Aukeratu nahi dituzun buletinak. Beti aurkituko duzu zerbait interesgarria irakurtzeko eta informatuta egoteko.
Jarraitu:
Kirola
Eta azkenean, dena dardarka
Igotzea lortuta, baikortasuna zen nagusi Osasunan, baina lekutan gelditu da poza. Alavesen kontra galdu ondotik, Enrique Martin Monreal entrenatzailea kargutik kentzea erabaki du zuzendaritzak.
Iragarritako gainbehera baten kronikatzat jo daiteke Osasunak egun duen txakalaldia. Izan ere, nehor gutxi hartu du ezustean gorritxoen liga hasiera makalak. Asteen joanean, gauzak okerretik okerrera joan dira, eta egoerak eztanda egin du azkenean: Nafarroako taldeak amaiera eman dio Martinen aroari. Lurrikara bat balitz bezala, teknikariaren kargugabetzeak, ziurgabetasun egoera areagotu, eta klubaren zimenduak jo ditu. Hainbat aldagai eta arrazoik eragin dute ataka hori; saihetsezinak ziren batzuk, baina eragozteko modukoak besteak.
PLANIFIKAZIO TXARRA
Uda partean trakets jokatu zuen Osasunak eta, zehatzago, Petar Vasiljevic kirol zuzendariak. Igotzea lortu eta gero, taldea indartu beharra zegoen, kanpotik jokalariak ekarrita. Ahalmen urria dauka Nafarroako taldeak, zorpetzeak eragindako egoera ekonomiko gaitzagatik; beraz, merkatuan jarduna oso mugaturik zeukaten gorritxoek. Egoera horretan, ahaleginak hiruzpalau jokalari onetan zentratu eta taldea harrobiko gazteekin indartzeak zirudien zentzuzkoena.
Alabaina, kontrara jokatu zuen Vasiljevicek: denera 11 jokalari ekarri zituen kanpotik, batzuk teknikariak eskatuta, eta beste batzuk bere ekimenez. Kantitatea kalitatearen gainetik jarri, eta fitxaketa politika horren ordaina jasotzen ari da Osasuna. Izan ere, jokalarietako asko presentzia oso urria ari dira izaten. Horien artean daude Fran Merida, Goran Causic, Carlos Clerc, Emmanuele Riviere nahiz Javi Alamo. Alegia, jokalari berrien erdiak ez dira erabilgarriak izan orain arte Martin Monrealentzat; batzuk mailagatik, eta beste batzuk ez zirelako egokiak bere jokatzeko modurako.
2. MAILAN, SEIGARREN
Taldearen egoera aztertu eta kritikatzerakoan, usuki ez da present izan Osasunaren iragan hurbila. Izan ere, ezin daiteke ahaztu taldea seigarren izan zela Bigarren Mailako liga txapelketan. Kanporaketetarako doi-doi sailkatu zen, azken jardunaldian zortea lagun izanda, eta, ondoren, azken txanpan egurrean arituta lortu zuen Lehen Mailara igotzea. Lau partida horietan maila aparta eman zuen, baina txapelketaren fase erregularrean soilik sasoi hasieran egin zuen distira. Osasuna ez zen egon Bigarren Mailako talderik onenen artean. Beraz, hein batean normala da sasoi honetan sufritzen aritzea.
ESKARMENTU TXIKIA
Lehen Mailan lehiatzeko erronkari hasiberriz beteta ekin zion Nafarroako taldeak. Denera 24 jokalarirekin hasi zuen liga, eta horietatik hamar hasiberriak ziren. Eskarmentu gutxiko taldea du Osasunak, eta horrek eragin handia izan du hainbat partidatan; batik bat, atzeko lerroan. Unai Garcia, David Garcia eta Alex Berenguerren gisako jokalariek etorkizun oparoa dute, baina uneon zaildu beharrean dira oraindik. Neurketa batzuetan urduri jardun dute, eta horrek kalte egin die gorritxoei. Nolanahi ere, azken asteetan hobera egin dute, eta agerian utzi halako egoeretan pazientzia apur bat edukitzea komeni izaten dela.
ETXEAN, GOZAKAITZ
Sadar futbol zelaia izan da, betidanik, Osasunaren indarguneetako bat. Arrakasta oro etxean sendo aritzeko gaitasunean oinarritu izan du. Sasoi honetan, ordea, gozatu ezinik dabil bere zelaian. Sadarren sei partida jokatu ditu, eta bakar bat ere ez du irabazi. Hartara, etxean inoiz izandako liga hasierarik pattalena izan du. Kanpoan hobeki aritu da, ekimena aurkariei lagata, baina etxean asmatu ezinik ibili da, bide orri garbirik gabe. Erasoan indarge, eta atzean bigun arituta, arerioek ezer gutxi eginda patrikaratu dituzte puntuak Sadarren.
SUSPERTU EZINIK
Asteen joanean, Osasunak ez du hobera egin. Ipuruan eta San Mamesen suspertzeko imintzioa egin arren, partida on horiek ez zuten jarraipenik izan. Taldea ideiarik gabe aritu da, bai erasoan eta bai defentsan. Jokoa sortu eta antolatzeko orduan, gabezia handiak sumatu zaizkie gorritxoei, eta atzean itxura oso hauskorra erakutsi dute astez aste, bost defentsarekin jokatuagatik. Martinek arbelean eta estiloan aldaketa egitea eskatzen zuen egoerak, zelai erdian gehiago jokatzeko eta hegalak gehiago aprobetxatzeko, besteak beste. Alabaina, teknikariak ez du malgutasunik erakutsi.
PRESIO HANDIEGIA
Klubeko goi estamentuetako kideak, taldearen bidelagun izan beharrean, etsai izan dira. Maiz lasaitasun mezuak igorri arren, Martin presiopean jarri dute emaitza txarrak pilatzen hasi ahala. Arrizabalagako entrenatzailea ez da zuzendaritzako hainbat kideren gustukoa, eta liga hasi eta gutxira jada hasiak ziren balizko ordezkoekin kontaktuak izaten.