Aurreko denboraldi txarraren ondoren, sasoi berria ilusio handiz hasi zuten Baskoniaren zaleek. Zuzendaritzak Pablo Laso izendatu zuen entrenatzaile. Teknikari gasteiztarrak sei ACB liga eta bi Euroliga irabazi zituen Real Madrilen. Hala ere, sasoia etsigarria izaten ari da beste behin. Baskonia hamargarrena da ACB ligan, eta, hamalaugarrena Euroligan. Gainera, ez da Espainiako Koparako sailkatu bigarren urtez jarraian.
IRREGULARTASUNA
Hiru partida jarraian irabazi ezinik
Denboraldia oso irregularra ari da izaten Baskoniarentzat. 21 neurketa irabazi ditu, eta 25 galdu. Partida bikainak partida oso txarrekin tartekatu ditu: Euroligan Bartzelonari 88-86 garaitu eta gero, ligan Unicajaren aurka galdu zuten 21 puntuko tartearekin; Real Madrili Euroligan irabazi ostean, Asvel Lyon-Villeurbanen aurka galdu zuen… Izan ere, hurrengo neurketan Partizan garaituko balute Serbian, arabarrek lehen aldiz irabaziko lituzkete hiru partida jarraian denboraldi honetan.
Emaitza txarrak direla eta, Baskonia Espainiako Kopatik kanpo geratu da bigarren urtez jarraian, ez baitago ACB ligako sailkapeneko lehen zortzi postuetan. Ez da berria zaleentzat, azken sei urteetan Gasteizko taldea bi aldiz bakarrik sailkatu da eta.
MARKUS HOWARD
Ez da betikoa
Baskoniako jokalariak ez dabiltza oso fin, baina haien artean apalen Markus Howard jokalaria dabil. Gasteizko taldearen jokalaririk garrantzitsuena izan zen azken bi sasoietan, eta Baskoniak 2028ra arte berritu zion kontratua estatubatuarrari iazko maiatzean. Baina Howardi zaila egiten ari zaio Lasoren rol berrira egokitzea, eta ez dabil beste urteetan bezain fin saskiratzeetan.
Orain arte, estatubatuarrak 13,2 puntu lortu ditu batez beste, aurreko denboraldian baino sei gutxiago. Horrez gain, ez da hain eraginkorra izaten ari saskiratzeetan: hiruko saskiratzeen %35 sartu ditu; aurreko sasoian, berriz, %41 sartu zituen. Baina desberdintasuna handiagoa da bi puntuko saskiratzeetan: aurreko denboraldian %49,6 sartu zituen; eta, sasoi honetan, berriz, %33,9. Hori gutxi ez, eta defentsan ere gaizki ari da.
DEFENTSA
Gaizki ari dira
Pablo Lasoren taldearen beste arazoetako bat gaizki ari dela defentsan. Jokalariek deskonexio gehiegi izan dituzte, eta partidan sartzea asko kostatzen zaie. Horren erakusle da Baskoniak ez zuela lehen laurden bat irabazi bederatzigarren norgehiagoka jokatu arte; Alba Berlinen aurkakoa, hain zuzen. Bestalde, neurketa bukaeretan ere gasteiztarrak ez dira ongi aritu, eta hainbat neurketa galdu dituzte azken minutuetan gaizki defenditzeagatik.
Gainera, gasteiztarrek porrot mingarriak jaso dituzte denboraldi honetan, batez ere ACB ligan. Aurkari zuzenek Lasoren taldea erraz irabaztea lortu dute; esaterako, Unicajak 94-73 irabazi zion, eta Valentziak 116 puntu sartu zizkion Buesa Arenan. Horrez gain, ACB ligako hamazazpigarren sailkatuak, Gironak, 96-67 irabazi zion.
LESIOAK
Min hartutako asko
Lesioek ere baldintzatu dute Baskoniaren denboraldia, eta fitxaketa berriei taldean egokitzea zaildu die. Esaterako, Timothee Luwawu-Cabarrotek ondo hasi zuen denboraldia, baina hainbat lesio izan ditu. Tadas Sedekerskisek aduktorean hartu zuen min. Chima Moneke eta Nikos Rogkavopoulosekin batera hobeto ibili diren jokalariak izaten ari dira.
Gainera, fitxaketak ez dira ondo egokitu, eta orain arte ez dute haiengandik espero zena eman. Bi base berriek, Trent Forrestek eta Jamal Baldwinek, lehen aldiz jokatu dute ACB ligan eta Euroligan, eta kostatzen ari zaie bi lehiaketa horietara egokitzea. Ognjen Jaramazek ere ez du asko jokatu, eta Luka Samanic eta Donta Hall ere uste baino gutxiago ari dira ematen.
HELBURUAK
Kanporaketak eta bigarren aukera
Nahiz eta denboraldiko lehen zatian emaitzak ez izan espero zirenak, Baskoniak denbora dauka oraindik sasoiari irauli bat emateko. ACB ligan lehen zortzi postuetan geratzea du helburu nagusia, kanporaketetarako sailkatzeko. Iaz ez ziren sailkatu, eta ez dute nahi kanpoan geratu berriz ere.
Euroligan, ordea, erronka zailagoa du. Gasteiztarrak bigarren aukeran sartzen saiatuko dira, hau da, final-laurdenak baino lehen dauden kanporaketetan. Horretarako, gutxienez hamargarren postuan bukatu beharko dute. Zortzi partida falta dira liga amaitzeko, eta Lasoren taldea hamalaugarrena da.