Eta segi, eta segi, eta segi...

Julian Arredondok irabazi du Italiako Giroko 18. etapa, beste behin ihesaldian sartu eta azken igoeran lasterketa hautsitaCadel Evansek huts egin du Panarottan gora, eta Pierre Rolland jarri da hirugarren

Julian Arredondo kolonbiarra, atzo, Panarottako helmugan, ezker besoa altxatuta, garaipena ospatzen. LUCA ZENNARO / EFE.
unai zubeldia
2014ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Erortzerako altxatuta zegoen Julian Arredondo (Trek). Seigarren etapan. Giroa hankaz gora joan zen egunean. Hemezortzi minutu eta erdi galdu zituen etapa hartan, baina askatasuna, amorrua eta erronka gogoa irabazi zituen. «Giroan etapa bat irabaztea da nire ametsa». Helburu horrekin ekin zion kolonbiarrak lasterketari, Robert Kiserlovski taldekidearekin biko indartsua osatuz. Baina mendiko maillota lehiatzeko aukera ireki zion Montecassinorako bidean izan zen erorketak. Erasoari erasoa lotuz dabil ordutik, maillot urdina soinean duela.

Eta horrela bete zuen atzo «umetako ametsa». Hamalau txirrindulariko ihesaldian sartu, Fabio Duarterekin (Colombia) kirol ika-mika polita eduki, eta Panarotta azken mendatean gora erritmo aldaketak eginda. Altxatzea izaten da erorketaren pausorik zailena, eta, ikasi nahi duenarentzat, ikasgai ederra ematen ari da Arredondo. Batzuek amore emango zuten unean segi, eta segi, eta segi egin du 25 urteko kolonbiarrak, eta bikoiztuta iritsiko zaio saria: etapa garaipen bat eta mendiko maillota.

Nairo Quintana (Movistar), Rigoberto Uran (Omega), Pierre Rolland (Europcar), Fabio Aru (Astana), Rafal Majka (Tinkoff)... Horien inguruan ibiltzeko prestaketa egin zuen kolonbiarrak Giroaren atarian, baina punta banatan dabiltza bi mutur horiek. Arredondo erasoa jo eta jo, eta Giroa irabazteko faborito gehienak apalduta. Dotorea zen atzoko etapa handiren bat egiteko, baina, Movistarren babesean, azken igoerara arte elkarrekin egin zuten bidea txirrindularirik indartsuenek. Bi egun gogor geratzen zaizkio Giroari, eta eragin nabarmena izan zuen horrek.

Menua ona zen, baina faboritoen artean ez zen izan inolako mugimendurik azken-azkenera arte. Diego Ulissi (Lampre) eta Ivan Santaromita (Orica) ordurako etxerako bidean zirela, ederki kostata osatu zen ihesaldia. Hamalau txirrindularikoa. Espero zen bezala, tartean ziren Arredondo eta Dario Cataldo (Sky) mendiko maillotaren borrokan dabiltzan bi txirrindulariak. Puntu dezente zeuden jokoan atzo, eta uzta bikaina jaso zuen kolonbiarrak.

Puntu pilaketan hasi aurretik, Tim Wellensek (Lotto) piztu zuen sua tropel buruan, eta hari segika gorpuztu zen hamalau txirrindulariko taldea. Arredondo eta Cataldorekin batera, taldetxo horretan sartu ziren, besteak beste, Ivan Basso (Cannondale), Matteo Rabottini (Neri), Franco Pellizotti, Emanuelle Sella (Androni), Duarte eta Thomas De Gendt (Omega). Elkarlanean txukun, eta Movistarren baimenarekin, azkar antzean joan zen aldea zazpi minutuko langatik gora. Beste behin ere, aurrean zegoen etapa garaipena.

San Pellegrino eta Redebuseko puntuak pilatuta, bi puntarekin iritsi zen Giroa Panarotta lehen mailako mendatearen magalera. Etapa jokoan aurrean; Giroa bera atzean. Eta, egiari zor, atzean baino ikuskizun ederragoa izan zen aurrean. De Gendtek jo zuen erasoa urrutitik, eta flandriarraren mugimendu horrek hautsi zuen tropeltxoa. Oso Giro apala eginda, aukera polita zeukan parez pare Bassok, eta gogotik saiatu zen italiarra, De Gendten atzetik joateko ardura hartuta. Baina bere ahaleginean lehertu zen gero.

Rolland eta Kelderman, bizi

Ordurako bi kolonbiarrak mokoka zebiltzala, helmugara iristeko sei kilometro falta zirela iritsi zen Arredondoren behin betiko erasoa. Kito. Hortxe amaitu zen etapa. Saiatu zen Duarte herrikideari begiradarekin jarraitzen, baina ametsak betetzeko eguna zen atzokoa. Pedal-kolpe arin-arinarekin, erabat merezitako saria jaso zuen Panarotta gainean. Atzean, berriz, Ag2r-k, Europcarrek eta Garminek bizitu zuten erritmoa, eta Rolland eta Wilko Keldermanen (Belkin) erasoak izan ziren ondoren serioenak. Ondorio bakarra utzi zuten mugimendu horiek: Cadel Evansen (BMC) ezina. Quintanarekiko 38 segundo galduta, hirugarren postutik bederatzigarrenera jaitsi da australiarra. Rolland dago orain hirugarren, eta bi segundora dauzka Aru —hiru segundoren aldea lortu zuen azken unean mugituta— eta Majka.

Bassano eta Monte Grappa artean, Giroko etaparik motzenetan bigarrena baina erabakigarrienetakoa jokatuko da gaur: 26,8 kilometroko kronoigoera. Lehen zortzi kilometro etzanen ondoren, gogor-gogorra da igoera. 19 kilometroko igoera da Monte Grappa, eta %8,1eko batez bestekoa dauka. Bi atseden txiki badauzka tartean, baina itoa eta pareta askokoa da ibilbidea. Urrutira joan gabe, %11,8ko batez besteko aldapa dago azken kilometroan, eta %8,8koa da aurreko bi kilometroen datua. Bihar Zoncolan beldurgarria zain dutela, mutur-muturreko ahalegina egin beharrean dira gaur faborito guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.