Eta erortzean, berriro jaikiz

Zailtasunez jositako ibilbidea izan du Eñaut Zubikaraik Realean hasi zenetik, ezker sorbaldako lesioak buruko min franko sortu izan baitio. Gau txarrak pasatzea ere tokatu izan zaio, baina egun, bikain ari da.

jon eskudero
Donostia
2014ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Sufrikarioz betetako ibilbidea izan du Eñaut Zubikaraik gazte-gaztetatik (Ondarroa, Bizkaia, 1984). Goi mailako atezaina dela beti erakutsi izan badu ere, lesioek eta beste hainbat kontuk ez diote lagundu. Realera iritsi bezain laster, artean gazte kategorian zela, lesio larria izan zuen ezker sorbaldan. Ebakuntza gelatik igaro behar izan zuen, eta gerora ere birritan berritu zitzaion lesioa. Futbola uztea ere pasatu zitzaion burutik sarritan. Hori gutxi ez, eta beti beste atezain batzuen itzalpean egotea tokatu izan zaio, baita zaleen kritika ugari jasotzea ere. Zubikaraik, ordea, indarrari eta adoreari esker, aurrera egin izan du, eta egun inor gutxik jartzen du zalantzan haren maila. Herenegun Bartzelonaren aurkako Kopako partidan, besteak beste, bikain aritu zen.

Ondarroarra izanik, atezain izatera bideratuta zegoen haren destinoa, Peio Agirreoa eta Iñaki Bergara herriko atezain historikoen gisan. Jaioterrian, Aurrera taldean egin zituen lehen urratsak, eta azkar bota zion begia Realak. Hala, Zubietara eraman zuen gazte mailan jokatzeko. Asmoa hori zen, baina asmo hutsean geratu zen. Izan ere, ezker sorbaldan lesio larria izan zuen. Ebakuntza gelatik igaro ostean, hamar hilabete egon zen zelaietatik aldenduta.

Kolpe gogor hori gainditu ostean, berriro lanean serio hasi zen. Hala, Reala B-rekin debuta egin zuen 2004an, 20 urte zituela, Bigarren B Mailan. 2-1 irabazi zuen Caudalen aurka debuteko egunean. Partida on dezente jokatu zituen ondarroarrak elastiko txuri-urdina jantzita, eta Eibarrera joan zen utzita 2005-06 denboraldian. Egun bezala, Bigarren Mailako talderik sendoenetakoa zen orduan Eibar. Fitxaketa harekin, uste zuten atea esku onetan izango zutela, baina berriz ere ezker sorbaldako lesioa izan zuen. Sasoi osoa atepetik urrun igaro behar izan zuen.

Ahazteko modukoa izan zen Eibarko ibilbidea, baina Realak konfiantza izaten jarraitzen zuen harengan. Horregatik, jokalaria berreskuratzea erabaki zuen. Bada, orduantxe jaso zuen kolperik gogorrena atezainak. Hirugarrenez, ezker sorbaldako lesioa berritu baitzitzaion. Psikologikoki, momentu zailak pasatu behar izan zituen orduan. Oso zailak. Gerora aitortu izan duenez, futbola uztea ere pentsatu izan zuen behin baino gehiagotan, baina ingurukoen laguntza baliatuta, aurrera egin zuen. Pazientzia hartu, osatze lanean orduak sartu, eta maila bikainera itzuli zen. Pixkanaka-pixkanaka, entrenamenduak osatzen hasi zen eta ondo sentitzen.

Hori ikusita, ibilbideko albisterik onenetakoa jaso zuen 2007-08 denboraldiaren atarian, Realaren lehen taldeko fitxa egin baitzioten. «Beti izan dudan ametsa egia bihurtu da», esan zuen. Lanaren fruituak jaso zituen, beraz, ondarroarrak. Baina ez zen horrekin konformatu; jokatzea zuen helburu. Asier Riesgo Recreativora joan zen utzita, eta Claudio Bravo eta bera geratu ziren Realean. Bravo bikain ari zen, Bigarren Mailako atezain onenaren saria irabazi zuen denboraldi horretan, baina Zubikaraik izan zuen jokatzeko aukerarik, Bravo Txileko selekzioarekin jokatzera joan zenean. Guztira, bederatzi neurketa jokatu zituen ondarroarrak.

2009-10 denboraldi historikoan ere izan zuen protagonismorik. Hain justu, Reala Lehen Mailara igo zen partidan hura zegoen atean. 2010eko ekainaren 12an izan zen hori. «Ez dut egun hura sekula ahaztuko». Momentu hartan min hartuta zeuden Bravo eta Riesgo. Hurrengo sasoian, berriz, Donostiatik ateratzeko zorian egon zen. Bazirudien Herculesek fitxatuko zuela, baina azken orduan ez zen hala izan. Herculesek atzera egin zuen, hango zaleek estututa. Arrazoia? Zubikarairen aita espetxean zegoela —Kandido Zubikarai euskal presoa 2011ko irailean atera zen espetxetik, 22 urtez preso egon ondoren—.

Fitxaketarik egon ez zenez, 2011-12 sasoia ere Realean hasi zuen. Sasoi txarra izan zen, orain arteko gaurik txarrenetako bat pasatzea egokitu baitzitzaion. Kopako final-zortzirenetako joanekoan 2-0 irabazi ondoren, txuri-urdinak baikor joan ziren Mallorcara. Astindua jaso zuten, ordea: 6-1. Zazpi minututan lau gol jaso zituen atezainak. Bat, gainera, Chory Castrok egin zion, hanketatik baloia lapurtu ondoren.

Zorion mezu ugari

Gau hartan kritika ugari jaso zituen, eta oraindik ere bada harengan konfiantzarik ez duenik. Jasotako kolpe gogorrek, ordea, gauza bat ongi erakutsi diote: behin erortzean zein den garrantzitsua jaikitzea. Horregatik ari da hain ondo, lana izan duelako sekretu nagusi. Jagoba Arrasatek Bayern Leverkusenen aurka jokatzeko oparia egin zion, eta ederki erantzun zuen. Kopan ere jokatzeko aukera eman dio, eta atezaina oso ondo ari da. Herenegun, esate batera, denetariko geldiketak egin zituen. Lan ona zoriontzeko mezu ugari jaso ditu azken orduetan, eta bihotzez eskertu ditu. Bihotzez animatuko du ere orain Iñigo Martinez herrikidea. Epaileak txartel gorria atera zion herenegun, eta bi partidako zigorra bete beharko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.