Iraupena. 56:04.
Pilotakadak. 242
Saketik. Jaunarenak 7; Ezkurdiak 6.
Markagailua. 1-0, 1-1, 1-2, 2-2, 7-2, 7-6, 10-6, 10-10, 10-11, 11-11, 11-12, 12-12, 13-12, 13-13, 13-14, 14-14, eta 17-14, 17-16 eta 22-16.
Bestelakoak. Sarrera bikaina Iruñeko Labrit pilotalekuan. Mila ikusle inguru; ia goraino bete zen.
Garbizaleek badute arrazoi bat itxaropena izateko. Buruz buruko jokoaren bilakaeraren aldeko eta aurkakoen arteko eztabaida puri-purian dagoen honetan, Jon Jaunarenak lasai egon daitezkeela erakutsi zien atzo joko klasikoa maite dutenei. Leitzarrak botera jokatuz irabazi zion Joseba Ezkurdiari, Bigarren Mailako buruz buruko txapelketako final orekatu eta entretenigarrian. Txapelari esker, 20 urteko aurrelariak Lehen Mailako txapelketan jokatuko du heldu den urtean.
Hasi berritan, tartea ireki zuen Jaunarenak (7-2), baina Ezkurdiak sakeari esker murriztu zuen (7-6). Etxarrikoak bolea ikusgarria du, eta airez defendatu zuen. Erasoan ere, trebea da tantoa bukatzen, eta, partidari erritmo bizia ezarriz, aurretik jartzea lortu zuen (10-11). Jaunarenak nekatuta zirudien, eta une txarrak pasa zituen tarte horretan.
Txapeldunak, baina, sufritzen badakiela erakutsi zuen. Piloteoan gehiago zen, eta atzean bilatu zuen tantoa. Jo eta jo. Defentsan erabili zuen bolea, baina itsutu gabe. Erasoan, berriz, botera. Ezkurdiak, berriz, ausart arriskatuz aurre egin zion piloteoan zuen desabantailari (17-16). Oso polita 17-15ean Ezkurdiak sotamanoz jotako hormabikoarekin lorturiko tantoa.
Arriskuak, baina, badu beste aldea ere, eta Ezkurdiak sei huts egin zituen erasoan, asko jarrera zailetan saiatu zelako. Bukaera orekatua espero zenean, Jaunarena suspertu egin zen, eta jarraian egin zituen azken bost tantoak. Sakearekin ordura arte baino gehiago asmatu zuen, eta Ezkurdiaren errestoaren osteko aukerako pilotak ondo baliatu zituen agintzeko.
Bengoetxearen ustekabekoa
Bengoetxea VI.ak leitzarren arratsalde gozoa biribildu zuen Olaizola II.ari 22-18 irabazi eta hirugarren urtez jarraian lau t'erdiko sanfermin torneoko finalerako sailkatuta. Gaur jakingo du nor izango den hilaren 7ko aurkaria, Martinez de Irujok eta Barriolak Zarautzen jokatuko duten Asperen finalean (17:00, ETB1). Biak eroso sailkatu ziren herenegun: Irujo, Retegiri 22-7 irabazita, eta Barriola, Idoate 22-5 kanporatuta.
Jaunarena 22. Ezkurdia 16
Etorkizuneko klasikoa
Jon Jaunarenak bote jokoan izandako aginteari esker irabazi dio Joseba Ezkurdiari, Bigarren Mailako finalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu