Philippe Montanierrek atzo egin zituen lehen adierazpenak Realeko entrenatzaile gisa, Jokin Aperribai presidenteak eta Lorenzo Juarros Loren kirol zuzendariak lagunduta. Ikusmin handia piztu zuen agerraldiak. Euskal Herriko zein Frantziako kazetariak, zuzendaritzako hainbat kide eta Michel Troin laguntzailea izan ziren entzuleen artean, besteak beste. Montanierrek ez zuen askorik sakondu argibideetan, eta ez zion kazetarion lerroburu goseari erreparatu. Frantsesez mintzatu zen, agurtzeko euskaraz «eskerrik asko» bota zuenean izan ezik, eta esaldi laburrekin betiere. Itzultzailearen jardunak ere ez zuen askorik erraztu prentsaurrekoa.
Hitzokin aurkeztu zuen bere burua frantziarrak: «Asko pozten nau hemen egoteak, Euskal Herrian. Niretzat, ohorea da Reala entrenatzea eta Ligan lan egitea. Aspalditik ezagutzen dut kluba. Atezaina izan nintzen, eta nire idoloa Arkonada zen. Tolosan aritu nintzenean, lagunarteko partidak jokatu genituen Realaren aurka. Denoueixek Naoneden entrenatu ninduen, eta hemen zegoenean erreparatu egin nion haren kirol ibilbideari. Kvarme laguna dut, bestalde». Aperribai eta Lorenekin duen «harreman ona» ere aipatu zuen: «Feeling-a eduki genuen, eta aurkeztu zidaten proiektuak ikaragarri erakarri ninduen».
«Filosofia eta nortasuna» dira, haren esanetan, proiektu horren oinarri nagusiak. «Realak harrobiko jokalari asko erabiltzen ditu, eta jokalari horiek eskarmentua dutenekin babestu nahi ditugu. Kultura eta joko-eredua finkatuak ditu klubak. Harro nago Valenciennesen egindakoarekin, baina orain Reala da inportantena». Helburua zehaztera ez zen ausartu: «Kluba eta taldea garatzea da nire egiteko nagusia. Badakit nolako maila duen Espainiako Ligak. Ez da erraza izango. Zelaiak jartzen du bakoitza bere tokian, eta hor ikusiko dugu zer egin dezakegun».
Raynald Denoueix Realeko entrenatzaile ohiak berak aholkatuta iritsi da talde txuri-urdinera. «Ezin da hark hemen egin zuena kopiatu, baina eredu da niretzat. Entrenatzaile handi guztiek dituzte miresten ditudan gauzak». «Hitz onak» baino ez zituen entzun Denoueixen ahotik: «Esan zidan balio handiko taldea dela Realak, balio sendoak dituena: errespetua, lana, umiltasuna eta borrokarako grina. Zale leialak ere baditu». Honako jokalari hauen izenak apatu zituen, taldea ezagutzen zuen galdetuta: «Aranburu, Prieto, Llorente, Bravo, Demidov, Griezmann… Bideoak ikusten jarraituko dut, iritzi sendoagoa izateko».
4-3-3koa erabili izan ohi du Valenciennesen, baina azpimarratu zuen ez dela «sistema bakar baten aldekoa». «Jokalarien ezaugarriei probetxua ateratzeko egokiena aukeratzea da gakoa. Uste dut baloia erabiltzea, jokatzea, ona dela partidak irabazteko».
Xehetasun askorik ez zuen eman bere buruaz: «Ezagutzen nauenari galdetu beharko diozue nolakoa naizen. Uste dut hobeto egokitzen dela nire eredua Espainiako Ligara Frantziakora baino». Iparraldeko Bartzelonadeitzen zioten haren aurreko taldeari. «Sekulako taldea da Bartzelona, ispilua jokalari eta entrenatzaileentzat. Baina garrantzitsuena zera da, nire dohainak eta filosofia Realaren zerbitzura jarriko ditudala».
