Gaur egun, mundua aztoratzeko gai den kirolik bada, hori futbola da. Bost kontinenteetako milioika zaleren pasioa ez ezik, negozio biribila ere bada. Futbolak jatorri apala du, ordea, mende askoan Britainia Handiko klase herrikoien denbora-pasa izan baitzen, modu zalapartatsu eta kaotikoan, kale kantoi eta larreetan jolasten zena. Arku tiroa bezalako entretenimendu «probetxagarriagoak» nahiago zituzten agintariek, eta horregatik gutxietsia eta, maiz, debekatua izan zen futbola. Alabaina, XIX. mendean, aldaketa etorri zen: ikastetxe aberatsetara heldu zen jolas hura, gero unibertsitateetara hedatu eta, konturatu orduko, dozenaka futbol talde agertu ziren Ingalaterra osoan. Horrek kezka berri bat ekarri zuen: denentzako arautegia behar zen, futbol eredu bateratu bat.
1863ko urriaren 26ko goizean, gaur 150 urte, Londresko Freemason's tabernan dozena bat klubetako ordezkariak elkartu ziren, Ebezener Cobb Morleyren deiari kasu eginda. Morleyren Barnes futbol taldearekin batera, Civil Service, Crusaders, Forest of Leytonstone, No Names, Club Kilburn, Crystal Palace, Blackheath, Kensington School, Perceval House, Surbiton eta Blackheath Proprietary School han egon ziren, baita Charterhouse taldeko kapitaina ere, honek akordioetan parte hartu ez bazuen ere. Lehenik eta behin, The Football Association (FA) sortu zuten, denak elkartu behar zituen erakundea, urriaren 26an bertan. Ondoren, oinarrizko arauak adosteko prozesu gorabeheratsuari ekin zioten.
Garai hartan, eskola zein klub bakoitzak bere jokamoldea zuen eta, ondorioz, arauak adostea ez zen lantegi samurra izan. Batzuek baloia eskuekin hartzea baimendu nahi zuten, beste batzuek aurkariari ostikoak ematea debekatzeko eskatzen zuten, jokalari kopuruan ere alde nabarmenak zeuden. Guztira, urritik abendura, bost bilera egin zituzten Freemason's tabernan, hamahiru arau nagusi zeuzkan zerrenda idazteko. Arautegi hori, 150 urtean moldaketak izan dituen arren, gaur egun erabiltzen denaren oinarria da. 1863an ez zegoen penaltirik, ateek ez zeukaten langarik eta epailea zelaitik kanpo kokatzen zen. Aurrerantz emandako edozein pase jokoz kanpo zen. Legedia bateratuari esker, kluben arteko partidak ugaritu ziren, eta laster etorri ziren txapelketak eta profesionalizazioa. Urte gutxiren buruan, denbora-pasa herrikoi zaratatsua zenak, munduko jokorik globalena izateko bide arrakastatsuari ekin zion.
Hala ere, 1870eko hamarkadara arte, FAren arau ofizialekin batera, beste futbol molde batzuek indarrean jarraitu zuten, bereziki Ingalaterra iparraldean; adibidez, Sheffieldeko arauek ospe handia zuten. Era berean, Freemason's tabernan batutako klub guztiak ez ziren pozik geratu, aurkariari heldu ezin izatea eta baloia eskuekin ezin hartzea ez baitzuten begi onez ikusten. Blackheathek uko egin zion arauak sinatzeari eta, 1871n, errugbia sortuko zuten klubetako bat izan zen.
Futbol modernoaren sehaska Londresen dago, Freemason's tabernan, eta ez kasualitatez. Ingalaterra, futbolaren jaioterria izateaz gain, munduko herrialderik aurreratuena zen, industrializazioaren bultzadarekin. Britainiar Inperioaren bihotza eta mendebaldeko zibilizazioaren zilborra zen Londres, 2,8 milioi biztanleko hiria. Britainiar agintariak herritarren osasunaz kezkatzen hasi zirenez, aisirako kirol jarduerak bultzatu ziren, ikastetxeetan derrigorrezkoa zen kirola egitea eta hiri aldirietako larreak kirolgune bihurtu ziren. Arrauna garestia zen, kriketa aristokraten eremu itxia; futbola, aldiz, merkea zen, eta aberats zein pobreak elkartzen zituen. Europa osoa gerrarik gerra zebilen bitartean, Viktoria erreginaren agintaldiak (1837-1901) Ingalaterrara eraman zuen bake giroa lur emankorra izan zen futbolaren hazia ereiteko.
Egun, turistentzako pub-a
XIX. mendeko Londresen, futbolerako arau bateratuak adosteko leku aproposena, Freemason's Tavern zen. Aberats, politikari eta pentsalarien bilgunea zen, bilerak egiteko egongela erosoduna. Jonathan Annetts gaur eguneko managerrak tabernan bertan hartu gaitu: «Freemason's leku esklusiboa zen garai hartan, oso ezaguna Londresen. Orduko gizonik nabarmenenak, adimentsuenak, hemen elkartzen ziren» [thinking men deitu die berak ingelesez]. Gentlemen's club esklusibo hura, 150 urte geroago, aldatuta dago, turistentzako pub bihurtuta (Covent Gardenen dago), herrialdearen etorkizuna ez da gehiago hango hormen artean erabakitzen. Dena dela, futbolaren sehaska izatearen ohorea ez dute ahaztu tabernaren jabeek, hormetako oroigarriak lekuko. Antzinako futbolari lotutako dominak, argazkiak eta abar ikusgai dauzkate, garagardo etxeen afixen artean. Geographical Society entzutetsua ere han sortutakoa dela (1830ean) harrotasun handiz azaldu du Annettsek, datu hori zalantzazkoa izan arren. «Polita da gertakizun historikoen oroimena gordetzea».
Futbol modernoaren jaiotzatik mende eta erdi igaro izana ez da oharkabean igaro Freemason's tabernan. «Aurten, dagoeneko, mundu osoko dozena bat telebista etorri zaizkigu tabernara, erreportajeak grabatzera», dio Annettsek. FIFAk antolatuta, nazioarteko futbolaren ordezkariekin urteurren jaia egin zuten udaberrian. Bestalde, Ingalaterrako futbol elkartearen 150. urtebetetzea gaur denez gero, galako afaria egingo dute iluntzean Londresen. 1863an eskuz idatzitako arauen lehenengo zerrenda hura erakutsiko diete galako gonbidatuei.
Eta jolasa joko bihurtu zen
Gaur 150 urte, hainbat klubetako ordezkariak Londresko Freemason's tabernan batu ziren, futbolaren arauak bateratzeko. Futbol modernoaren jaiotza izan zen hura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu