Estualdiak kudeatzeko bi modu

Teknikari aldaketak on egin dio Alavesi, zulotik atera baita. Eibarri, ordea, egonarria alferrikakoa ari zaio izaten. Emaitzak emaitza, gipuzkoarren ereduaren alde dago Gorka Etxeberria kirol zuzendaria.

Alaveseko eta Eibarreko jokalariak, baloia eskuratzeko lehian, lehen itzulian Mendizorrotzan jokatutako partidan. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
enaut agirrebengoa
2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Entrenatzailea aldatu ala ez aldatu. Dilema hori izaten dute kirol zuzendariek talde bat oso bolada txarrean dagoenean. Iraultza sakonak egiteko denborarik ezean, teknikari berri bat ekartzea da erabakirik errazena. Eta usuena ere bai, gaurko emaitzak biharko egonkortasunaren aurretik jartzen diren garaiotan. Elektrikoak dira klub batzuetako aulkiak. Horietako bat da Alavesena. 2011n Josean Kerejetak agintea hartu zuenetik, hamabost teknikari izan ditu guztira. Orain Javier Callejak du sasoi honetan aurrez Pablo Machinen eta Abelardo Fernandezek eskuetan izan den lema. Eibarrek, aldiz, Jose Luis Mendilibarrekin hasi zuen denboraldia, azken bost urteetan bezala, eta hala bukatuko du ziurrenik, Bigarren Mailara jaisteko arrisku bizian dagoen arren.

Mailari eusteko borrokan partida erabakigarria jokatuko dute gaur Ipuruan Eibarrek eta Alavesek (14:00, Movistar La Liga). Arabarrak indartuta iritsiko dira, aulkian izan den azken aldaketak on egin baitie. Putzutik atera dira Callejarekin. Bertan erabat katigatuta daude, ordea, gipuzkoarrak. Pazientziaren bidea ez zaie emankorra izaten ari. Hala ere, eredu horren «oso aldekoa» da Gorka Etxeberria kirol zuzendaria. Proiektuak «udaran» berpiztu behar direla uste du. «Aulkian egindako apustuari eutsi egin behar zaio sasoia bukatu arte, ahal den heinean behintzat. Eibarren eta Alavesen azken emaitzek kontra egiten diote nire ikusmoldeari, baina ezin da kasu batengatik dena hankaz gora jarri».

Oro har, bolada zailetan «onuragarria» daentrenatzaileei konfiantza erakutsi eta karguan segitzeko aukera ematea. «Prozesuei bere denbora eman behar zaie». Alta, badira salbuespenak. Giltza jokalariek dute. «Jokalariek, gauza batengatik edo bestearengatik, sinesteari utzi badiote, entrenatzailea aldatzearen aldekoa naiz. Orduan bai». Haatik, ez du uste hori gertatzen ari denik Eibarren. «Nire ustez, jokalariek oraindik badute fedea Mendilibarrengan. Hura da teknikaririk egokiena Eibarrentzat, eta jokalariek ere hala uste dutela deritzot. Apustu egokia egin du Fran Garagarzak, nahiz eta, oraingoz, ez zaion ongi atera».

Orduan, zein da Eibarren arazoa? Nola da posible irabazi gabe hamasei partida kateatu izana, taldea batuta badago? «Hutsak egin dira taldearen osaketan, eta taldeak ez du lortu lehiakortasun maila egokia. Sinesmen osoa izan dezakezu, baina, ez bazara eraginkorra, alferrik da. Arazoa ez dago aulkian». Mendilibarrek sei sasoi daramatza Ipuruako taldea zuzentzen. Asko da. Baina ez gehiegi, Etxeberriaren irudiz. «Ez da ohikoa hainbeste irautea, gaur egungo futbolak hartu duen joerarengatik. Baina, berez, zergatik ez? Eibarren kapazak izan dira salbuespen bihurtzeko, eta zoriontzeko modukoa da».

Jaitsieraren garretan kiskaltzeko zorian dago Eibar. Bigarren Mailara jaistekotan, norabidea aldatu beharko luke? «Garagarzaren tokian banengo, jaitsi eta hurrengo minutuan berrituko nioke kontratua Mendilibarri. Gero, ez dakit hark zer nahiko lukeen. Baina nik argi dut ez dagoela hura baino gidari aproposagorik Eibarrentzat, berdin dio zer mailatan diharduen». Gorenean irauteko mirari bat behar dute, eta dituzten aukera apurrei eutsi nahi diete gaur gipuzkoarrek. Finala da, eta jokalari ia guztiak izango ditu eskuragarri Mendilibarrek. Recio zigortuta dago, eta ikusteko dago Pozo garaiz osatzen den.

Errorik gabeko goraldiak

Gutxiago gustatzen zaio Etxeberriari Alavesek hartutako norabidea:«Nahiz eta, akaso, emaitza hobea lortuko duen». Haren ustez, entrenatzailea behin eta berriz aldatzeak erakusten du ez dagoela bide orri garbirik. «Edo txiripaz zerbait lortu nahian zabiltza, edo berdin dizu entrenatzaile nor jarri. Kontua da ez duzula argi zer talde izan nahi duzun sasoi berean lemazaina bi aldiz aldatzen baduzu». Zenbaitetan, haize berriek hauspotu egiten dituzte jokalariak. Horixe da arabarren kasua. Baina, Etxeberriarentzat, helburuak ez ditu bitartekoak zuritzen. «Zure taldea suspertzeko modua teknikaria aldatzea bada, agian hilabetero aldatu beharko duzu. Ez da serioa, nire ustez. Ez dago proiektu bat atzetik».

Gainera, uste du halako susperraldiek ez dutela luze irauten, sustrai sendorik ez duten aldetik. «Begiratu, bestela, Athletici. Gaizka Garitanorekin, erreakzioa ona izan zen. Ederki. Baina taldeak behera egin zuen pixkanaka. Marcelinorekin, berriz, hilabete batekoa izan da susperraldia, eta kamustu egin da gero. Hausnarketa sakonagoak egin behar dira; bestela, lehengo egoera berean egongo zara hortik gutxira».

Egun, Real Unionen dihardu Etxeberriak. Ondo ezagutzen ditu Alaveseko bulegoak, bertan urte eta erdi eman baitzuen, 2010 eta 2011 artean. Beste garai batzuk ziren. «Basamortuan zegoen kluba, Piterman irten eta gero zan zen, eta Kerejeta heldu aurretik. Txalupa txiki bat egin genuen, denok bat eginda, kaira iritsi eta kluba salbatuko zuen norbait erakartzeko. Bigarren Mailara igotzeko kanporaketetan sartu ginen, eta gero Kerejeta iritsi zen». Orain, elitean finkatuta dago Arabako kluba. Eta bertan jarraitzeko urrats handia egingo luke gaur Eibarri irabaziko balio. Callejak Javi Lopez, Duarte, Ely eta Cordobaren hutsuneak izango ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.