Baskoniak, beste behin, ez du pazientziarik izan, eta Velimir Perasovicek Pedro Martinez ordezkatuko du entrenatzaile karguan. Taldeak atzo hartu zuen erabakia, eta teknikari kroaziarra gaur bertan iritsiko da Gasteizera, etzi taldea zuzentzeko Kanaria Handiaren aurkako ACB ligako partidan. Perasovicek taldearen lema hartuko duen hirugarren aldia izango da. Bitxikeria gisa, Baskoniaren entrenatzaile kargua hartu zuen lehen aldian, 2005-06ko denboraldian, Pedro Martinez ordezkatuz egin zuen.
Bigarren denboraldiz jarraian sasoia Buesa Arenako aulkian hasitako entrenatzaileak oso gutxi iraun du. Josean Kerejetak halakoetan zalantza gutxi izaten du, eta, iragan sasoian Pablo Prigionirekin gertatu bezala, Martinezek bide motza izan du. Dena den, harrigarria da harekin izandako pazientzia urria, Euroligako hasiera kaskarra, 2-5 balantzearekin, nahikoa izan delako teknikariak iragan sasoi onean pilaturiko berme guztia —ACBko txapeldunorde eta Euroligako final-laurdenak— husteko. Tira, hasiera txarrarena susmoa baino ez da, taldeak albistearen berri emateko zabalduriko telegrama itxurako oharrean ez baitzuen arrazoirik eman. Eginiko lan ona eskertu, eta zorte ona opa zion Martinezi, besterik ez.
Erabakia, baina, aurretik ondo aztertua zegoela dirudi, eta herenegun Buducnosten aurka galduriko Euroligako partida azken tanta izan zela. Europako maila handiko teknikari baten kaleratzea eta beste baten fitxaketa batera ezagutarazi ahal izatea ez da ohikoa, eta ulertzera ematen du inprobisazio gutxi egon dela.
Kerejetak, baina, su bat itzaltzeko zuela ikusi du, eta ez du arriskatu nahi izan ordezkoarekin, Peras ezagun zaharra baita Gasteizen. Jokalari garaian bertan eginiko bost denboraldien ondoren (1993-97) hau izango baitu aulkian eseriko den hirugarren aldia. Aurreneko aldiz, 2005-06ko denboraldian gidatu zuen taldea, esan bezala Pedro Martinez ordezkatuta. Orduan, azaroaren 28an fitxatu zuten, eta sasoi ona egin zuen, Espainiako Kopa irabaziz. Gutxi iraun zuen karguan, baina, hurrengo sasoian kaleratu baitzuten, bihotzeko arazo batzuen erruz taldea bolada baterako utzia zuenean.
Perasovic Gasteizera inoiz ez zela itzuliko zirudien, baina 2015ean taldeak berriz ere jo zuen haren atea. 2015-16an sasoi bikaina egin zuen, Euroligan eta ACB ligan finalerdietarako sailkatuz. Taldeak kontratua berritzeko eskaintza jarri zion mahai gainean, baina ez zuen onartu, eta Efes Pilsenen dirutza lehenetsi zuen. Iazko abendura arte egon zen Istanbulen.
Aurreneko aldian, taldeak ez zuen dotore jokatu; bigarrenean, berriz, teknikaria izan zen agur esan gabe joan zena. Baina Perasovicen eta Kerejetaren arteko harremana haratago doa, eta berriz ere eskua eman diote elkarri. Kroaziarrak, gainera, ez du erronka makala, Euroligako Lauko Finala Gasteizen jokatuko da, eta Baskoniak hor egotera zuzendu du sasoiko plangintza guztia. ACB ligan hirugarren da, 6-2 balantzearekin, baina Euroligan argi gorria piztu da. 11. doa. eta garaipen batera du Bayern Munich zortzigarren sailkatua.
Aulkiko aldaketak jokalari aldaketak ekarriko dituen ikusteko dago. Darrun Hilliard eta Shevon Shields iritsi berrien maila ez da izaten ari espero zena, eta, horrez gain, Baskoniak toki ez-komunitario bat betetzeko du oraindik. Jakina da Perasovicek gustuko dituela euren kasa saskiratzeko ahala duten antolatzaileak.
Eta ezustean, Peras
Baskoniak Pedro Martinez kendu du entrenatzaile kargutik, eta Velimir Perasovic fitxatu du hura ordezkatzeko. Kroaziarrak Gasteizko taldea zuzenduko duen hirugarren aldia da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu