Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Gorka Gerrikagoitia. Euskaltel-Euskadiko kirol zuzendaria

«Etapa garaipenaren eta maillot zuriaren bila goaz»

Zoritxarrekoa izaten ari da talde laranjaren jarduna aurtengo Tourrean, Astarlozak, Txurrukak, Samuel Sanchezek eta Verdugok etxerako bidea hartu behar izan baitute; dena den, Gerrikagoitiak nabarmendu du taldeak oraindik ez duela esan azken hitza

«Etapa garaipenaren eta maillot zuriaren bila goaz».
jon eskudero
2012ko uztailaren 11
00:00
Entzun
Egun gutxiren buruan zuritik beltzera igaro da Euskaltel-Euskadik Tourrean duen egoera. Izan ere, lau txirrindulari falta ditu, artean lider nagusia: Samuel Sanchez. Ondorioz, hasierako helburuak aldatu behar izan ditu taldeak, eta orain etapa bat irabaztea du xede. Horretarako baikor dago Gorka Gerrikagoitia kirol zuzendaria (Gernika, Bizkaia, 1973), eta gaurkoa egun aproposa dela uste du.

Hasteko, zer moduz dago taldea? Pentsatzekoa da ez dela erraza izango halako egoera bati aurre egi- tea.

Oso zaila da, baina bi aste geratzen zaizkigu oraindik, eta, denon indarrak batuta, zerbait polita egin dezakegu. Dena den, falta direnen hutsunea nabaritzen da. Pentsa, Astarloza eta Txurruka galtzean asko igarri genuen, eta Samuel eta Verdugo erretiratzean, are gehiago. Baina Frantziako Tourra halakoa da, eta guri egokitzen zaigu apur bat psikologo lana egitea. Etorri aurretik bagenekien nora gentozen, eta, orain, aurrera begiratzea dagokigu.

Bada, horretarako onena etapa bat irabaztea litzateke.

Dudarik gabe. Horixe da taldeak orain daukan helburu nagusia. Baina ez bakarra. Izan ere, Gorka Izagirrek soilik bost minutura dauka maillot zuria, eta, oso indartsu dagoenez, lor dezakeela pentsatzen dugu. Batek daki. Zaila da, baina ez ezinezkoa.

Etapa garaipenerako izango duzue egunen bat begiz jota.

Iruditzen zaigu gaurko etapa aproposa dela Gorkarentzat, ziur asko ihesaldia helmugara helduko baita. Le Grand Colombier amaiera aldera dago, eta horrek lagun diezaguke. Oraingoz etaparik egokiena gaurkoa da, bai- na horrek ez du esan nahi hurrengo egunetan saiatuko ez garenik.

Euskalteli geratzen zaizkion bost txirrindulariak, behintzat, sasoi onean daude.

Bai, oso onean. Egoi Martinez oso-oso ondo sentitzen ari da, aspaldian ez bezala, eta Pablo Urtasun ek erakutsi du ez daukala arazorik ihes egiteko. Ia etapa bat irabazteko zorian egon zen. Ruben Perez eta Jorge Azanza, berriz, txirrindulari ezberdinak dira, baina biak onak.

Itxura txarra, oraingoz, erorikoak ari dira uzten. Zer ari da gertatzen?

Hein handi batean, normala da hainbeste erortzea, tentsio izugarria egoten delako eta denak ezin izaten direlako tropelaren aurreko aldean joan. Urteroko kontua izaten da. Iaz ikusi genuen nola RadioShack taldeak lau liderrak galdu zituen. Aurtengo Euskaltel-Euskadiri iazko RadioShacken antza hartzen diot. Rabobankekin batera gu gara Frantziako Tourreko galtzaile nagusiak. Beti egoten da kalteturen bat, eta, zoritxarrez, guri egokitu zaigu. Hori bai, ur handi hauetatik ateratzen jakin behar da.

Eta erorikoak kasualitate edo zorte txar huts dira?

Nik beti esaten dut gauzak zerbaitegatik gertatzen direla, eta ez kasualitatez. Beraz, gertatu zaigun guztia hausnartu egin behar dugu: zergatik galdu ditugun lau txirrindulari… Euskaltelen lehenengo astea aparta izan zen, baina seigarren etapan eroriko latza gertatu zen, eta gure hiru ziklista harrapatzea ez da normala. Eta ez harrapatzea bakarrik, hirurek hausturak izatea eta erretiratu behar izatea ez da batere normala. Nire iritziz, kontu horiek ez dira gertatzen zorte txarrez. Erorikoetan dago Tourraren arrisku nagusia, eta gu zepoan erori gara.

Samuel Sanchez erorikoaren erruz erretiratzea ere ez da ohikoa.

Etxera iritsi zenean berarekin hitz egiteko aukera izan nuen, eta esan zidan profesionaletan daramatzan hamahiru urteetan eginiko lehen haustura duela. Noizbait tokatu behar zitzaion, eta aurten izan da. Dena den, zaildutako txirrindularia da, eta animo aldetik oso ondo dago. Orain, indarberritzeko lanari ekin beharko dio, eta ahal badu, Olinpiar Jokoetarako osatu. Guk horixe nahi genuke, Espainiako Itzulirako ere prest egon dadin.

Hurrengo urtean World Tourrean egoteko puntuak behar dituzue, eta Tourrean lortu ezingo dituzuenez, planak aldatuko al dituzue?

Derrigorrean. Tourrean puntu mordoa eskuratzea espero genuen, baina orain hankamotz gelditu gara. Gainontzeko lasterketekin konpondu beharko dugu arazoa, eta horietako bat Espainiako Vuelta da. Ahalik eta talde indartsuena eramango dugu. Gauzak ongi joanda, Tourrean galdu ditugun txirrindulariak prest egongo dira Vueltarako: Astarloza, Txurruka, Samuel Sanchez… Azken hori osatzeko epea aztertu egin beharko dugu. Vueltaz gain, egun bakarreko lasterketek ere berebiziko garrantzia izango dute: Donostiako Klasikoa, Lombardiako Giroa, Kanadako Klasikoa… Guztietara talde indartsuak eraman beharko ditugu. Hurrengo bi asteetan finkatuko dugu txirrindulari bakoitzaren egutegia.

Eta kasurik okerrenean, behar adina puntu eskuratuko ez bazenituzte, gehiago zabalduko litzateke atzerritarrak fitxatzeko aukera?

Orain ezin dezakegu halakorik pentsatu. Taldearen beharraren arabera egingo ditugu fitxaketak. Alberto Garcia Erauskinek garbi utzi zuen Euskaltelen filosofia lehengo bera dela, eta Euskal Herrian ere txirrindulari on asko ditugu. Agian, ez dute beste hainbatek adina punturik izango, baina gure apustua etxean dago. Atzerritarrak soilik behar baldin badugu ekarriko ditugu. Urte amaieran aztertuko dugu zer behar dugun eta zer ez datorren urterako.

Tourrari dagokionez, Wiggins ikusten al duzu faborito?

Hasieran, Cadel Evans zen nire hautagaia. Baina, erlojupekoa ikusita, Christopher Froome da, nire ustez, indartsuena. Gaitasun handienekoa da. Bradley Wigginsen taldekidea da, ordea, eta Wigginsek kale egiten badu izango du irabazteko aukera soilik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.