Aldeak alde, maila polita dugu puntista guztiok. Ikuskizun polita eman dezakegu».

Itxaropena du txapelketak balio izatea neska gehiago animatzeko. «Hamabost bat ari gara jokatzen, baina beste askok entseatu bakarrik egiten dute. Atzetik gazteak datoz, gero eta gehiago. Horrek indarra ematen digu».

OLERKIA
Helena Barrenetxea Fernandez

Zuentzat, niretzat
2021-04-24

Zuentzat kirol bat, niretzat
[pasioa
Zuentzat kultura, niretzat poza
Zuentzat frontoia, niretzat
[bigarren etxea
Zuentzat bikotea, niretzat laguna
Zuentzat pilota, niretzat indarra
Zuentzat txuria, niretzat
[elegantzia
Zuentzat zesta eskola, niretzat
[bigarren familia
Zuentzat zesta, niretzat lagunik
[onena
Zuentzat 30 tanto, niretzat
[izerdia
Zuentzat hilda dago, niretzat
[bizipoza

Ez da erraza horrelako frontoi
[bat aurkitzea,
historia izugarriduna, orain
[zoritxarrez ahaztua
Ez da erraza horrelako eskola bat
[aurkitzea,
profesionalak izandako
[irakasleduna
Ez da erraza horrelako jendea
[aurkitzea
egun batetik bestera zure familia
[bihurtzen dena
Ez da erraza horrelako entsaio
[bat aurkitzea,
poz eta barre artean jokatuaz
[disfrutatzekoa

Durango Zesta-Punta Eskola, ez da erraza horrelako besterik aurkitzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.