Zortzi urte dira Daniele Bennatik (RadioShack) ez duela denboraldi bat garaipenik gabe amaitzen. Marka haustekotan zen, bada, sasoi honetan, inon irabazi ezinik. «Ezinezkoa zirudien aurten besoak jasotzea». Atzora arte. Sasoiko lehen garaipena lortu du Valladoliden, Espainiako Vueltako hemezortzigarren etapan. Baita estu lortu ere. Ezin estuago gainditu zuen Ben Swift (Sky) esprintean, zentimetro gutxiren aldearekin.
Itxaropena galduta zegoen italiarra, baina ezin esan irabazten saiatu ez zenik. Etapa osoan aritu zen lanean RadioShack taldea, John Degenkolben Argos taldearekin elkarlanean. Itxura ona emanda zegoen Bennati Vueltan, eta esprintean behar zuen amaitu etapak. Hortik garaipenera, ordea, mundu bat dago. Are gehiago itzuli honetan, esprintean Degenkolb nagusi dela. Aurkariei apurrak ere utzi gaberik zen orain arte: lautik lau.
Baina taldeak huts egin zion alemaniarrari, azken kilometroetan. Abiadura biziak tropela txikitu ondoren, babesean egon ziren Argosekoak, lanari ekiteko unearen zain. Gehiegi itxaron zuten, ordea. Taldeburuari esprinta bideratu nahi izan ziotenerako, tokirik gabe geratu ziren lehenik, eta indarrik gabe gero, aurrera egin ezinda. Tropel burutik osourrun hasi zuen esprinta Degenkolbek, eta bosgarren postua lortu zuen.
Ihesaldia bertan behera uzteko ahaleginean xahutu zituzten indarrak Argosek eta RadioShackek. Berehala egin zuten alde bost txirrindularik: Gustavo Cesar Veloso (Andalucia), Brent Bookwalter (BMC), Gatis Smukulis (Katuxa), Luis Angel Mate (Cofidis) eta Martijn Keizerrek (Vacansoleil). Tarte txikia utzi zieten, ordea, bost minutu baino gutxiago. Azkar asko amaitu ziren bost iheslarien ametsak, helmugarako artean hamazazpi kilometro falta zirela irentsi baitzituzten.
Abiadurak eta nekeak tropela txikituta, kontrolik ez zen izan aurrerantzean. Ez zuen inork hartu erantzukizuna, Sky lanean jarri zen arte, zazpi kilometro falta zirela. Ordutik helmugara, bakarlana izan zen talde britainiarrarena, Swiften mesedetan. Errematean huts egin zuten.
Laguntzarik gabeko lehia izan zen Bennati eta Degenkolbena azken kilometro horietan. Halako egoeretan, esperientzia izaten dute bidelagun esprinterrek. Eta horretaz sobera dauka italiarrak. Kokapen onena aurkitu eta ederki biribildu zuen etapa. Irakaspen bikaina Bennati beteranoak Degenkolb gazteari emandakoa.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta
Estreinakoa, ezin estuago
Urteko lehen garaipena lortu du Daniele Bennatik, zentimetro gutxiren aldearekin Vueltako hemezortzigarren etapa irabazitaDegenkolb, itzuliko esprint guztien garailea, aurrera egin ezinda geratu da amaieran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu