Lehen Mailako lau euskal taldeek urte oparoa izan dute, eta gaur-biharretan amaituko dute Espainiako Liga. Denboraldia amaitzean, ordea, joko zelaian jokatuko ez diren partidak jokatuko dira kirol zuzendarien bulegoetan. Batzuek lanak aurreratu dituzte, eta beste batzuk ez dira oraindik mugitu. Etorkizuna erabaki horien araberakoa izango da.
Athletic
Etxeko lanak eginda
Aurrez egin ditu udako lanak Mikel Gonzalezek zuzentzen duen lan taldeak. Ernesto Valverde teknikariari kontratua berritu izanak eta neguan Alvaro Djalo aurrelaria fitxatu izanak lasai dauzka Ibaiganeko bulegoak. Fitxaketei begira, ez da mugimendu askorik espero: defentsako lerroan soilik. Valverdek prentsa aretoan ere esana du erdiko atzelari baten beharra daukala taldeak, eta postu horretan egon daiteke fitxaketa bakanetako bat. Aymeric Laporten izena bolo-bolo dabil Bilbon. Bestalde, Andoni Gorosabelek Alaves utzi du, eta baliteke udako beste fitxaketa harena izatea.
Mugimendu gehiago izan dira, batez ere taldea utzi duten edo utziko duten jokalariekin. Jakina zen Iker Muniainek eta Raul Garciak taldea utziko dutela, baina ez dira bakarrak izango. Jon Morcillok eta Dani Garciak ere agur esango diote Bilboko taldeari. Unai Vencedor (Eibar), Nico Serrano (Racing Ferrol), Javi Marton (Mirandes) eta Juan Artola ere (Alcorcon) klubera itzuliko dira, baina zail izango dute bertan tokia egiten.
Bestela, urte polita egiten duten jokalariek gertu izaten dute beti talde handien mamua. Halaxe dago Nico Williams. Zenbait talde handik amesten dute harekin, eta adi egon beharko du Athleticek.
Reala
Apustua egiteko garaia
Realak ere urte oparoa egin du. Historian lehen aldiz arituko da bosgarren urtez jarraian Europako Txapelketetan. Zubietako bulegoetan, baina, lan handia izango dute udan: taldeko izarrek irteteko aukera daukatela dirudi. Mikel Merinok, Martin Zubimedik eta Robin Le Normandek hainbat talderen eskaintzak dituzte. Hirurek daukate kontratua Realarekin, eta diru eskaintza handi baten truke soilik irtengo lirateke. Merinoren kasua da lehentasuna, 2025ean amaituko baitzaio kontratua nafarrari.
Andre Silvaren, Kieran Tierneyren eta Javi Galanen egoera bestelakoa da. Utzita aritu dira Donostian, eta beren taldeetara itzuliko dira. Hirurek aipatu dute Realean gelditzea gustatuko litzaiekeela, eta ikusi beharko da zer erabakitzen duen klubak. Realeko zenbait jokalari ere utzita aritu dira beste talde batzuetan. Robert Navarro bikain aritu da Cadizen, eta Alex Solak ere dezente jokatu du Alavesen. Bigarren Mailan, Karrikaburuk behetik gorakoa egin du Andorran, eta Roberto Lopez jokalari garrantzitsua izan da Tenerifen. Laurek eskaintza ugari izango dituzte, Lehen Mailakoak lehenek, eta Bigarren Mailakoak bigarrenek, eta haiekin zer egin erabaki beharko dute Roberto Olabek eta Imanol Alguacilek.
Fitxaketak egiteko orduan, aurrelariarena da agerikoena. Sadiqek eta Carlos Fernandezek kontratua daukate, baina eskaintzak iritsiz gero ez dirudi Realak trabarik jarriko dienik klubetik ateratzeko. Haien ordezkoarekin asmatzea da, Merinoren kontratua berritzearekin batera, klubaren lehentasuna.
Alaves
Sendotzeko, fitxatu
Esne mamitan daude Ibaian. Lehen Mailara itzuli berritan, denboraldi bikaina egin du Alavesek, eta Luis Garcia Plaza teknikariak kontratua berritu du. Proiektuaren oinarria sendotuta iritsiko dira udara gasteiztarrak, eta, teknikariaren hitzetan, «onena iristear dago». Hori bai, garrantzi handiko urtea dela esan du, kluba Lehen Mailan berresteko urtea.
Aldaketa dezente egin beharko ditu Alavesek. Samu Omorodion, Rafa Marin, Alex Sola, Giuliano Simeone utzita aritu dira, eta zein bere taldera itzuliko da. Baita Ianis Hagi ere. Andoni Gorosabelek ere ez du jarraituko Mendizorrotzan; ez du kontratua luzatu nahi izan. Horietako asko oso jokalari garrantzitsuak izan dira teknikariarentzat, eta haien ordezkoekin asmatzea da Sergio Fernandezen lehentasuna. Garcia Plazak baieztatu du utzita aritu diren asko gelditzea nahi duela; besteak beste, Omorodion, Sola, Marin eta Simeone. Hori, ordea, haien taldeek erabaki beharko dute.
Luis Rioja izan daiteke taldea utzi dezakeen beste bat. Oso jokalari garrantzitsua izan da azken urteetan, baina beste urtebeteko kontratua baino ez dauka, eta, eskaintza onen bat iritsiz gero, Alavesek erabaki egin beharko du. Bestalde, bost jokalari aritu dira beste talderen batean Alavesek utzita. Horien artean, Miguel de la Fuente aritu da ondoen. Orain arte 11 gol sartu ditu Leganesekin, Bigarren Mailako liderrarekin. Urte oparoa izan du, eta haren balioa handitu egin da merkatuan. Hortaz, taldean jarraitu ezean, espero izatekoa da Alavesek eskaintza ugari izatea.
Osasuna
Bidegurutzearen erdian
Taxoaren azken urteetako udarik mugituena izango dute. Lehentasuna bakarra da: Jagoba Arrasateren ordezkoarekin asmatzea. Berriatuko entrenatzaileak egindakoa berdintzea oso zaila da, ia ezinezkoa, baina hark hasitako proiektuari segida emango diona aurkitu behar du orain Braulio Vazquezek.
Gainerakoan, ez da aldaketa askorik espero taldean. Ruben Garciari kontratua amaitzen zitzaion ekainean, baina aste honetan berritu du 2026ra arte. Taldea utziko duena Johan Mojica izango da. Vila-realek utzita aritu da, eta hara itzuliko da sasoia amaitzean. Besteak beste, postu horretarako fitxatu beharko du Osasunak, defentsako ezker hegalerako.