Saskibaloia

Natalia Rodriguez: «Etorkizun hurbila beste modu batera ikusten dugu orain»

Araskik denboraldiko lehen garaipena eskuratu du iragan asteburuan, Zaragozaren aurka. Bigarren partida irabazi nahi dute jarraian, eta, horretarako, Gernika menderatu beharko dute, euskal derbian.

Natalia Rodriguez Araskiko jokalaria
ENDIKA PORTILLO / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko urriaren 17a
05:05
Entzun

Zaragozari irabazi ondoren iritsiko da Araski Gernikaren aurkako euskal derbira. Gasteiztarrek neurketa handia jokatu zuten ligako erreferentziazko talde baten aurka, eta zaleen aupada baliatu zuten garaipena eskuratzeko. Natalia Rodriguez (Las Palmas, Espainia, 1999) iritsi berria da klubera, baina ligan esperientzia daukan jokalaria da. Bertara egokitzea «oso erraza» dela nabarmendu du. Gernikaren aurka jokatuko dute derbia, etzi.

Zaragozari irabazi berri diozue asteburuan, Euroligan jokatzen duen talde bati. Non egon ziren gakoak?

Ezustekoa eman genuela esan daiteke. Badakigu Zaragoza faboritoen artean dagoela, baina, Madek [Urietak, entrenatzaileak] neurketa hasi baino lehen esan zigun bezala, saskibaloian bat gehi bat ez da beti bi izaten. Mendizorrotzan oso indartsuak izango garela erakustera irten ginen kantxara, eta haien babesa izan genuen. Oso neurketa gogorra izan zen, baina denon artean lortu genuen garaipena etxean geratzea. Etxeko partida guztiak azken hori bezain ederrak izatea gustatuko litzaidake.

Gernika, Girona eta Jairis dira hurrengo aurkariak. Hori ikusita, oso garrantzitsua zen lehenago garaipenen bat eskuratzea, ezta?

Liga honetan garaipen bakoitza lortzea oso zaila da. Batzuetan, irabazi beharreko partida dela esaten da; beste batzuetan, ezustekoa litzatekeela... baina garaipen bakoitzak berdin balio du, eta asteburuero helburu hori izan behar dugu. Garaipenak beharrezkoak dira, eta arnasa hartzea ahalbidetzen dizute. Zaragozari irabazi ostean, etorkizun hurbila beste modu batera ikusten dugula esango nuke.

Denboraldiaurrea ez da erraza izan. Aldaketak taldean, jokalari garrantzitsuak min hartuta, eta hainbat porrot. Nola bizi izan duzu zuk?

Egia da denboraldiaurreak konfiantza hartzeko daudela. Eta jokalari garrantzitsuen hutsa izaten denetan zaila da hori lortzen, badakizulako ez dela errealitatearen parte. Horrekin zalantzak sor daitezke denboraldi hasiera nolakoa izan daitekeen. Baina esango nuke ondo egokitu garela. Badakigu nora gatozen, profesionalak gara, eta, talde lanari dagokionez, erraza izan dela esango nizuke. Belgikatik etorritako bi jokalariak izan ezik, denok jokatu dugu liga honetan, eta badakigu zein gogorra den liga hau.

Zu berria zara Gasteizen. Nolakoak izaten ari dira lehen hilabeteak?

Araski beti izan da begien artean izan ditudan klubetako bat. Made ezagutzen nuen Espainiako selekzioan elkarrekin egon izan garelako, eta klubaren filosofiaren berri ere baneukan. Behin aukera iritsi zenean, erraza izan zen Araskiri baiezkoa ematea. Iritsi berria naiz, baina oso eroso nago hirian. Gainera, oraindik hotzik egin ez duenez, ezin naiz kexatu! [barrez].

Made ezagutzen zenuela aipatu duzu. Nolako entrenatzailea da?

Maderen lan egiteko erara egokitzea oso erraza da. Asko eskatzen digu jokalariei, baina berak ere asko ematen dio taldeari. Lana eskatzen digu batez ere, baina gu geu garena erakusteko egoerarik egokienak bilatzen ahalegintzen da. Partida bakoitzerako plana aldatzen daki, eta horretarako prest egotea dagokigu guri.

Zaragozaren aurkakoa izan da Mendizorrotzan jokatu duzun lehen partida etxeko jokalari gisa. Festa bat izan zen. Garrantzitsua da hain liga orekatuan horrelako zaleak izatea, ezta?

Ezinbestekoa da taldearen helburuak betetzen ahalegintzeko. Garaipena lortu bagenuen, hein handi batean, zaleek eskaini ziguten berotasunarengatik izan zen. Liga oso berdindua izango da. Jakitun gara, eta etxean irabaztea oso garrantzitsua da. Araskin asko zaintzen dute harrobia, eta eredu izan behar gara Mendizorrotza betetzen duten neskatoentzat.

Zer helburu ditu taldek aurten?

Errepikakorra ere izan daiteke, baina lehen helburua mantentzea da. Hala izan behar du ligak hartu duen maila ikusita. Baina anbizio handiko taldea gara, eta gehiago nahi dugu. Espainiako Kopa edo Kanporaketak ez ditugu begi bistatik galdu nahi. Baina oinak lurrean edukitzea dagokigu. Hori oparia litzateke helburua baino gehiago.

«Jaurtitzaileok bolada hobeak edo okerragoak ditugu, baina ezin gara horretara mugatu. Defentsan ere ahalik eta ondoena aritu nahi dut»

Eta zuk zeuk, zer lortu nahi zenuke?

Erregulartasuna eduki nahi nuke, eta konfiantza neure buruarengan. Jaurtitzaileok bolada hobeak eta okerragoak ditugu, baina ezin gara horretara mugatu. Defentsan ahalik eta ondoena aritu nahi dut, eta taldeak behar duen gauza guztietan laguntzeko prest egon

Azken hiru urteetan hiru taldetan aritu zara. Egonkortasuna aurkitzea gustatuko litzaizuke?

Konfiantza ematen dizuten talde batean egonkortasuna aurkitzea beti da albiste ona. Ferrolen bost urte egin nituen, eta azken hiruretan taldez aldatu naiz. Bata ez da bestea baino hobea, baina Araskin egonkortzea oso albiste pozgarria litzateke niretzat.

Gernika hartuko duzue asteburuan. Euskal Kopan hogei punturen aldearekin irabazi zizueten, baina oso dinamika desberdinak dauzkazue orain, ezta?

Euskal Kopako partida ez da benetako emaitza bat. Denboraldiaurrea taldea trebatzeko izaten da, eta guri bi jokalari garrantzitsu falta zitzaizkigun. Derbiak badakigu nolakoak diren, oso lehia bizia izaten da halako partidetan. Baina gu oso ondo ari gara lanean, eta zaleen aurrean jokatzea abantaila da guretzat. Irabaztera irtengo gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.