Metodologia berria ekarriko omen du. Lan saio luzeagoak, aberatsagoak, elikadura zaintzea… «Zaila da guztia azaltzea. Nirekin zazpi edo zortzi ordu egongo bazina, posible izango litzateke argitzea [hala esan zion kazetari bati]. Orain zailena taldea motibatzea eta geureganatzea da, eta neuretzat gordeko dut horretarako zer egingo dugun». Lorenek osatu zuen erantzuna. «Banakako lana eta taldekakoa egingo da, lerroka, edota adinaren arabera,jokalariak Lehen Mailarako lehiakorrak izan daitezen lehenbailehen. Horrek orduak eskatzen ditu, baina ez guztientzat berdin. Desberdinak dira Aranburu, Elustondo eta Illarramendiren egoerak, adibidez».
Pixkanaka hartzen ari zaio neurria Montanier aldaketari: «Anoeta eta Zubieta ezagutu ditut eta asko gustatu zaizkit. Lan egiteko aukera badago». Frantziarra ez da bakarrik lehen taldean ariko, ezta gutxiagorik ere. «Ohituta nago, Michelekin batera [Michel Troin], klubaren ardura osoa hartzera. Asteburuko partida guztiak ikusiko ditugu, Reala B-renak, gazte mailakoak, kadeteak… Gerta daiteke kadeteren bat gurekin entrenatzea. Duela hiru urte, Bolougnen, 15 urteko mutiko batek Ligako Kopako partida jokatu zuen gurekin». Harro azaldu zen erronka berriaz: «Ez nator Ligan hamabosgarren sailkatu den taldera; Realera nator, talde handi batera. Eta gustatuko litzaidake hemen urte askoan egotea».
Aspalditik begiz jota
Zorterik onena opa zion Aperribaik Realeko lemazain berriari. «Gure agendan aspalditik zegoen. Berehala lortu genuen akordioa. Biziki eskertu behar dut Valenciennesekin egoera konpontzeko biek egin duten ahalegina. Klausularen zati bat bere gain hartu dute, eta horrek erakusten du interes handia zutela hona etortzeko». Montanier eta Troin «entrenatzailerik egokienak» dira, haren iritziz, «pixkanaka hazteko». «Azken prestakuntza faserako metodologia ekarriko zuen entrenatzaile bat bilatzen genuen. Zubietako teknikariak bat datoz jokalari belaunaldi garrantzitsua daukagula, eta prestakuntzak etengabekoa izan behar du».
Aperribaik ez du uste Martin Lasarte ordezkatzea arriskutsua denik. «Halakoen atzean datuak eta azterketak daude. Erosotasunean ezkutatzea da hanka sartzerik handiena». Laudorioak bota zizkion uruguaitarrari. «Harreman zoragarria dugu. Nire laguna da, eta erabakia hartu aurretik zein ondotik hitz egin dut berarekin. Kontratua berritzerakoan eta klausula zehazterakoan, esan genion denboraldi bukaeran gauzak aztertuko genituela onena zer zen ikusteko. Zoritxarrez, entrenatzaileak ez dira betiko eta Kontseiluak erabakiak hartu behar ditu».
26 jokalari ditu Realak, eta nor irtengo diren eta nor etorriko diren argitu beharko du datozen egunotan, Lorenek azaldu zuenez. «Ustekabea eta poza hartu dut, behar dugun jokalari motan zein zenbait izenetan bat gatozelako entrenatzailearekin. Bide onetik goaz». «Bizpahiru fitxaketa» iragarri zituen, baina haien egitekoa «oso garrantzitsua» izango dela argitu zuen. Illarramendi eta Cadamuro lehen taldearekin arituko dira, eta denboraldi-aurrea nagusiekin batera egingo duten gazteen zerrenda zehaztuko dute datorren asterako. Datorren uztailaren 7an hasiko dira entrenamendu saioak, eta abuztuan hamar egun emango ditu talde txuri-urdinak Italian, herrialde horretan hiru lagunarteko partida jokatzeko.
Etekina buruhauste
Realaren baliabideak «behar bezala zukutzea» da Philippe Montanier entrenatzaile berriaren helburuaJokin Aperribaik esan du Lasartek bazekiela sasoiaren amaieran gauzak aztertuko zirela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu