Gonzalo Arkonada. Realeko entrenatzailea

«Etorkizunari begira oinarri onak ditu talde honek»

Taldea zuzentzen daramatzan aste hauekin «gustura» dago Gonzalo Arkonada. Aurretik eginda zegoen lana indartu, eta ñabardura taktiko batzuk egin ditu. Hala, taldeak gora egin du. Presioa gorago egitea eta barrutik gehiago jokatzea dira, besteak beste, ezarri dituen aldaketa esanguratsuenak.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESSS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2018ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Lehen aldia da Gonzalo Arkonadak (Donostia, 1961) emakumeen talde bat zuzentzen duela. Multzoa kudeatzeko orduan aldaketa handirik ez duela sumatu dio: «Agian, desberdintasuna da mezuak helarazteko eta komunikatzeko modua». Gainontzean, aldaketa eta egokitzapen txikiak egin behar izan ditu lan egiteko orduan: «Adibidez, lan saioetan ariketak antzekoak dira, baina iraupena eta dimentsioa desberdinak», azaldu du.

Hilabete eta erdi igaro da taldea zuzentzen hasi zinenetik. Gustura al zaude?

Bai, oso gustura. Multzoa ezagutuz joan naiz, eta haiek ni. Ezagutza hori ondo joan da, eta jokatutako partidekin ere pozik nago, nahiz eta azken partida galdu egin genuen Athleticen kontra.

Azken unean berdintzeko aukera garbia izan zuen Nahikarik, baina huts egin zuen. Zein iritzi duzu derbiaz?

Partida berdintzeko aukera izan genuen, eta sartu zizkiguten bi golak guk egindako hutsegiteengatik izan ziren. Baina 50-60 minututan nagusi izan ziren. Erritmo eta intentsitate apur bat handiagoarekin jokatu zuten hasieratik, presio handia eginez. Hori dela eta, deseroso aritu ginen, eta kosta egin zitzaigun presio hori gainditzea eta gure jokoa egitea. Azken ordu erdian hobeto aritu ginen. Pena izan zen.

Valentziaren, Bartzelonaren eta Atletico Madrilen aurka jokatuko duzue orain jarraian. Valentziaren aurka emaitza on bat lortzea erabakigarria izan daitekeela uste duzu, lehen itzulian gertatutakoa ez errepikatzeko?

Oraintxe arreta osoa Valentziaren aurkako partidan jarri behar dugu, ondoren izango ditugun norgehiagokei erreparatu gabe. Partidaz partida joan behar dugu, eta gure bidea egin. Behin hiru partida horiek jokatuta, beste hamabi izango ditugu aurretik. Puntu asko izango ditugu jokoan. Nik ohitura dut partidak jokalariekin bideoan aztertzeko. Helburua da ondo egindakotik ikastea, eta gaizki egindakoa konpontzea. Behin hori eginda, aurrera begira jartzen naiz. Izan ere, alferrik da aurreko partidei erreparatzea.

Partidaz partida joan arren, Espainiako Koparako sailkatzeko helburua buruan izango duzu, ezta?

Helburua ahalik eta postu gorenean geratzea da, eta horrek esan nahi du Koparako sailkatzea. Uste dut lor dezakegula. Izan ere, Bartzelona eta Atletico Madril goian daude, Athletic ere oso ondo lehiatzen ari da, eta zaila izango da harrapatzea. Baina beste taldeekin lehia gaitezke.

Zer espero duzu Valentziaren aurkako partidaz?

Valentziak maila handiko taldea dauka, batez ere aurrealdean. Beraz, ondo zaindu beharko dugu. Atzealdean hainbat jokalari garrantzitsu min hartuak dituzte, eta hori baliatu behar dugu min egiteko. Gakoa da ondo lehiatzea, eta gure jokatzeko modua eta nortasuna zelaian erakustea. Athleticen aurkako partidan ez genuen lortu, eta hori izan zen galtzeko gakoetako bat.

Zein da ezarri nahi duzun joko molde hori?

