«Etorkizunari begirakoa da»

Realak Asier Garitanoren kontratua eten du, azken lau partidak galdu baititu; Imanol Alguacilek ordezkatuko du. Urte eta erdiko kontratua egingo diote oriotarrari: «Harro egotea da helburua»

Orioko entrenatzaileaatzo aurkeztu zuten, Anoetan. GORKA RUBIO / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Laburra eta gorabeheratsua. Halakoxea izan da Asier Garitanok (Bergara, Gipuzkoa, 1969) Realean egin duen ibilbidea. Atzo, karguan 175 egun bete zituen egunean kaleratu zuen klubak Bergarako entrenatzailea; azken lau partidak galdu izanak bizkortu egin du prozesua. Azken partidetan atzerapauso nabarmena egin dute txuri-urdinek; egun, hamabosgarren dira sailkapenean, jaitsiera postuetatik lau puntura.

Egoerari konponbidea jartzeko asmotan, Jokin Aperribaik gidatzen duen zuzendaritza batzordeak Imanol Alguacil (Orio, Gipuzkoa, 1971) jarri du Garitanoren lekuan. Oriotarrak bigarren aldia izango du txuri-urdinen prestatzaile moduan, aurtengo martxotik ekainera bitartean ere aritu baitzen. Orduko hartan Eusebio Sacristan ordeztu zuen Anoetako aulkian, eta bederatzi partida egin zituen bertan. Alguacilek «baikortasunez» hartu du erronka berria. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten, eta adierazi zuen egoera iraultzeko bere esku dagoen guztia egingo duela: «Pixkanaka joan behar da, baina badakit hona zerk ekarri nauen: nire lan egiteko erak». Alde horretatik, taldeari «nortasuna» eman nahi diola nabarmendu zuen atzo arte Reala B-ko entrenatzaile izandakoak.

Alguacilek «[atzo] goizean» onartu zuen Reala entrenatzeko proposamena: «Kargua eskaini zidatenean pentsa nezake ea non sartzen ari nintzen, egin beharrekoak eginak nituela, eta Sansen [Reala B-n] oso baloratua nengoela. Baina oso aukera ona dela pentsatzen dut, eta ea zer lor dezakedan hemendik urte batzuetara». Urte eta erdiko kontratua egingo diote, baina «urte askoan» egon dadin desio du Jokin Aperribaik: «Badakizu noraino heldu nahi dugun, eta baduzu horretarako gaia».

Presidenteak, halaber, egindako lana eskertu zion Garitanori. Baita Roberto Olabe kirol zuzendariak ere: «Eskertu egin nahi diot, baina etorkizunera begira hartutako erabakia da». Haren esanetan, azterketa egiteko garaia da: «Gertatu dena aztertuz zein bide hartu nahi dugun pentsatzeko garaia da. Jokoaz hitz egitea gustatzen zait, hortik abiatzen delako guztia, eta hortik sortzen baitira emozioak, harremanak eta aurrez aurrekoak. Ez dago errudunik, jokalariak egonkortuko dituen eta maila eskainiko duen jokoa bilatzea besterik ez. Ez bilatu jokalarietan, edo entrenatzailearekin zuten harremanean. Jokoarekin lotutako zerbait da».

Bat-batekotasunean murgilduta dago gaur egungo futbola, eta horrek azkartu egin du Garitanoren kontratua eteteko erabakia. «Zoritxarrez, horrela da futbola. Gauza jakin baten bila genbiltzan, eta ez dugu aurkitu. Realaren jokoak zentzu bat izan dezan nahi dugu, eta nora goazen jakin. Emaitza horiek ez zirela lortuko pentsatzen genuen, eta ez geundela ezarritako bidean».

Entrenatzaile gisa hamazazpi partida zuzendu ditu Garitanok; haren gidaritzapean bost irabazi ditu Realak, lau berdindu, eta zortzi galdu. Zuzendaritzarentzat ez dira izan baleko zenbakiak, eta urte amaitu aurretik erabaki du bi aldeak lotzen zituen kontratua etetea. Azken urteak kontuan hartuta, Gonzalo Arkonadaren eta Jose Mari Bakeroren ostean karguan denbora gutxien egin duen entrenatzailea da. Miguel Perez prestatzaile fisikoak ere utzi egingo du taldea.

Zubieta ondo ezagutzen dute txanda hartuko dutenek, Realean urte asko emandakoak baitira gehienak. Entrenatzailearekin batera, Mikel Labakak (Azpeitia, Gipuzkoa, 1980) egingo ditu laguntzaile teknikoaren lanak, eta Jon Ansotegi (Berriatua, Bizkaia, 1982) izango da bakarkako lanetarako laguntzailea. Lluis Llopis (Hernani, Gipuzkoa, 1964) atezainen entrenatzailea izango da, eta David Casamichana (Santander, Espainia, 1984) prestatzaile fisikoa.

Eguneroko lana oinarri

Alguacilek urtarrilaren 6an ekingo dio Realaren lehen taldea zuzentzeko egingo duen bigarren aldiari. Santiago Bernabeun izango da, Real Madrilen zelaian. Bere lana «egunerokoan eta partidetan» ikusi ahalko dela berretsi zuen: «Alferrikakoa da nik taktikari buruz hitz egitea. Sansen denbora daramagu modu batera lan egiten, eta hori da gaur ni hemen egotearen oinarria. Robertok eta Jokinek balioa eman diote bigarren taldean eginiko lanari, eta ea oraingoan ere lehen taldean horri jarraipena emateko moduan naizen».

Horren harira, harrobiko jokalariak ezagutzen dituela azpimarratu zuen: «Duela ez asko nirekin izandako jokalari asko daude, eta horrek urrats hau konfiantza handiagoarekin egitea ahalbidetu dit. Talde gaztea da, eta ez dut zalantzarik egin».

Roberto Olaberen arabera, klubak «sinetsi» egiten du entrenatzailearen gaitasunean: «Imanolengan sinesten dugu, bere metodoan, izaeran, baita bere ezagutzan ere. Asko hitz egiten dugu Zubietaz, haren potentzialtasunaz, eta uste dugu Imanolek lagundu gaitzakeela Zubieta guk nahi dugun tokian jartzen».

Alabaina, autokritika zantzua ere izan zuten Olaberen hitzek: «Badakit mezu kontrajarriak bidaltzen ari naizela esango dutela askok, jarraitutasunaren bila ari garela esan eta sei hilabetera mezu kontrajarria bidaltzen ari naizelakoan. Alabaina, onartzen dut erabaki hau, duela sei hilabete hartu genuena bezalaxe. Argi dugu etorkizunera begira hartu behar genuen erabakia zela. Mingarria ere bada, Asierrekin nuen lotura kontuan hartuta».

Nolanahi ere, erabaki egokia hartu izanaz ziur daude Olabe eta Aperribai: «Imanol Alguacil da aurrerapauso hori. Haren eskutik etorkizunak ekar dezakeenaren inguruan ilusio handia dugu». Lehen saialdia ondo atera zitzaion oriotarrari. Bigarrenean ere antzera egiten badu, eskertuko du Realak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.