Eta, bat-batean, Milanera

Seguros Bilbaon eta Cafes Baquen egindako lan onaren fruitua jasotzen ari da Julen Amezketa Southeast Italiako taldean. Milan-Sanremo klasikoan lehiatuko da gaur.

Julen Amezketa Southeast-Venezuela taldeko txirrindularia, herenegun, Lizarrako Foruen plazan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2016ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Lasai aurre egin nahi diet gauzei». Nahiko bat-batean eman duelako profesionaletarako pausoa. Julen Amezketak (Lizarra, Nafarroa, 1993) «pozez zoratzen» jaso zuen iaz Southeast-Venezuela Italiako Kontinental Profesional mailako taldearen eskaintza. «Entrenamendu saio batzuk egiteko deitu zidaten abuztuan, nahiz eta azkenerako ez nuen izan lehiatzeko aukerarik». Ikusi zutena gustatuta, bi urteko kontratua sinatuta dago orain. Enrique Sanz nafarra ondoan duela, «ikastea eta gozatzea» besterik ez dauka buruan. Hasieran egutegian halakorik ageri ez bazen ere, ikasteko eta gozatzeko lasterketa aproposa izango du gaur parez pare: Milan-Sanremo klasikoa.

«Hasi besterik ez da egin denboraldia, baina ondo ekin diogu». 13. postuan amaitu berri du Langkawiko Itzulia, Malaysian. «Ia azken unera arte etapen lehian sartuta ibili naiz, gainera, eta oso gustura nago erakutsi dudanarekin». Orain arteko maila onaren saria izan da nafarra Milan-Sanremoko taldean sartu izana. Amateur mailan «erregulartasuna» izan da Amezketaren oinarria. «Txirrindulari osoa naizela uste dut, igoeretan nahiko ondo moldatzen dena, baina profesionaletan aritzea beste kontu bat da. Nire tokia aurkitu beharko dut pixkanaka».

Lizarrako txirrindularia anaiari segika iritsi da goraino. «Herriko txirrindulari eskolan hasi zen anaia, eta han sartu nintzen ni ere, urtebete geroago. Jolas gisa heldu genion txirrindularitzari». Eta pixkanaka jabetu zen zer edo zer esateko eta egiteko bazeukala kirol hartan. Seguros Bilbao (2012-2014) eta Cafes Baque taldeetan (2015) eman ditu azken bi pausoak. Sendoenak. «Ikusten nuen urtez urte garapen polita izaten ari nintzela, fisikoki indartzen ari nintzela, eta, azkenean, iritsi da umetatik zain nengoen aukera».

Angelo Citracca italiarra da taldeko manager nagusia eta Luca Amoriello herrikidea kirol zuzendaria. «Ni fitxatzea aukera ona izan zitekeela ikusi zuen, nonbait, managerrak, eta horrela sortu zen aukera». Amezketak naturaltasunez hartu du mugimendu bakoitza. «Ezustean jaso nuen albistea, bai, baina ilusio ikaragarriarekin eman nien baiezkoa, nire bizitzako aukera dela jakitun». Gertatzen ari zitzaiona benetakoa ote zen barneratzeko lan zailean, kontratua sinatu zuen egunean lasaitu zela argitu du nafarrak.

Pozzato eta Belletti taldean

Southeast «talde gaztea» dela azaldu du Amezketak —lehen urteko profesionalek osatutakoa da multzo erdia—, baina, Filippo Pozzato eta Manuel Belletti italiarrekin, esperientzia ukitu politak ere badauzka tartean. «Hizkuntza kontuek» sortu diote zailtasun pixka bat. «Ulertzeko eta hitz egiteko hain erraza ere ez delako italiera». Izan ere, Txinako eta Venezuelako babesleak babesle, Italiako egitura dauka taldeak. «Toscanan dauka egoitza nagusia, Pistoian».

Bertako taldea izaki, Italiako Giroa lehiatzeko gonbidapena jasota dauka Southeast-Venezuelak. «Eta, eskatzen hasita, izugarria litzateke Italiako Girora joan ahal izatea. Baina oraindik ez dakit ezer». Hasiberriaren ilusioarekin eta errespetuarekin, ezeri uko egiteko asmorik ez dauka Julen Amezketak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.