Beti esaten diet futbola joko bat dela, eta disfrutatu egin behar dutela. Izan ere, egunerokoan erakutsi behar duten lehia, borroka eta ahalegina bateragarriak dira ondo pasatzearekin, disfrutatzearekin. Bestalde, ausardia eta adorea izateko ere eskatu diet, dakiten bezala jokatzeko. Beldurrak eta urduritasunak aldagelan utzi behar dituzte, huts egitea futbolaren parte baita. Saiatu egin behar dute gauzak egiten. Gainera, ezin dira aurkariaren menpe egon.

Aurreko sasoiko eskemara itzultzea erabaki duzu. Zergatik?

Juanjoren [Arregi] azken partidaren batean eta Gorkak [Alvarez] zuzendutakoetan eskema horrekin jokatu zuten: 4-2-3-1. Espanyolen, Rayoren eta Levanteren aurka ondo funtzionatu zuen, eta horrekin jarraitu nahi genuen. Egindakoa indartu nahi genuen, izan ere, ez da komeni iritsi eta dena goitik behera aldatzea. Hori oinarri hartuta, gure ñabardura taktiko eta teknikoak ezarriz joan gara.

Zeintzuk dira ñabardura horiek?

Gakoa da trantsizio onak egitea, bai baloia berreskuratzean, bai galtzean. Funtsezkoa da defentsaren eta erasoaren arteko oreka bat izatea. Hori lortzen saiatu gara. Bestalde, presioa goragotik has dezatela ahalegindu gara. Athleticen aurkako partidan ez genuen lortu, baina gainontzekoetan oso ondo egin zuten lan hori. Adibidez, Zaragozari eta Albaceteri irabazteko erabakigarria izan zen. Bestalde, taldeak hegaletatik asko jokatzen zuen, eta ondo iristen zen aurkariaren atera. Baina gehiago kostatzen zitzaion barrutik egitea. Beraz, barruko joko hori ere landu dugu, helburua baita taldeak ahalik eta baliabide gehiena izatea.

Ondo barneratzen ari dira ñabardura horiek?

Bai, alde horretatik ez dut kexurik. Talde guztia ilusio eta gogo handiarekin dago, ikasteko jarrera oso onarekin. Entrenamendu eta partida guztietan gogor lan egiten dute horretarako. Oso saiatuak dira.

Zein da taldearen ahalmenik handiena?

Nik esango nuke talde edo multzo batua dela, eta oso giro ona dutela beraien artean. Zulotik hain azkar eta atera diren moduan atera badira, batasun eta giro on horri esker izan da. Emaitzak txarrak direnean, hori ez da erraza izaten, eta ohikoa izaten da multzoa bereizita egotea. Kasu honetan, zorionez, ez da horrela izan. Gainera, uste dut teknikoki eta taktikoki maila ona duten jokalariak direla. Erritmoa eta kalitatea dute.

Fisikoki nola ikusi dituzu?

Ligaren etenaren ostean, normala da pixka bat gehiago kostatzea arlo hori. Baina ondo ikusi ditut. Askok uste dute eten horietan ez dela komeni entrenamenduen erritmoa jaistea, eta egunero-egunero egin behar direla lan saioak. Baina komeni da egun batzuetan futbolaz ahaztea, eta atseden pixka bat hartzea. Hemendik aurrera intentsitate handiko bost hilabete geratzen zaizkigu, bai fisikoki bai mentalki, eta horri heltzeko ari gara lanean.

Erasoan aurrerapauso bat eman du taldeak, ezta?

Bai. Uste dut hori izan zela taldea beheko postuetatik ateratzeko izandako lehen aldaketa. Horretan uste dut eragina izan duela ausardiak eta presioa gorago egiteak. Horri esker, nik zuzendutako lehen hiru partidetan taldeak hamabi gol sartu zituen. Hori jakinda Santa Teresak oso defentsa zorrotza egin zigun, eta ez ginen hain argi ibili. Dena den, gola sartzeko aukerak izan ditugu, eta hori da inportanteena.

Etorkizunari begira taldearen oinarria osatua dagoela iruditzen al zaizu?

Fitxaketen merkatuaren arabera egongo da hori. Izan ere, badira ekonomikoki talde indartsuak, eta horietako bat etorri eta zure jokalaririk garrantzitsuenak eramaten baditu, alferrik izango da. Baina halakorik gertatu ezean, taldeak oinarri onak dauzka etorkizunari begira. Gainera, jokalarien batez besteko adina gaztea da. Etorkizunari begira eratutako talde bat da. Gainera, harrobiarekin lanean ari gara, etorkizuna ziurtatzeko.

