Etor daitekeenari begira

Euskal selekzioaren ofizialtasunaren gaia beste bide batean da, eta gizarte eragileak eta Ainhoa Tirapu jokalari ohia aurrera begira daude

David Salinas-Armendariz abokatua, Luis Mari Elustondo Euskadiko Futbol Federazioko presidentea, eta Nerea Zalabarria presidenteordea, Zurichen. EFF.
Aitor Manterola Garate.
2020ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Euskadiko futbol selekzioaren ofizialtasunaren argiak inoiz ez bezala egin zuen distira herenegun, FIFAk eta UEFAk bai baitute Euskadiko Futbol Federazioaren eskaria, kide izateko. Egindakoari eta etor daitekeenari buruzko iritzia eman dute EH Kirola eta Gu ere Bai egitasmoek, eta Ainhoa Tirapu jokalari ohiak.

KIKE ZURUTUZA Euskal Herria Kirola elkartea
«Gure gatazka txikiak baztertu behar ditugu, helburua lortzeko»

«Inoiz ez da berandu, asmoa ona bada», esan du Kike Zurutuzak, Euskal Herria Kirola elkarteko kideak. «Oso berandu» datorrela gehitu du, eta atzera begiratu du: «Duela hogei urte egin izan balitz, beste egoera batean geundeke orain, eta dauzkagun arazoen laurdenak ere ez genituen izango». Hala ere, «ongietorria» egin dio federazioak emandako pausoari, eta «babes osoa emango» diote: «Ez gaude atzera begira jartzeko; aurrera begiratu behar dugu, eta txalotu egiten dugu federazioak egin duena». Halaber, Zurutuzak uste du federazioakdagokion tokira eraman duela ofizialtasunaren gaia.

Orain, Espainiako Federazioarekin negoziatu beharko dela-eta, Zurutuzak termino berri bat gehitu dio haren onespena edo baimena behar izateari: «Espainiaren isilune administratiboak ere balio du». Negoziazio hori politikoa eta judiziala izango dela dio, eta eskaera egin du: «Euskal alderdi politikoek elkarrekin negoziatu behar dute Espainiarekin». Baina erantsi du gizartea ez baztertzeko: «Gai edo auzi hau gizartearena ere bada, eta ez bakarrik Euskal Herrikoarena. Katalanek eta galiziarrek ere badute zer esana honetan, eredu bat jarriko baita mahai gainean». Alderdi politikoen jarrerak nolakoa izan beharko lukeen azaldu du: «Beren arteko liskarrak eta alderdikeriak alde batera utzi beharko lituzkete, Madrilen batera negoziatzeko». Galdera bat ere egin du: «Nork negoziatu behar du Madrilekin? Eusko Jaurlaritzak? Espainiako Parlamentuko Euskal Taldeak [EAJ]?Kataluniarrekin batera EH Bilduk? Uste dut herritik herrirako negoziazioa izan beharko litzatekeela, eta denen arteko interlokuzioarekin. Ez dezatela EAJk bere aldetik edo EH Bilduk bere aldetik negoziatu». Urratsak egiten diren neurrian EH Kirolaren babesa izango dutela gehitu du. Madrilekin egin beharreko negoziazioak «inflexio punturen bat» eskatuko duela gaineratu du.

Ez du ukatu hau guztia «argazkirako» soilik egindakoa izan daitekeela,baina kezkarena zabaldu egin du: «Jarrera askori diet beldurra. Baina zein zen aurreko egoera? Ez zen batere praktikoa. Ahal dela, ea gai garen gatazka txikiak baztertzeko, helburu hau lortzeko». Eragileen arteko kontsentsua dagoela dio: «Zabala da adostasun hori, gainera».

PATXI GAZTELUMENDI Gu Ere Bai egitasmoa
«Eragile guztiek honen alde eginez gero, bultzada handiagoa izango da»

Ontzat jo du Gu Ere Bai egitasmoak federazioaren pausoa, ñabardura honekin: «Bazen garaia, duela bi urte onartu zuen-eta hori egitea batzarrak». Oniritzia eman dio, aldi berean, euskal selekzioaren azkeneko partidak eragin zuen guztiagatik: «Ikusi zen jokalariek eta zaleek ofizialtasunaren gaia lehen lerrora ekarri zutela». Elustondo presidentearen jarrera «ausarta» izan dela dio, «iritzi ezberdin asko daudelako Euskadiko Federazioan gai honen inguruan».

