Bengoetxea-Larunbe 22 Jaka-Zabaleta 17

Eta orain, zain egon behar

Bengoetxea VI.a-Larunbek irabazi egin diete Jaka-Zabaletari, eta gaurko Irribarria-Rezusta eta Olaizola II.a-Untoria lehiak ematen duenaren zain daude finalean ariko diren jakiteko

IñIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Julen Etxeberria.
2017ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Iraupena. 70.80.

Pilotakadak. 529.

Sakez. Bengoetxea VI.ak bost; Jakak batere ez.

Markagailua. 0-2, 1-2, 1-3, 2-3, 2-6, 3-6, 3-7, 4-7, 4-9, 7-9, 7-13, 10-13, 10-16, 19-16, 19-17 eta 22-17.

Bestekakoak. Lepo bete zen berriro Iruñeko Labrit pilotalekua. 1.100 ikusle inguru izan ziren harmailetan, eta giro paregabea izan zen jaialdi osoan. Apustuak nabarmen atera ziren Bengoetxea VI.a-Larunberen alde, doblean.

Oinatz Bengoetxeak eta Mikel Larunbek egin dute euren eskuetan zegoena Binakako Txapelketako finala jokatzeko. 22-17 irabazi zieten atzo Erik Jakari eta Jose Javier Zabaletari Iruñean, Labrit pilotalekuan, finalerdietako ligaxkako azkeneko jardunaldiko azken-aurreko norgehiagokan. Garaipen horri esker, Asegarceko bikoteak beste urrats bat egin du heldu den apirilaren 9an Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko den finalerako bidean.

Gaur ikusiko da egindako urratsak helburua lortzeko balio dion edo ez. Iker Irribarriak eta Beñat Rezustak Aimar Olaizolaren eta Alvaro Untoriaren aurka Bilbon jokatuko duten norgehiagokak zehaztuko du balekoa den edo ez. Bi dira aukerak Bengoetxea VI.a-Larunbe finalerako sailka daitezen. Bata, Irribarria-Rezustak irabaztea da; horrela, Bengoetxea VI.a-Larunbek eta Irribarria-Rezustak jokatuko lukete finala. Beste aukera, berriz, Irribarria-Rezusta 11 tantora ez iristea da; horrela, Asegarceko bi bikoteak izango lirateke finalean. Gaur-gaurkoz, hiru bikotek dute aukera sailkatzeko. Elezkano II.a-Zabaletak osatutakoa, ordea, jada lehiaketatik kanpo dago, garaipenik ez baitu lortu azken ligaxkan.

Bengoetxea VI.a-Larunbek hamahiru tanto ez egitea; horixe zen Elezkano II.a-Zabaletaren aukera bakarra sailkatzeko itxaropenari eutsi ahal izateko. Eta hain zuzen ere, faktore hori erabakigarria izan zen atzoko partidan. Izan ere, Bengoetxea VI.a-Larunbe hamahirugarren tantora iristea eta Aspekoak behera egitea biak bat izan ziren. Bat-bateko txakalaldia izan zen, ezustekoa, ordu arte bikain ari baitziren, hasieratik aurretik, lehen tantotik euren jokoa inposatuz. Ederki ari zen Jaka aurrean, Bengoetxea VI.arekin nor baino nor, baita hura baino gehiago izaten ere. Oso deseroso ari zen Leitzakoa, baita Larunbe bera ere, Zabaletarekin lehian. Atzelari nafarra nagusi zen piloteoan, eta nagusitasun horrek urduritu egin zuen atzelari bizkaitarra, eta haren hutsak behartu.

Iraultza: 10-16tik 19-16ra

Baina bat-batean, erori egin zen Aspeko bikotea, eta txakalaldi horrek irauli egin zuen partida, eta, noski, baita emaitza ere: 10-16tik 19-16ra pasa zen ziztu batean. Konturatu orduko oso maldan gora zuten partida Aspekoek, eta oso maldan behera Asegarcekoek. Hazi egin zen tarte horretan Bengoetxea VI.a, eta aurkariak zigortzen hasi zen, sakez, boleaz... Partidako lehen zatian pattal aritu ondoren, ikusgarri aritu zen bigarrengoan. Azkenean, hamabost tantorekin amaitu zuen partida. Haren susperraldiak, gainera, Larunbe indarberritu zuen. Atzelari bizkaitarrak gainetik kendu zituen nerbioak bigarren zatian, ordu arte erabat lotuta jokatzera kondenatu zutenak. Pixkana-pixkana atzean nagusi izaten hasi zen, eta aurrean gertatu bezala, atzean ere goitik behera aldatu zen egoera: Zabaleta hasi zen hutsak bata bestearen atzetik egiten. Jabetu orduko, 22. tantora iritsi ziren Asegarcekoak.

Bengoetxea VI.a-Larunbe Bilbora begira egongo dira gaur, bertan jokatuko baitute Irribarria-Rezustak eta Olaizola II.a-Untoriak finalerdietako ligaxkako azkeneko norgehiagoka. Bi bikote horiek bitan jokatu dute elkarren aurka aurten Binakako Txapelketan, eta bietan nagusitu dira Aspekoak, 22-7 eta 22-19, hurrenez hurren. Gaur ere faborito argiak dira. Ikusgarri ari dira: hamasei partidetatik bi baino ez dituzte galdu; hamalau irabazi dituzte, azken zazpiak jarraian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.