Asperen jaialdietan ageri ez dela bost hilabete gertu ditu Aitor Zubietak (Etxarri-Aranatz, Nafarroa, 1984). Uztailaren 18an jokatu zuen azken partida, eta geroztik kalbario batean sarturik dago. Bi arrazoirengatik utzi zituen kantxak: eskuak gaizki izan eta eskuin belaunean oinazeak zituelako. «Belauneko minek eragiten zidaten eskuetako mina». Medikuz mediku dabil ordutik belauneko arazoak gainditu nahian, «lur jota ere egon izan naiz», baina berriro ere galtza zuriak janzteko asmoz, berrindartzera bideraturik dauka egunerokotasuna. Inoizko prozesu luze eta gogorrena bizitzen ari den arren, baikortasun eta ilusiorik ez du falta.
Kezkaturik dira pilotazaleak. Bizi al da Aitor Zubieta?
Denbora gehiegi daramat geldirik. Lau partida besterik ez ditut jokatu aurten, eta urtea oso triste doakit. Luze eta pisu egiten ari zait suspertze prozesua, baina oinaze haiekin pilotan jokatzea ezinezkoa zen, eta ez dago besterik. Pazientzia beharko dut.
Kokatze aldera, zein lesio eta noiz izan dituzu?
Orain dela urtebete baino gehiago hasi nintzen buruhausteekin. Binakako txapelketari orpazurdako arazoekin eta eskuin belauneko meniskoko minarekin ekin nion. Hiru partida iraun nuen. Ondoren ebakuntzak egin zizkidaten, urtarrilean, hain zuzen. Orpazurdako lesiotik bikain osatu nintzen, baina ez belaunetik. Itzuli nintzen kantxetara maiatzean, ebakuntza egin eta bost hilabetera, baina ezer ez zen berdin. Oinazeak nituen, eta lau partida besterik ez nituen jokatu. Azkenekoa, Otxandion, uztailean. Ez nuen beste erremediorik.
Eta geroztik? Zertan da kontua?
Suspertze prozesuan murgildurik nago. Izan naiz Bartzelonan, Gasteizen ere bai, eta orain Iruñeko mediku batekin nabil. Haien esanetara nago. Plasma injektatu didate, eta, oraingoz, baztertua dugu beste ebakuntza bat egiteko aukera. Binakako txapelketaren atarian egin nuen proba txiki bat, ikusteko ea parte hartzeko modurik banuen, baina ez. Berehala igarri nituen minak belaunean. Hortaz, ez dut ezeren bermerik, egunero ariketak egin eta suspertzen segitzea beste aukerarik ez dut.
«Zubieta ez da gehiago kantxetara itzuliko». Entzun behar izan duzu hori norbaiten ahotik?
Beti entzuten dira halakoak, baina ez dut horretan pentsatu ere egiten. Nire esku dagoen guztia egingo dut berriro kantxetan egoteko. Itxaropena ez da sekula galtzen. Nahiz eta une askotan lur jota egon, beti atera izan dut indarra hurrengo egunean lanera joateko. Pertsona baikorra naiz, eta itzultzeko helburua buruan dudala, ilusioa eta lanerako grina ez galtzen saiatzen naiz. Oso zaila da sarritan, baina etsi hitza ez da agertzen nire hiztegian. Gainera, inguruko jendeak indar handia ematen dit. Sekulako ilusioa egiten du jendea nigana hurbildu eta animoak emateak. Oso eskertuta nago, benetan.
Makina bat lesio igaro dituzu, baina hain gogorrik inoiz bai?
Ez, inola ere ez. Sei ebakuntza pasatu ditut, eskuetako arazo larriak ere bai, baina oraingoa oso gogorra izaten ari da. Itzultzeko eperik ez daukat jarrita, baina ilusioa eta gogoa, bai.
Binakako txapelketaren hasiera jarraitzen ari al zara?
Bai, eta inbidia askorekin. Ez da erosoa begira egotea, baina nik pilota maite dut, eta ikustea gustatzen zait. Pilotalekuren batera ere joan izan naiz. Txapelketa berdindua izango da, eta niri Elezkano-Zabaleta bikotea gustatzen zait. Ea datorren urtean parte hartzen dudan. Nahiago nuke.
Aitor Zubieta. Aspeko pilotaria
«'Etsi' hitza ez da agertzen nire hiztegian»
Lau partida besterik ez ditu jokatu aurten, eta ez du bermerik pilotalekuetara itzultzeko. Berrindartze prozesuan etengabe dihardu, belauneko oinazeak gainditzeko xedearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu