Richard Carapazek (Ineos) lortu du Espainiako Vueltako 20. etapa garaipena. Ihesaldian egon eta gero, bakarrik helmugaratu da Ekuadorrekoa, eta mendiko maillota ere eskuratu du. Sailkapen nagusiaren lehian ez dira esperotako mugimenduak ikusi. Remco Evenepoelek (Quick-Step) aise eutsi dio arerioen saiakera gutxiei, eta azkenean elkarrekin iritsi dira faboritoak. Etapa bat falta bada ere, flandriarra izango da Vueltako garailea. Enric Mas (Movistar) izango da bigarren, eta Juan Ayuso (UAE) gazteak osatuko du podiuma.
Sailkapen nagusiaren borrokan ari ziren taldeak hasieratik mugitu dira, baina eguneko ihesaldia sortzerako hainbat kilometro igaro dira. Bost txirridularik lortu dute tropeletik ihes egitea, baina Canencian (7,5 kilometro luze eta %4,9ko pendiza), eguneko hirugarren mendatean, beste hogei txirrindularik lortu dute haiekin bat egitea. Horien artean izan da Richard Carapaz (Ineos), mendiko maillota ziurtatzeko helburuarekin.
Laugarren mendatean, ordea, mugimenduak izan dira aurrean. Lehenengo mailako mendatea da Morcuera (9,4km %6,9an), eta oso gogorra egin zaie ziklistei. Ihesean asko zirela ikusita, Louis Meintjesek (Intermarche) erasoa jo du, eta Carapazek eta Sergio Higuitak (Bora) harekin batera egin dute aurrera.
Tropelak hiru minutuko galerarekin hasi du mendatea, eta Movistar jarri da buruan. Erritmo gogorra ezarri du, eta Evenepoel taldekiderik gabe uztea lortu. Hori ikusita Mas erasora igaro da, baina Evenepoelek ondo erantzun dio aurreneko saiakeran. Haiekin batera Ayusok, Miguel Angel Lopezek (Astana) eta Joao Almeidak (UAE) egin dute aurrera, besteak beste. Hala ere, mendatea amaitu ondorengo jaitsieran elkartu dira tropel horretan faborito guztiak.
Helmugarako hogei kilometrora hasi dute txirrindulariek azken mendatea: Cotos (10,2km %5,7an). Tropelarekiko 1.20ren aldearekin abiatu du aurreko taldeak azken mendate hori, eta Higuita eta Carapaz bakarrik gelditu dira aurrean. Tropelean UAEk ezarri du erritmoa igoerako lehen zatian, baina berehala jarri da Movistar buruan, berriro ere. Masek ez du indarrik izan mugimendurik egiteko, eta Lopez birritan saiatu bada ere, elkarrekin egin dute helmugarako bidea faboritoek. Taldeburuetan, Carlos Rodriguez (Ineos) bakarrik gelditu da atzean.
Eraso horiekin asko hurbildu da faboritoen taldea aurreko bikotearengana, baina Carapazek hortzak estutu ditu Cotosen, eta azken metroetan erritmo aldaketa bortitz bat egin du. Hogei segundoko aldearekin amaitu du Ekuadorrekoak mendatea. Abiadura bizian egin ditu azken kilometroak maldan behera, eta zeukan aldeari ondo eutsi dio. Hirugarren etapa garaipena eskuratu du Carapazek aurtengo Vueltan, eta horrela esango dio agur Ineosi. Masek ez du indarrik izan Evenepoel ataka larrian jartzeko, eta azken etapa falta bada ere, flandriarrak eramango du maillot gorria. Haren lehen garaipena izango da itzuli handi batean. Masek eta Ayusok osatuko dute podiuma.