«Etorkizun handia dute bi taldeek»

Realean hazi eta hezitakoa da Dani Estrada, baina Alavesen ere aritu zen iragan sasoian. Gaur egun, Real Unionen ari da, Gol gutxiko partida espero du, lehiatua eta faboritorik gabea.

REAL UNION.
jon eskudero
2017ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Zortzi denboraldiz Realean eta bakar batez Alavesen jokatu ondoren, berriro ere futbolean lehiakor ari da Dani Estrada (Zarautz, Gipuzkoa, 1987). Udan talderik gabe geratu zen arren, lanean gogor jarraitzeko erabakia hartu zuen, eta joan den urtarrilaz geroztik, Real Unioneko elastikoarekin ari da, Espainiako Bigarren B Mailan. «Pozik senti naiteke, berriz ere futbolean gozatzen ari naizelako». Erabakigarri ari da, gainera. Defentsako eskuin hegaletik aurrera egin du, eta gaztetan bezala, erdilari postuan jokatzen ari da. Iragan jardunaldian hark egin zuen garaipenaren gola, Toledoren aurka. «Helburu dugu igoera fasean sartu eta Bigarren Mailara igotzeko borrokan egotea. Orain, bost puntura ditugu postu horiek, baina indartsu amaituko dugu denboraldia».

Ziur dago Real Unionek duin amaituko duela sasoia, eta ziur dago, era berean, gauza bera egingo dutela Alavesek eta Realak. Batez ere, gasteiztarren jardunak dauka harriturik, talde igo berria izaki, goraipatzeko lana egiten ari baita. «Iragan sasoian Alavesen egon nintzen, eta talde hartako oso gutxik jarraitzen dute orain. Zaila da taldea goitik behera aldatuta ongi aritzea, baina harritzeko lana egiten ari da Alaves». Reala ere ez da atzean geratzen. «Bistan denez, Reala talde hobea da, joko ikusgarriagoa egiten du, eta garairik onenean ez badago ere, emango dio buelta egoerari».

Gaurko derbirako faboritoa nor den esatera ez da ausartu Estrada, baina gustatuko litzaioke lehiapolita ikustea. «Izan ere, bi taldeek markatu naute, oso gustura egon naiz bi klubetan». Noski, Realean urte gehiago egonik, hainbat oroitzapen ditu. «Debuta inoiz ahaztuko ez dudan zerbait da. Real Madrilen aurka jokatu nuen lehen partida, Anoetan». Donostiarrak Lehen Mailara igo zireneko garai haiek ere ezin ahaz ditzake. «Izugarria izan zen, Gipuzkoa osoa mugiarazi genuen. Eta, nola ez, Txapeldunen Liga jokatzea ere galanta izan zen». Alavesen, berriz, sasoi bakarra egin arren, igoera bizi ahal izan zuen. «Ez dut esango Realean bezala bizi izan nuenik igoera Alavesekin, baina hura ere handia izan zen. Ahaztezina».

Oroitzapenek ezer gutxirako balio dute futbolean, ordea, eta gaurko derbian hiru puntu garrantzitsu izango dituzte jokoan Alavesek eta Realak. «Lehen itzulian jokaturiko partidan erraz nagusitu zen Reala, Anoetan: 3-0. Uste dut lehia haren antza gutxi izango duela gaurkoak». Gol gutxiko partida espero du zarauztarrak. «Alaves talde sendoa da etxean. Asko estutzen du aurkaria, intentsitatez jokatzen du, ideiak garbi ditu, eta lehiakor ari da. Hori bai, Realak ere hiru partida jarraian irabaziak ditu etxetik kanpo, eta ikusi beharko da zer gertatzen den. Partida polita izango da ikusteko».

«Bide onean dira biak»

Epe laburrera eta luzera, bi klubek «etorkizun oparoa» dutela uste du Estradak. Alavesi dagokionez, liga ahalik eta ondoenaamaitu behar duela iritzi dio, eta ondoren Espainiako Kopako finalean ezustea eman. «Nork pentsatuko zuen Alaves final horretan egongo zenik? Inork ere ez. Horregatik, irabazteko aukerak ere izango ditu. Bartzelona aurkari gogorra da, gainera titulu bat irabazteko gogoz egongo da, baina galtzeko gutxi eta irabazteko asko izango du Alavesek». Hori bai, finaleko emaitza edozein izaten dela ere, klubak lanean jarraitu behar duela uste du. «Lehen Mailan egonkortzeko bidean pauso sendoak ematen ari da kluba, eta bide berean jarraitu behar du. Urteetarako iritsi da Alaves onenen artera».

Realari dagokionez, bestalde, finalik ez du jokatuko, baina erronka handia dauka sasoia amaitu bitarte: Europara sailkatzea. «Txakalaldi txiki batean dago taldea, eta beldurtu samar egon daiteke norbait, baina uste dut Europarako sailkatuko dela. Liga indartsu amaituko du». Horren gainetik, klubean gauzak ondo egiten ari direla uste du Estradak. «Eusebio Sacristanen ideietara bikain egokitu dira jokalariak, eta jarraipena eman behar zaio proiektuari. Gozatu egiten da Realaren jokoa ikusita, eta espero dut hala jarraitzea».

Etorkizuna ziurtatuta dago, behintzat. «Defentsako eskuin hegalean hainbat jokalari gazte ateratzen ari da Reala. Azkena Odriozola izan da, eta bikain da. Zubietak ondo funtzionatzea ezin hobea da». Batzuk etorri, besteak joan. Xabi Prietorekin logela hainbat bider konpartitua da Estrada. «Sarri hitz egiten dut Xabi Prietorekin, baina horri buruz ez. Erretiratuko ote den? Ez dakit. Egiten duena egiten duela, ondo egingo du. Jokalari bikaina da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.