Asko egin behar da atzera Euskal Herriko Itzuliko etapa baten amaiera Gernika-Lumon (Bizkaia) ikusteko. Zehazki, duela 56 urte izan zen: Donostiatik abiatutako etapa bertan amaitu zen, 1969ko apirilaren 19an. 118 kilometroko lehen sektorea izan zen hori, eta Raymond Riottek altxatu zituen besoak Urdaibaiko bihotzean. Egun berean, etapa horren bigarren sektorea egin zen, eta Raymond Poulidorrek egin zituen azkarren Gernika-Lumotik Bilbora dauden 43 kilometroak. Bada, gaur berriro hartuko du herriak Itzuliko etapa baten amaiera, Urduñatik abiatuta (Bizkaia) 172 kilometro pasatxo egin eta gero.
Euskal Herriko eskualde gehienetan bezala, bizikletarako pasioa Busturialdeko txoko guztietan sumatzen da, paraje ederrak eta trafikorik gabeko igoeratxo labur baina gogorrak non-nahi baitaude. Txirrindularitza zaletasun hori, gainera, are puztuagoa egongo da gaur, Itzulian parte hartzen ari den txirrindularietako baten sorterria baita: Pello Bilbaorena.
Itzulia hasi aurretik faboritoetako bat bazen ere, azken etapetan atzean geratu da, eta jada ezinezkoa du Euskal Herriko lasterketa nagusia etxeratzea. Hala ere, horrek ez ditu zapuztuko herritarren harrotasuna eta animatzeko gogoa, eta herria Bilbaoren aldeko afixaz eta aldarrikapenez beteko dute gaur. Gainera, sailkapen nagusian atzean dagoenez, Itzulia irabazteko helburua duten txirrindulariek ez diote horren gertutik erreparatuko Bilbaok egiten duenari, eta errazago izango du ezusteko une batean erasoa jo eta helmugara lehen iristea.
Bahrain taldeko txirrindularia aurtengo Itzuliko azken-aurreko etaparen aurkezpenean izan zen aurreko astean, eta harekin batera izan ziren eskualdeko txirrindulari ohi esanguratsu batzuk eta Urdaibai Txirrindularitza Taldeko kirolari batzuk, baita Gernika-Lumoko alkate Jose Maria Gorroño eta kirol zinegotzi Gorka Otaolea ere. Haritz Orbe txirrindulari ohi gernikarrak urte mordoa eman ditu Bilbaorekin batera entrenatzen, eta ederki ezagutzen ditu haren bertuteak. Gizon «lasaia» da, haren hitzetan, «umila eta lotsatia», eta hori da lasterketa onak egin ostean egin izan dizkieten omenaldietan horren lotsatuta agertzearen arrazoia.
Igoeratxo gogorrak
Ibilbidea ikusi du Orbek, eta Bilbaoren ezaugarrietara ondo moldatzen dela uste du. Izan ere, berak azaldu bezala, 60. kilometrotik aurrera igoera labur baina gogor batzuk daude, errepide estuetan. 2.600 metro baino gehiago igo beharko dituzte etapa osoan, eta, izatez mendate kategoria duten lau igoera bakarrik badaude ere, azken 60 kilometroetan pendiz handiko bi igoera gainditu beharko dituzte txirrindulariek: Akorda, Atxarre ermitaren azpiko auzoa, eta Zallobante, Forutik (Bizkaia) igota.
Orbe ere gernikarra da, Bilbaoren moduan, eta gaurko ibilbidea «polita» dela uste du; azken 50-60 kilometroetako errepideak estuak direnez, tropela «luze-luze eginda» joango dela aurreikusten du: «Itzuliko etapa guztiek dute beren zailtasuna, baina Gernika-Lumokoa bihurria izango da».
Hala deskribatu ditu azken kilometroak: «Igoera motzak dira, esplosiboak, eta bide sigi-sagatsukoak. Gernika-Lumotik lehen aldiz pasatu eta gero hondartzetara doaz, eta lehen aldapa igo eta gero gorabehera asko izango dituzte; arnasa ezin hartzeko moduko kilometroak izango dira, eta kokapena oso garrantzitsua izango da». Azken gailurrera igo, eta gero behera egingo dute, eta helmugara arte errepidea aldapan behera eta ordekan joango da, malda labur bat izan ezik.
«Gorabehera asko izango dituzte; arnasa ezin hartzeko moduko kilometroak izango dira, eta kokapena oso garrantzitsua izango da»
HARITZ ORBETxirrindulari ohia
Jesus Angel Ruiz Teran txirrindulari ohi eta entrenatzaile gernikarrak ere Orberen iritzi bera du; hau da, Bilbaorentzat eginda dagoela etapa, «bertakoek ere ezagutzen ez dituzten errepide batzuetatik» igaroko baita tropela. Gainera, etxean ibiltzeak lagunduko diola uste du, «bera hazi den errepideetatik» ibiliko direlako: «Uste dut begiz jota daukala etapa».
Ruiz Teranek gertutik ikusi zituen Bilbaoren lehen urratsak txirrindularitzan, berarekin hasi baitzen lehiatzen: «Nire semearen laguna zen, eta behin esan zion txirrindularitzan hasi nahi zuela, baina lehenago lasterketa bat ikusi nahi zuela. Beraz, Lizarrara eraman nuen lasterketa bat ikustera. Hurrengo astean semea etorri zitzaidan esanez apuntatu nahi zuela. Kadete eta gazte mailan izan genuen hemen».
Ruiz Teranek esan duenez, hasieratik ikusi zuten txirrindularitzarako egina zegoela, eta lehen lasterketan zazpigarren geratu zen. «Ikusten zen ez zuela maisu askorik behar ikasteko. Txikitatik lasterketak ondo ikasten zituen, aurrez aukerak ikusteko. Beti entrenatu da asko, eta bizikleta gainean oso tipo azkarra da».