Eten bat, indartzeko

Realeko sei jokalarik bide berri bat hartu zuten iazko udan, eta utzita ari dira ordutik. Oro har, ondo ari dira beren taldeetan; sasoi honetan egindako lana baliatu nahi dute Realean lekua egiteko.

Goitik lehena, Jon Guridi, eta behetik lehena, Martin Merquelanz, Mirandesek denboraldi honetan jokatutako partida batean. BERRIA.
Jon Ander De la Hoz.
2020ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Sarri askotan, futbolarientzat ez da samurra izaten bere kluba utzi eta beste talde batean babesa hartzea. Zer esanik ez gaztetxotatik norbere taldea izanikoa uzten badu; horixe gertatu zaie Realeko bost harrobiko jokalariri: Jon Guridi, Martin Merquelanz, Kevin Rodrigues, Jon Bautista eta Alex Solari. Baita Geronimo Rulli argentinarrari ere. Guztiek talde txuri-urdina utzi behar izan zuten udan. Eten bat egin zuten beren kirol ibilbidea indartzeko. Udan Donostiara itzultzeko xedea dute gehienek.

JON GURIDI ETA MARTIN MERQUELANZ
Elkarrekin, eta ondo

Esne mamitan daude Jon Guridi eta Martin Mequelanz. Bi jokalariek Mirandesen hartu dute ostatu, eta gauzak ondo ari zaizkie irteten. Hamargarren da Mirandes Espainiako Bigarren Mailan, eta jokalari garrantzitsuak dira biak ala biak: lehenak hogei partida jokatu ditu, eta bigarrenak, hemeretzi. Guridik bigarren sasoia du Mirandesen utzita, eta lesioek etendako garapenari segida eman dio. Gol bat ere sartu du. Zazpi sartu ditu, berriz, Merquelanzek, eta lautan eman du gola sartzeko pasea. Bikain ari da hura ere.

GERONIMO RULLI
Burua, Donostiatik urrun

Kontratua duelako, bestela, Realetik nahikoa urrundua dago Geronimo Rulli. Atezain argentinarra Frantzian ari da, Montpellierren, eta Realean izan ez zuen jokatzeko denbora izaten ari da. Hemezortzi partida jokatu ditu ligan, eta hamaikakoan egon ohi da astez aste. Haren taldea bederatzigarren dago sailkapenean, eta teknikariek konfiantza osoa dute harengan. Rullik 2022ra arteko kontratua du Realarekin, baina zaila izango du hura betetzea. Alex Remiroren aldeko apustuak Anoetako aterako bidea ixten dio. Montpellierrek hamar milioi eurotan eros dezake.

ALEX SOLA
Urratsez urrats, hazten

Etorkizuneko jokalaria da Alex Sola. Donostiarrak iragan sasoian egin zuen debuta Realarekin, eta klubak badu harenganako konfiantza. Numantzian ari da utzita jokatzen, zaildu dadin, eta badirudi leku egokia aurkitu duela horretarako. 21etik hamalau partida jokatu ditu Bigarren Mailan, eta bere taldeari goiko postuetan mantentzen laguntzen ari da: seigarren da sailkapenean. Datorren sasoian Realeko atzeko lerroan aritzeko asmoa du.

JON BAUTISTA
Jokatzeko denbora bila

Belgikan jokatzen ari da Jon Bautista aurrelari errenteriarra, KAS Eupen taldean. Realean ez zuen jokatzeko denboraren bila joan zen hara, eta aukerak izaten ari da: hemeretzi neurketatan aritu da, eta hiru gol sartu ditu. Haren taldea, berriz, hamahirugarren postuan da. Haren ibilbideak behar zuen halako susperraldi bat. Ekainean Donostiara itzuliko da, lekua egin nahian.

KEVIN RODRIGUES
Garrantzitsua izan nahian

Kevin Rodriguesek txuri-urdinez jokatu du sasoi honetan Anoetan, baina ez Realarekin, Leganesekin baizik, han ari baita ezker hegaleko atzelari baionarra. Orain arte, gorabeheratsua izan da haren jarduna. Hamar partida jokatu ditu ligan, nahiz eta azken asteetan hasieratik ari den. Gol bat sartu du. Leganes zuloan egon da orain arte, eta jaitsiera saihestu nahi du. Kevinek, berriz, sarri jokatzea eta itzultzeko merituak egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.