Gaztelumendiren iritziz, futbolak egin duen urratsa aitzindari izango da beste kirolentzat: «Oso garrantzitsua da alde horretatik». Baita beste ikuspegi honetatik ere: «Bat egin dugu eragile guztiok gai honetan. Jokalariak, federazioa, agintariak eta bestelako ekinaldiak bat eginda gaude, eta selekzioen ofizialtasunaren gaiaren historian,inoiz egon ez garen puntu batean gaude. Areagotu egiten du horrek adostasunerako eta elkarlanerako aukera. Hala ere, esan du oraindik gauza asko daudela egiteko: «Ofizialtasuna eskuratu, euskal selekzio horri beste dimentsio bat eman lurraldetasunean, nazioartean... UEFA, FIFA eta beste herrialdeetako federazioekin lanketa handia egin beharko da, eta bat eginda egoteak indarra ematen digu». Jarrera horrek gizartearen aurrean eredugarri izan beharko lukeela uste du: «Kirolaren bitartez, beste gauza asko alda daitezke».

Erakundeen jarreraren inguruan, aldaketa baino gehiago, egokitzapena ikusten du: «Kirolariek eskatu dutenera egokitzen ari dira, bat egin dugu, eta bultzada honekin lortuko dugu ofizialtasuna». Gai horren inguruan mahai gainean gauza asko daudela dio: «Estrategia juridikoa, soziala eta nazioartekoa daude mahai gainean, eta arduradunetako bat David Salinas-Armendariz abokatua da. Ilusio eta proiekzio handia eragin dezake gai honek. Kirol federazioetan, datorren urtean, mintzagai eta aztergai izango da gai hau, eta, ikusgaitasuna lortze aldera, baliatu egin beharko dugu Euskal Herrian izango direla Sokatirako Munduko Txapelketa, eta futbolean Eurokopa, adibidez».

Espainiarekin egin beharreko negoziazioaz, iritzi hau dauka: «Mahai batean esertzea da zerbait jaso eta zerbait uztea. Espainiak beste gauza asko ere negoziatu behar ditu euskaldunekin orain, eta egungo egoera politikoa aukera ona da». Urrunago joan da, hala ere: «FIFAn eta UEFAn aurkeztu izanak beste esparru batzuetan jarri gaitu, eta lehen aipatutako Eurokopa baliatzekoa izango da negoziazioetan, adibidez». Mahai asko egon beharko liratekeela dio, eta gauza asko negoziatu beharko direla: «Eskaintzak egin behar dizkiegu espainiarrei, erakargarriak, eta lasaitasuna eman haiei. Baina azken hitza ez dago soilik Espainiaren mende; euskaldunok nazioartean egin dezakegun lanak ere eragina izango du. Dena uztartu beharko da».

Madrilen ordezkaritza politikoa duten EAJ eta EH Bildurengan ere jarri du begia: «Hamaikakoa osatzen dute, batek sei ordezkari baititu, eta besteak bost. Beren jokaldiak egin beharko dituzte. Guk ez diegu esango zer egin behar duten, baina fruituak bildu behar ditugu. Eta eragile guztien bultzada ezinbestekoa izango da. Denok horren alde eginez gero, bultzada handiagoa izango da. Borondate handia dago hemen, eta funtsezkoa izango da hori ondo bideratzea».

AINHOA TIRAPU Jokalari ohia
«Bidea inoiz baino markatuago dagoorain, behintzat»

Atezain ohiak agiri bat sinatu zuen aurreko astean Asier Riesgo, David Zurutuza eta Asier Illarramendirekin batera, federazioari eskatzeko herenegun egin zuena egin zezala. Tirapuk uste du aurrerapausoa dela, eta «egin beharrekoa» zela eskariarena, «oso geratuta» zegoelako gaia. «Manifestazioak egin eta partidak jokatzea ez da nahikoa; bide burokratikoa ere behar zen, eta azkenean lortu da, presio handia egin eta gero», azaldu du. Hala ere, uste du bide burokratikoa soilik ez delako nahikoa izango. Aurrera begira jarrita, ez du garbi ikusten noraino hel daitekeen: «Behintzat, Espainiak orain aurpegira esan beharko digu ezetz». Garbi duena da bidea «inoiz baino markatuagoa» dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.