Lasai daude bai Erik Jaka eta Jon Mariezkurrena, bai Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta. Etxeko lanak egin dituzte Binakako Txapelketako aurreneko ligaxkan: lehen eta bigarren izan dira sailkapenean, hurrenez hurren, eta finalerdietako ligaxkarako sailkatu. Hamar egun barru ekingo diote berriro lehiari.
Gaurtik igandera bitarte jakingo dute zer beste bi bikoterekin lehiatuko diren. Kanporaketak jokatuko dituzte. Gaur, hirugarren eta laugarren sailkatuak ariko dira elkarren aurka, Tolosan (Gipuzkoa): Jokin Altuna eta Julen Martija Mikel Urrutikoetxearen eta Ander Imazen kontra. Urrutikoetxeak Iñaki Artola ordezkatuko du gaur, alegiarra gastroenteritisak jota baitago. Irabazleak finalerdietako ligaxkarako sailkatuko dira. Galtzaileek beste aukera bat izango dute.
Erabakigarriagoa izango da bihar Zornotzan (Bizkaia) Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisuk Aitor Elordi eta Beñat Rezustaren kontra jokatuko duten neurketa: galtzaileak kanpoan geratuko dira. Irabazleek, berriz, gaurko partidako galtzaileen aurka jokatuko dute igandean, Bilbon. Hauxe izango da irabazleen saria: finalerdietako azken tokia.
«Ez zait batere gustatzen kanporaketen sistema: oso denbora gutxi dago partida batetik bestera». Kanporaketei buruz iritzia eskatu, eta haien egitura kritikatu du Fernando Goñi pilotari ohiak (Zubiri, Nafarroa, 1973). Haren ustez, «abantaila handia» dute ligaxkako lehen bi sailkatuek. «Ulertzekoa da lehen bi sailkatuek saria izatea, baina, hala ere, hain denbora gutxian bitan jokatu behar izatea gehiegizkoa da. Buelta bat eman behar zaio honi».
«Euro bat jokatuko banu, Altunaren eta Martijaren alde jokatuko nuke. Beste partidan, ordea, ez dago faboritorik».
FERNANDO GOÑI Pilotari ohia
Ez zaio gustatu bikoteak nola egin zituzten ere. «Txapelketa hasi aurretik denok hiru bikote genituen buruan, eta hiru bikote horiek sailkatu dira lehen hiru postuetan. Denok asmatu dugu. Beraz, zerbait ez da ondo egin».
Artolaren zorigaitza
Gaurko partida aztertzen hasi, eta berehala goratu du Artolak eta Imazek ligaxkan egin duten lana. «Biak oso ondo aritu dira, eta bikote sendoa osatu dute. Pena da azkenean Artolak jokatzeko modurik ez izatea. Ikusteko dago nola moldatuko diren Urrutikoetxea eta Imaz».
Altuna III.ak berriro jokatuko du, hiru astez min hartuta egon eta gero. Goñik haren itzuleraren garrantzia azpimarratu du. «Altuna Altuna da, eta, azkenaldian justu samar ibili den arren, dohain bikainak ditu. Jokatzen badu, hura da beti faborito». Baina, binaka, bik jokatzen dute, eta Martija ere nabarmendu du. «Gora egin du. Ez zion sasoiko ekin, baina txapelketa luzea da binakakoa, eta gai izan da behetik gora egiteko. Asko gustatu zait nola jokatu duen azken partidetan: zentzu handiz aritu da. Ikusteko dago nola dagoen Altuna, baina seguru dena da Martija oso ondo dagoela, eta bikotekide oso fidagarria dela».
Hori guztia kontuan hartuta, apustua egin du: «Euro bat jokatu behar banu, Altunaren eta Martijaren alde jokatuko nuke».
Askoz zalantza gehiago eragiten dio ostiraleko neurketak. «Bai Peña eta Albisu, bai Elordi eta Rezusta, oso irregularrak izan dira. Ez dago faboritorik». Atzelaria izan zen Goñi, eta, horregatik, atzelarien lanari erreparatu dio lehenbizi; zehazki, Rezustaren jardunari. «Ez dabil beste urteetan bezain sendo. Hori izan da arazo nagusia bikote horretan».
Beste bikoteaz hitz egitean, berriz, aurrera begiratu du. «Erabakigarria izango da Peñak zer egiten duen. Oso oldarkorra da, eta asmatzen badu...».
Kanporaketen ostean hasiko da finalerdietako ligaxka. Jaka eta Mariezkurrena II.a «oso indartsu» aritu direla azpimarratu du, baina, haren ustez, inork aldea egin badezake, Zabaletak egin dezake. «Gorabeheratsu aritu da, baina azken partidan erakutsi du zein pilotari handia den. Ondo badago, berak bakarrik irabaz dezake partida bat».
KANPORAKETAK
Gaur, Tolosan (17:15, ETB1). Altuna III.ak eta Martijak Urrutikoetxearen eta Imazen aurka jokatuko dute. Irabazleak finalerdietako ligaxkarako sailkatuko dira. Galtzaileek beste aukera bat izango dute.
Bihar, Zornotzan (22:15, ETB1). Peña II.ak eta Albisuk Elordiren eta Rezustaren aurka jokatuko dute. Irabazleek bigarren kanporaketa jokatuko dute. Galtzaileak kanpoan geratuko dira.
Igandean, Bilbon (17:00, ETB1). Gaurko partidako galtzaileek eta biharko partidako irabazleek jokatuko dute. Irabazleak finalerdietako ligaxkan ariko dira. Galtzaileak kanpoan geratuko dira.