Aizkora

Estu egongo da txapela etxeratzeko borroka

Bihar jokatuko dute Elgoibarren Euskal Herriko Aizkora Txapelketako finala Nerea Arrutik, Nerea Sorondok, Oihana Fernandez de Barrenak, Laiene Pikabeak, Lucia Orbek eta Irati Astondoak. Arruti da faborito: txapeldun izan da azken bi aldietan.

Iazko podiuma: Nerea Sorondo, Nerea Arruti eta Oihana Fernandez de Barrena. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iazko podiuma: Nerea Sorondo, Nerea Arruti eta Oihana Fernandez de Barrena. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
inaut matauko rada
2024ko urriaren 19a
05:00
Entzun

Bihar Euskal Herriko sei aizkolari onenak aurrez aurre izango dira Elgoibarko Kalegoen plazan (Gipuzkoa), 13:00etan, txapela irabazteko lehian. Ekainean egin zuten kanporaketa, eta Nerea Arruti, Nerea Sorondo, Oihana Fernandez de Barrena, Laiene Pikabea, Lucia Orbe eta Irati Astondoa sailkatu ziren finalerako. Sei pago enbor moztu beharko ditu lehiakide bakoitzak: bi kana erdiko (54 ontza), 45 ontzeko bi eta 36ko beste bi.

Nerea Arruti urnietarra da irabazteko faborito, azken biak irabazi baititu. Hirugarren txapela lortuz gero, Nerea Sorondo berdinduko luke Euskal Herriko Aizkolari Txapelketaren palmaresean. Sorondok berak ere onartu du Arruti ikusten duela aurten ere txapela eramateko hautagai nagusi; iaz bigarren geratu zen Sorondo. Iritzi bera du Fernandez de Barrenak, hark ere uste baitu dena ondo badoa Arrutik eraman behar lukeela txapela etxera.

«Nerea Arruti erreferente bat dugu, gu baino askoz indartsuago da, eta teknikan txukuna da. Denbora oso gutxian pasatzen ditu enborrak, eta berak ematen digu lanik handiena. Baina Oihana [Fernandez de Barrena] eta bertze neskak ere indartsu heldu dira, eta ni ere bai», azaldu du Sorondok. Hala ere, aizkoran ezustekoak izatea ohikoa dela ere azaldu du: «Edozein gauza pasatzen ahal da».

«Oihana [Fernandez de Barrena] eta bertze neskak ere indartsu heldu dira, eta ni ere bai. Edozein gauza pasatzen ahal da»

NEREA SORONDOAizkolaria

Ekainaren 30ean Arrutiren aurka erakustaldi bat izan zuen Fernandez de Barrenak, eta urnietarra garaitzea lortu zuen. Azaldu du horrek motibatzeko lagundu ziola, pentsatuz «horren urrun» ez zegoela. Hala ere, Fernandez de Barrena jabetuta dago agian ez zuela egun ona izan Arrutik, edo ez zuela zuen guztia eman, ez zelako txapelketa ofizial bat. «Faboritoa Nerea Arruti da; neska hori izugarria da, izugarrizko indarra du. San Tomas eguneko txapelketa izan ezik, denak irabazi ditu».

Aste bereziak

Sorondori ere irabazi izan dio noizbait Fernandez de Barrenak, baina horrek beste sentsazio bat ekarri dio: seguru ez sentitzearena. Azken hilabeteetan, halako sentimenduak ondo bideratzeko, laguntza profesionala bilatu du, eta trebatzaile batekin aritu da. Esan duenez, orain inoiz baino hobeto dago.

Laguntza, baina, ez du soilik arrazoi bakarragatik eskatu. Izan ere, irailaren hasieran bi saihets hezur hautsi zituen aizkolari arabarrak: «Hilabete kaotikoa izan da, tristea, eta beldurra ere izan dut. Hasieran, oso gaizki pasatu nuen, eta gaizki eraman nuen kontua. Psikologoarekin aritzeak on egin dit. Harekin egon aurretik gauza asko pentsatu nituen: txapelketa uztea, aizkora haustea...».

Fernandez de Barrenak, beraz, onartu du azken hilabete eta erdian «asko ikasi» duela: «Orain hobeto ezagutzen dut neure burua. Oso harro nago nitaz». Irailean, beraz, ez da ia entrenatu ere egin Fernandez de Barrena, baina azken bi asteetan «oso ondo» aritu da. Osasuna lehenetsi du lehen entrenamenduetan, minik ez izatea baitzuen helburu nagusi, eta ongi eman dio buelta, alde fisikoari eta alde mentalari.

«Iaz bospasei minuturen aldea egon zen, eta hori aizkoran asko da. [Bihar] Arruti estutuko dugula uste dut; lehia oso polita izango da»

OIHANA FERNANDEZ DE BARRENAAizkolaria

Sorondok ere azaldu du lehen bere burua «gehiegi» estutzen zuela, baina hori kudeatzen ikasi duela: «Gogotsu nago. Aurten, inoiz ez bezala gozatzen ari naiz aizkoraz; lehen gehiegi sufritzen nuen, neure burua sobera estutzen nuelako. Hori da nire helburua: gustura aritzea».

Parekoago egongo da

Aurtengo Euskal Herriko Txapelketa berezia da, kanporaketatik finalera ia lau hilabete pasatu baitira. Badira hori gustukoago dutenak, baita alderantziz ere. Sorondok ez du uste denbora tarte handi horrekin txapelketatik deskonektatzen denik, tartean bestelako lehiaketak eta erakustaldiak egiten baitituzte. Txapelketaren aurreko astea izaten du zaila, urduritasuna dela eta: «Nik azken astea ez dut ongi pasatzen, nerbioekin izaten dut lanik handiena, baina orain, egia esan, ondo sentitzen naiz. Gorputza ongi dut, eta burua ere bai».

Fernandez de Barrenak uste du Arruti gainontzekoen oso gainetik ibili zela iazko txapelketan, baina ziur da aurten tarteak estuagoak izango direla: «Iaz bospasei minuturen aldea egon zen, eta hori aizkoran asko da. Ez zen saltsarik egon. Ni ondo banago eta ondo kudeatzen badut burua, ongi ibiliko naiz, eta Nerea Sorondo ere oso ondo ikusten dut. Berak esan du oso lasaiago dagoela eta lan polita egin nahi duela; nik ikusten dut hobeto dabilela. Arruti estutuko dugula uste dut; txapelketa oso polita izango da». Nafarroako txapeldun izan da aurten Sorondo, eta bere inoizko denbora onena egin du, aurreko markari sei minutu kenduz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.