Nahieran dabil Jumbo Visma Espainiako Vueltan. Atzo, beste erakustaldi bat eman zuen hamaseigarren etapan. Lau egun lehenago Tourmaleten egin bezala, Jonas Vingegaardek nagusitasun osoz irabazi zuen. Bejesen, bost kilometro eskaseko mendate labur bezain gogorrean amaitu zen etapa, eta danimarkarra berriro izan zen indartsuena aldapan gora.
Helmugarako lau kilometroren faltan jo zuen erasoa, eta inor ez zen gai izan haren gurpilari eusteko. Bakar-bakarrik geratu zen aurrean, eta halaxe iritsi zen baita helmugara ere. Minutuko aldea atera zien faborito gehienei. Elkarrekin ailegatu ziren Juan Ayuso (UAE), Enric Mas (Movistar), Aleksandr Vlasov (Bora) eta Primoz Roglic (Jumbo Visma). Sepp Kuss liderra (Jumbo), berriz, 1.05era iritsi zen, Mikel Landarekin batera (Bahrain). Helmugako aldeari esker, Vingegaardek aurrea hartu dio sailkapen nagusian Roglici, eta gertu du orain Kuss, 29 segundora. Hori kontuan hartuta, nor da taldeburua orain? Kuss, Vingegaard ala Roglic? Itxura du taldeak baino gehiago, errepideak zehaztuko duela hori.
Jumbo gozatzen ari da Vueltan, baina atzo kolpe oso gogorra jaso zuen. Nathan van Hooydonck taldeko ziklista belgikarra oso larri dago, autoan zihoala bihotzekoa izan, eta istripua izan eta gero. 27 urte ditu. Haren emaztea arin zauritu zen. Taldekideari eskaini zion garaipena Vingegaardek.
Gaur, Angliru
Gaurko etapak beste estutu bat emango dio Vueltari. Etapa motza da hamazazpigarrena, 125 kilometro eskasekoa, baina izugarri gogorra. Txirrindulariek hiru mendate igoko dituzte azken 60 kilometroetan: Lehen Mailako Colladiella —7,8 kilometroko luzera, eta 7,1eko batez besteko pendiza— eta Cordal -5,4 kilometroko luzera, eta %9,2ko pendiza—, eta Mailaz Kanpoko Angliru —12,4 kilometroko luzera, eta %9,8ko pendiza—. Azken horren gailurrean amaituko da etapa.
Eta orain, nor da taldeburua?
Vingegaardek irabazi du Espainiako Vueltako hamaseigarren etapa. 1.15 atera dio Kussi, eta 29 segundora besterik ez dauka liderra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu