Eta orain, lurrikara Taxoaren

Miguel Artxankok Osasunako bazkideen esku utzi du bere kargua, eta ezohiko batzarrera deituko du «ahalik bizkorrena»Ogasunak zorra ordaintzeko taldearen planteamendu berria entzun nahi du

Miguel Artxanko albora begira, atzo goizean Taxoareko kirol instalazioetan emaniko prentsaurrekoan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Zalaparta eta kristal hautsi hotsa oraindik ez da isildu Iruñean, eta badirudi beste hilabete batean gutxienez zaratak jarraituko duela. Gutxi gorabehera Miguel Artxanko Osasunako presidenteak aurki deituko duen bazkideen ezohiko batzarra egin arte. Izan ere, eta ezustean, bere kargua bazkideen esku utziko duela jakinari zuen atzo Artxankok, Taxoaren eginiko agerraldian. Ez da dimisio emate bat, bazkideen «konfiantza» maila neurtzeko deia baizik. «Eurek aukeratu ninduten, eta taldearen jabe diren heinean eurei dagokie jarraitu behar dudan edo ez argitzea», azaldu zuen erabakia presidenteak.

Osasunak iragan igandean galdu zuen maila, eta hartaz geroztik albisteak arrapaladan iritsi dira. Lehenbizi epe motzeko zorraren azaleratzea izan zen—— zazpi milioi euro ordaindu behar ditu uztailaren 31ren aurretik—; gero, Javi Graciak ez zuela jarraituko jakitea; eta, azkenik, Artxankoren enbidoa. Erabakiaren iturburua, gainera, presidentearen gertuko jendearengan dago. Osasunako zuzendaritzak sei kide ditu,eta batek dimisioa eman zuen herenegun. Beste batek atzo eman behar zuen, zuzendaritzaren ezohiko bileran. Osasunako estatutuen arabera, zuzendaritzak bost kide baino gutxiago baditu presidenteak dimisioa eman behar du. Artxankok egin zuena, beraz, zuzendaritzako kideei aurrea hartzea izan zen.

Taldeko buruaren etorkizuna erabakiko duen batzarra ekainaren erdi aldera egingo da, eta, emaitzaren arabera, hauteskundeak antolatu beharko dira. Artxankok esan zuenez, karguan jarraitzeko «indarra» du, baita «taldea egoera berriak behartzen duen tokira eramateko» ere. Horretarako, baina, zaleen babesa nahi du: «Ni ez naiz ontzia uzten duten horietakoa, eta ezta ere, eta garbi gera dadila, karguari nola edo hala eusten diotenetakoa».

Karguan eginiko bi urteak «zailak» izan direla esan zuen presidenteak, «erabaki traumatikoak» hartu har izan dituela eta bere familiari ere eragin diola. Era berean, barkamena eskatu zuen iragan igandean eginiko adierazpenengatik. Artxankok esan zuen Bigarren Mailan urte pare bat igarotzeak Osasunari agian kalterik ez ziola egingo.

Bien bitartean karguan jarraituko du, eta gaur du hurrengo zeregin garrantzitsua. Nafarroako Gobernuarekin bilduko da, Ogasunarekin duen 40 milioi euroko zorra —29 gehi berandu ordaintzeagatik gehituriko interesak— nola ordaindu berriz negoziatzeko. 2012an 10 urteko epea jaso zuen, baina Bigarren Mailako diru sarrerekin ezingo du bete.

Nafarroako Gobernuak ez du aukera hori baztertzen, baina taldearen «planteamendu berria» entzun nahi duela aurreratu zuen atzo Jose Luis Sanchez de Muniain bozeramaileak. Entzun aurretik ez du aukerarik baztertuko: «Ogasunak suerta dakizkiokeen egoera berriak aztertzearen aldeko jarrera du, baina funtsezkoa da legea eta zerga obligazioak bete daitezela. Hori saihestu ezin daitekeen baldintza da».

Nafarroako Gobernuak dakienez, eta «zoritxarrez», Ogasunarekin duen zorra ez da Osasunaren «arazo ekonomiko larri» bakarra. Beraz, taldeko zuzendariei zorra ordaintzeko plana aurkezteko eskatu die, «lehentasunak» zeintzuk diren zehaztuz, eta ondoren ikusiko dute zordun guztiek ordain dezaten lortzeko dituzten «mekanismoak» martxan jarriko dituzten ala ez.

Beste arazo ekonomikoa jokalari, teknikari, jokalari ohi eta teknikari ohiekin duen zorra da. Guztira zazpi milioi euro inguru dira, eta Osasunak LFPk mailaz jaisten diren taldeei ematen dien diru laguntzarekin egin nahi dio aurre. Iruñeko taldea atzo joan zen LFPko lehen bilerara maila galdu zuenetik. Taldeak bederatzi milioi euro jasotzea esperodu, eta ordainketa hori aurreratzeko eskatu nahi dio ligari, bi hilabete dituelako jokalariei ordaintzeko. Ondo bidean ligak Osasunaren eskaera onartu beharko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.