Eta, bat-batean, beterano

Julen Retegi Aspeko pilotaririk zaharrena da 33 urterekin, eta etzi 11. aldiz ekingo dio lau eta erdiko txapelketari. Urte ona egin du, eta abenduan kontratua berritzea espero du.

Julen Retegi, atzo, Labriten, lau eta erdiko txapelketan Victor Estebanen aurka etzi jokatuko duen partidarako pilota aukeraketan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2018ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Aspeko pilotari zaharrena da Julen Retegi (Iruñea, 1985), eta Aitor Mendizabal zerrendako bigarrenak baino lau urte gehiago ditu. «Jada hasia naiz garai bateko pasadizoak-eta kontatzen! Kar, kar... Ez naiz beti aholku ematen ibiltzen diren horietakoa; hori bai, galdetzen badidate gustura laguntzen diet gazteei». Grazia egiten dio 33 urterekin beterano moduan tratatua izateak, bera hasiberria zenean makina bat beterano baitzeuden. «Agirre, Azpiroz, Esain... Asko ikasten zen haiekin, eta uste dut oraindik ere garrantzitsuak garela. Gazteek, ikasteko, partidei eutsiko dieten aurkariak behar dituzte».

Giro ona dute aldagelan, horrekin dago gusturen. «Besteak bezain gazte ikusten dut neure burua, guztiekin moldatzen naiz ondo. Agur edo afariren bat dagoenean, guztiok elkartzen gara; polita da hori». Retegik, gainera, ez du estelarrik jokatzen, eta horrek are bitxiago egiten du bere kasua. Asegarcen, esaterako, bera baino zaharragoak diren bi pilotari bakarrik daude, baina Olaizola II.a eta Bengoetxea VI.a dira. «Ez dut uste bizirik mantentzen nautenik. Aurten pila bat gozatu dut. Uztailean txakalaldia izan nuen, baina, hori kenduta, oso gustura nago erakutsitako jokoarekin. Neguan, esaterako, ez nintzen itsutu binakakoan sartzearekin, banekien beste batzuek zituztela aukerak, eta oso ondo jokatu nuen».

Beteranoa da, baina udan lan asko izan du, eta lasai ekingo dio etzi lau eta erdiko txapelketari, Victorren aurka, Iruñean. «Asko jokatu dut, 24 partida hiru hilabetean. Lasai nago, baina lehiatzeko gogoz. Nik banakako txapelketetan baino ez dut parte hartzen, eta oso lehiakorra naiz». Garai batean, Retegik azterketa balira bezala hartzen zituen txapelketok; urteekin, baina, bere burua lasaitzen ikasi du. «Tentsio hori maite dut, dena den; urte osoa binakako enpresa partidak jokatzen igaro ondoren, hau beste gauza bat da».

Lau eta erdian parte hartuko duen 11. aldia da aurtengoa.Behin sailkatu zen finalerdietarako; «2009an, Olaizola II.ari irabazi nionean», oroitu du, baina maiz egon da final-laurdenetako ligaxkan. Txapelketako 32 partida jokatu ditu bere ibilbidean, eta hamalau irabazi (%43). Larunbatean Victor izango du aurkari, eta hari irabazteak sari ona du. «Ligaxka polita da; bestela, prestaketa guztia partida bakarrerako egitea gogorra da. Ordu asko dira, eta ligaxkan sartzen bazara, maila erakusteko balio dizu».

Jokatuko du, baina ez du aita alboan izango. Retegitarrek pilotari-botilero bikote klasikoa osatu dute, baina, lege berriarekin eta atzeko eserlekuko sarrera erosi ezean, ez ditu aholkuak entzungo. «Aitak ere ez du ulertzen», bota du. «Kanpoan pertsona bat edukitzea beti da ona. Kirol askotan dituzte aholku emaileak alboan. 170 taupadatan zabiltza, eta xehetasunek ihes egiten dizute. Tenisaren eredua jarri zuten, baina jakina da tenislariek jende asko dutela pistan». Enpresen azalpenek, gainera, ez dute konbentzitu. «Esan zuten sanferminetako lau eta erdian probatu eta emaitza ona eman duela. Zertan hobetu zen, bada?».

14. urtearen bila

Retegiri abenduan amaituko zaio kontratua. 13 urte eta erdi daramatza profesionaletan, eta 2014az geroztik urtez urte berritu du. Ohituta dago egoera honetan egotera, baina ez du ezkutatzen kezka puntu bat. «Uste dut berrituko didatela; ondo ari naiz, baina edozer gauza gerta daiteke». Oraingoz, lau eta erdikoan du arreta guztia, baina, behin bukatzen duenean, berak deituko dio enpresari. «Bi seme-alaba ditut, eta ekonomiak arduratzen nau. Komunikazio ona dut enpresarekin, eta haren asmoak ahalik eta goizen jakin nahi nituzke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.