Eta Zaragoza Granada izango balitz?

Realak Espainiako Kopako finala jokatuko du gaur, Bartzelonaren kontra. Irabaziz gero, bigarren garaikurra luke Natalia Arroyok zuzentzen duen taldeak. Lehen minutuetan ondo eustearen garrantzia nabarmendu du Nerea Eizagirrek.

Realeko jokalariak, atzo, Romaredan egindako azken lan saioan. JAVIER CEBOLLEDA / EFE
ainara arratibel gascon
2024ko maiatzaren 18a
05:05
Entzun

Zaragozako Romareda estadioak esanahi berezia du Realaren historian. 1987an, klub txuri-urdinak Espainiako Kopa irabazi zuen bertan. Gaur, zelai horren eta Realaren historiaren arteko lotura are handiagoa bilaka daiteke, bigarrenez irabazi baitezake Kopa estadio horretan. Lehenengoa gizonezkoen taldeak jaso zuen, eta, oraingoan, emakumezkoenak du aukera hori. Berezia ere izango litzateke irabaztea, Añorgak, Euskal Herriko emakumezkoen futboleko talde aitzindarietako batek, zelai horretan lortu baitzuen Kopa titulua 1991n. Katea ez da eten.

Natalia Arroyok zuzentzen dituen jokalariek aurrean duten erronka ez da nolanahikoa. Bartzelona izango dute parez pare, munduko talde indartsuenetako bat. Ia garaiezina dirudi. Denboraldi honetan jokatu dituen 34 partidetan, adibidez, 159 gol sartu ditu, eta 10 baino ez ditu jaso. Baina Realeko jokalariek aste honetan bertan aipatu duten moduan, badira sinesteko motiboak.

Granadan ere Kopa irabaztea ezinezkoa zirudien. Atletico Madril zen faborito, baina txuri-urdinek irabazi zuten garaikurra. Bost urte igaro dira, baina ilusioa eta gogoa orduko berdinak dira, bai jokalarien eta bai zaleen artean. Bi ezaugarri horiek izan ziren garaipen haren zutarrietako bi, eta sobera dira gaurkoan ere. Izan ere, futbolak duen xarmetako bat da batzuetan faboritoak ez duela irabazten.

Sinesteko beste motiboetako bat da taldeak Kopan egin duen ibilbidea. Txapelketa horretan egin ditu denboraldiko partidarik onenak, eta ez nolanahiko aurkarien kontra. Final-laurdenetan Levante kanporatu zuen, partida bakarrean, Herrialde Katanaletako taldearen zelaian. Finalerdietan, berriz, Atletico Madril hartu zuen mendean, joan-etorriko kanporaketan. Biak ligako talderik indartsuenetakoak dira, eta Reala gai izan zen bidean uzteko; ondo jokatuta, gainera.

Bestalde, nahiz eta hainbat neurketatan alde handiz galdu, Reala izan da azken urteetan Bartzelona estu hartzeko gai izan diren talde bakanetako bat. Aurreko denboraldian, ligan, balentria egitear egon zen Johan Cruyff estadioan. Partida ikusgarria jokatu zuten txuri-urdinek, ausart, konplexurik gabe. Nor baino nor gehiago lehiatu ziren Jonathan Giraldezek zuzentzen duen taldearen kontra. Aurretik ere jarri ziren, baina geldikako bi jokalditan bi gol sartu zituen Bartzelonak: bigarrena 89. minutuan. Reala esku hutsik itzuli zen Bartzelonatik orduan. Baina gaur halako partida bat eginez gero, aukerak izan ditzake garaikurra irabazteko.

Denboraldi honetan, gainera, Levantek, Benficak eta Chelseak erakutsi dute Bartzelona hezur-haragizkoa dela. Horra hor sinesteko beste arrazoi bat. Natalia Arroyok eta haren entrenatzaile multzoak zehatz-mehatz aztertuko zituzten partida horiek gaurko finala prestatzeko orduan. Arroyo, gainera, beti saiatu da planteamendu diferenteen bidez Bartzelona estu hartzen. Konplexurik gabe egin du, gainera, arreta eta fokua aurkarian baino gehiago bere taldean jarriz. 

Horri lotuta dago sinesteko ondorengo arrazoia: Realaren indarguneak. Elene Leteren patxada eta ziurtasuna, Nahia Aparicioren indarra eta ausardia; Andreia Jacintoren argitasuna; Nerea Eizagirreren magia; Amaiur Sarriegiren gol aukerak sortzeko gaitasuna; Sanni Franssiren lan nekaezina; Synne Jensenen gol sena... Asko dira indarguneak. Baina, batez ere, talde izpiritua. Jokalari txuri-urdinak jakitun dira, buruz buru Bartzelonako jokalariek duten kalitatearen aurrean, talde moduan duten indarra agertu behar dutela. Nekea agertzen denean, batak bestearengatik korrika egin beharko dutela, eta defentsako lanean zein presioan oso batuta egon beharko direla. Gaurkoa da benetako finala Realarentzat. Bartzelonak, berriz, hemendik astebetera beste bat izango du: Txapeldunen Ligakoa. Hori antzeman egin behar da.

Eta, noski, zaleen indarra. Realaren 5.000 zaletik gora izango dira gaur Romaredako harmailetan. Txuri-urdinez jantziko dute Zaragoza, eta Granadan bezala, haiek izango dira taldearen hauspoa neurketako une zailetan.

Jokalari guztiak prest

Gaurko neurketari begira, Natalia Arroyok jokatzeko moduan du multzo guztia. Teknikaria gogoz zegoen eguna iristeko. «Bete-betean bizi nahi dut finala; zirraragarria izango da», Taldea «ondo eta prest» ikusten du neurketari begira. Denboraldi honetan Bartzelona estu hartu duten taldeen inguruan, ondorengoa adierazi zuen: «Talde bakoitza desberdina da; ez ditugu jokalari berdinak. Baina argi dago partida horietan gertatutako hainbat egoera baliagarriak izan daitezkeela finalerako».

Nerea Eizagirrek ondorengo gakoak aipatu zituen finala irabazteko aukerak izateko. «Garrantzitsuak izango dira partidako lehen minutuak. Haiek aurretik ez jartzea lortu behar dugu, eta partida luze joatea. Sendo eta indartsu egon behar dugu, eta gure aukerak baliatu. Gainera, ilusioari dagokionez, ez digu inork irabaziko. Bost urtean lau final jokatu ditugu, eta gauza handia da hori. Gainera, Nataliaren aroa ondo biribildu nahi dugu. Horregatik ere gure onena emango dugu».

Bartzelona-Reala

Bartzelona: Paños; Ona Batlle, Irene Paredes, Engen, Rolfo; Walsh, Patri Guijarro, Aitana Bonmati; Mariona, Paralluelo eta Graham.

Reala: Elene Lete; Emma Ramirez; Vanegas, Aparicio, Etxezarreta, Bernabe; Andreia; Nerea Eizagirre, Amaiur, Franssi eta Jensen.

Epailea: Eugenia Gil Soriano.

Tokia: Romareda.

Ordua: 19:00 (ETB1)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.