Eurokopako multzoen fasea bukatu ondoren, ondorioztatu daiteke faboritoek ez dituztela aurreikuspenak bete. Ingalaterra da zalantza gehien sortu duena. Gareth Southgateren taldea zurrun eta astun aritu da oraingoz. Ingalaterra Premier Leagueren herentzia pairatzen ari da, trantsizioek gobernatutako lehiaketa baita. Ez du baloiaren zirkulazioa arintzen duen antolatzaile profilik, eta, hala ere, eraso posizional luzeak sortzen tematuta dago. Jokaldiak azkartzeko eta amaitzeko jokalari ugari dituen arren —Bellingham eta Saka, besteak beste—, pase guztiak oinetara doaz. Baloirik gabe hiperaktiboegia den Eslovakia izango du aurkari final-zortzirenetan. Ingelesek sentsazioak berreskuratzeko aukera ona dute.
Partidarik onena
Frantziak Ingalaterraren datu berak ditu: bi gol baino ez ditu sartu hiru partidatan. Erronka handia izango du Belgikaren aurka. Belgikarrek emaitzak baino sentsazio hobeak utzi dituzte. Bi erronka nagusi planteatuko dizkiote Frantziari: batetik, zelaiko eremu guztietan buruz buru egingo duten presio oldarkorra; eta, bestetik, bere kontraeraso indartsua. Didier Deschampsen taldea ahula da atzera egiten duenean; bereziki sufritzen du erasoan oso aurrera egitera behartuta dagoen Theo Hernandezen hegalaren bizkarrean. Frantziaren eta Belgikaren artekoa da, ustez, final-zortzirenetako kanporaketarik mamitsuena.
Protagonismoa hegaletan
Portugalek ere ez du konbentzitu. Roberto Martinezek Leao bezalako jokalari desorekatzaileak sustatu nahi ditu. Horretarako, defentsaren hegaletan gora egiten duten Cancelo eta Dalot barrutik kokatzen ditu, aurkariaren erdiko atzelaria finkatzeko, eta buruz burukoak sortu asmoz. Baina desoreka sor dezaketen desmarkeen faltak erronka erraza bihurtzen du Portugal, bere areatik gertu bizitzera ohituta dauden selekzioentzat. Esloveniak izango du aurrean, eta hark rol erreaktiboa izango du; Georgiak Espainiarekin izango duen bera. Biak diziplina handiko taldeak dira. Kontraerasoan ateratzen saiatuko dira bere aurrelari bikotearen bidez. Ikusteko dago ea Mamardaxvilik txapelketaren heroia izaten jarraitzen duen.
Ezustekoak
Austriak eta Suitzak maila handiko jokoa erakutsi dute. Oso ezberdinak izanik, biak oreka handiko taldeak dira: oldarkorrak dira baloirik gabe, baina ez diote uko egiten pilotaren bidez aurkaria mendean hartzeari. Suitzaren bizkarrezurra den Akanji-Xhaka-Ndoye hirukotea Eurokopako fidagarrienetako bat izan da orain arte. Italiaren aurka, Ndoyeren mugimenduak funtsezkoak izango dira, italiarrek alboetan sufritzen baitute. Austriak, berriz, aukera asko ditu Turkiari irabazteko, turkiarrak oso ahul aritu baitira defentsan.