Nola ikusten ari zara harrobiaren lanketa?

Uste dut lan ona egiten ari dela datorren sasoiari begira bigarren taldea osatzeko: teknifikazioan, ikuskatzaileen alorrean... Hitzarmena dugu taldeetako jokalari batzuk gurekin ari dira entrenatzen eta lagunarteko partidak jokatzen. Adbidez, Gabonen aurretik partida bat jokatu genuen Andoainen, eta sei jokalari etorri ziren. Gure asmoa da txapelketak etena duenean halako partida gehiago jokatzea. Profesionalizazioaren bidean beste urrats bat da bigarren taldea sortzea. Izan ere, gainontzean, oso estu dabil taldea lesioak izanez gero edo txartelak pilatuz gero.

Jokalaririk fitxatuko al duzue?

Guk fitxaturiko jokalaririk onena Itxaso Uriarte izango da. Ligako lehen partidan lesio larri bat izan zuen, eta osatzeko bidean da. Pixkanaka hasi da taldearekin gauza batzuk egiten, eta espero dugu laster senda-agiria jasotzea. Oso jokalari garrantzitsua da, taldea oso ondo ezagutzen duelako. Gainontzean, ez dugu beste fitxaketarik egiteko asmorik.

Zer harritu zaitu gehien txapelketatik?

Oraindik goiz da hori esateko, denbora gutxi daramat. Baina nabarmenduko nuke joko maila ona dela. Bestalde, uste dut beharrezkoa dela atzerritarren kopuruan kontrol bat ezartzea. Gainontzean, ez dira harrobiko jokalariak egongo taldeetan. Azkenbizpahiru sasoietan gehiegi igo da kopuru hori, eta neurriak hartu beharko lirateke. Beste erronketako bat izan behar du profesionalizazio bidean urratsak egitea. Izan ere, erdi profesionalak dira, oraindik.

Profesionalen mailako exijentzia ezar dezakezu?

Oraingoz ez. Baina hazten jarraitu nahi badugu, pixkanaka emanez joan behar dugun pausoetako bat da. Ondo aztertu beharko dugu egoera, eta horren arabera erabakiak hartu.

Uste duzu zu fitxatzean hori lortu nahi zutela?

Hori haiei galdetu beharko zenieke. Baina elkarrizketetan atera zen emakumeen taldearen profesionalizazioan urratsak egitearen beharra.

Entrenamenduak oso diferenteak dira gizonezko taldeekin egiten zenituenekin alderatuz?

Bai. Fisiologikoki aldea dago gizonen eta emakumeen artean, eta horrek berak dakar lan saioak eta abar diferenteak izatea. Adibidez, ariketen dimentsioa eta iraupena desberdinak dira. Horretara egokitu behar izan dut. Bestalde, gizonezkoen futbolean, 2.B mailan astean bost aldiz entrenatu ohi da, eta egunetako batean bi aldiz. Hemen, berriz, astean lau aldiz egiten da. Adibidez, igandean partida edukita ere, larunbat goizean ez da entrenatzen. Horrek harritu egin nau.

Eta multzoa kudeatzeko modua diferentea da?

Hasieran adi zatoz, izan ere, esaten dizute:«Emakumeen multzoak oso bereziak dira». Bitxiena da, gainera, emakumeek beraiek esaten dizutela. Baina nik ez dut alde handirik sumatu. Zaindu behar dena da mezuak komunikatzeko modua.

Klubak bitarteko ekonomiko eta material gehiago jarri beharko lituzke emakumeen taldean?

Nik uste dut egiten ari dela. Baina beti dago hor eztabaida. Klubaren sail batzuk defizitarioak dira; adibidez, hau. Helburua da bitartekoak lortzea hala izan ez dadin. Baina, ni hor ezin naiz sartu. Klubak hartu behar ditu erabakiak.

Atletico Madrilen eta Bartzelonaren pare iristea ezinezkoa da?

Jada gu baino askoz aurrerago daude. Argi dagoena da haiek aurrekontu handiagoa dutela gauzak egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.