Etorkizuna baldintza dezakeen partida du gaur Alavesek Castellon

Etxetik kanpoko lehen garaipena lortu nahi du, larritasunak ahazteko, baina zelai txarra da: inoiz ez du irabazi han

ERREDAKZIOA GASTEIZ
2008ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Futbola datuak bezain zehatza balitz, alfer-alferrik joango zatekeen Alaves Castellora gaurko partida jokatzera. Herrialde Katalanetako hiri hartan ez du inoiz irabazi; hamar aldiz aritu da, eta bost bider galdu du. Bada beste datu beldurgarri bat ere. Alavesek ez du partidarik irabazi etxetik kanpo sasoi honetan. Baina futbola ez da zehatza, eta Jose Maria Salmeronen jokalariek garaipena behar dute, sailkapeneko larritasunak baztertzeko, baita kolokan dauden zenbait arlo ondo lotzeko ere.

Haietako bat da entrenatzailearen etorkizuna. Joan zen sasoia amaitu zenetik jarri dute ezbaian Salmeronen lana, eta joan zen igandean Gironari irabazi izan ez baliote, beste entrenatzaile bat eseriko zen ziurrenik gaur Castalia zelaiko aulkian. Kolokan dagoen beste arloa taldearen beraren egoera da. Etxetik kanpo eskas ari denez, etxeko partidetan nola edo hala irabazteko zama izaten du gainean. Eta, hori arintzeko, gaur bertan hasi behar du hiru puntuak pilatzen Mendizorrotzatik urrun.

Helburu hori lortzeko asmoz, entrenatzaileak ez du argitu zer hamaikako aterako duen. Itxura guztien arabera, zalantzaren bat edukitzekotan, Emilio Sanchezena edukiko du. Ez badu jokatzen, Cuevas ariko da. Bat atera edo bestea atera, konfiantzaz beteta joan da Salmeron, asteko lan saioak onak izan direla eta: «Ondo entrenatu gara eta, Castello aurkari zaila bada ere, hiru puntuak lortzeko ilusioarekin eta gogoarekingoaz», adierazi zuen abiatu aitzin.



CASTELLO-ALAVES

Castello. Carlos Sanchez; Rafita, Diego Reyes, Dealbert, Mora; Lopez Garai, Mario; Arana, Gari Uranga, Nsue; Ulloa.

Alaves. Bonis; Kalderon, Pablo Casar, Cesar, Ralu Llorene; Astudillo, Garitano; Cuevas, Emilio Sanchez, Toni Moral; Javi Guerra.

Epailea. Amohedo Chas.

Lekua. Castalia futbol zelaia(16.000 ikusle).

Ordua. 17:00etan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.