Pilota

Estrategiaren garrantzia

Partida gorabeheratsua jokatu dute Zabaletak eta Dariok, baina azkenean Dario nagusitu da, Etxarrengoa 22-17 garaituta. Sakeak baliatu dituzte biek tantoak egiteko.

Dario, Zabaletaren pilotakada bati erantzuten. IDOIA ZABALETA / FOKU
Dario, Zabaletaren pilotakada bati erantzuten. IDOIA ZABALETA / FOKU
inaut matauko rada
2024ko apirilaren 13a
20:10
Entzun

Bi hilabete lehiatu gabe ibili ostean, estrategia zehatz batekin joan da Dario Gomez Aspeko pilotaria Iruñera. Hasieratik haren alde jarri da partida Labriten, txanponak sakea eman baitio, eta estrategia bera ibilita alde handia atera dio une batean Jose Javier Zabaletari, nahiz eta azkenean Etxarrengoak distantziak moztu. Azkenean, 22-17 irabazi du Dariok banakako txapelketako bigarren partida.

Sake bortitza, atzera, eta ezker paretari itsatsia: hori da Dariok hautatu duen estrategia Zabaleta menderatzeko. Banakako txapelketan geratzen den azken atzelaria da Zabaleta, eta Dariok atzean zokoratu nahi izan du, pilotakadak motzean itzuliz tantoak egiteko. Eta hala lortu du. Tantoak bizkor pasatu dira partidaren lehen zatian, Zabaletak ez baitu lortu Dario atzera bidaltzea.

Huts asko egin ditu erantzuterakoan, eta bata bestearen atzetik egin ditu tantoak Dariok. 4-1 irabazten zihoan Ezkaraikoa (Errioxa, Espainia), eta 3-4ra gerturatu da Zabaleta. Baina berriro sakea hartu du Dariok, eta ez du askatu hurrengo hamar tantoetan: 14-3 jarri du markagailua.

Tanto gehienak antzekoak izan dira. Sake ia guztietan pilota ezkerparetara itsastea lortu du errioxarrak, eta Zabaletak pilotari bote egiten utzi behar izan dio etengabe. Atzetik jasotzeko arazoak izan ditu nafarrak, eta, lortu duenean, behin baino gehiagotan boleaz pilota motzean uztea lortu du Dariok. Halako askotan, motel eta baldar itxura eman du Zabaletak, eta bazirudien ez zuela hamar tantoren langa bota behar.

Markagailua 14-4 jartzea lortu du Zabaletak, eta entrenatzailearekin pilota aukeratzen egon da. Azkenean, bote gutxiagoko pilota bat hautatu du, eta ondo atera zaio. Etxera joateko gutxi geratzen zitzaiola zirudiela, Zabaletak ere bere sake propioa egiteko baliatu du ekimena: lau eta erdiko marra baino dezente atzerago eman dio pilotari botea, eta frontisaren beheko aldean jo du, indartsu; pilotak nahiko motzean egin du gehienetan, bosteko eta seiko marren artean, eta atzelariaren indarrari erantzuteko arazoak izan ditu Dariok. Errioxarrak ere tanto batzuk egin ditu, baina Zabaleta distantziak mozten ibili da, markagailua 17-14 jarri arte.

Tantorik politenak

Hurrengo tantoa Dariorena izan da, eta berriro estrategia berari eutsi dio, eta hein batean ondo atera zaio. Partidaren hasierak eta bigarren zatiak ez dute zerikusirik izan. Hasiera azkarra eta aspergarria izan da, hutsez betea, baina kontagailuko 22.a gero eta gertuago zegoela, hobeto jokatzen hasi dira biak. Aurrera eta atzera ibili dira, eta Zabaletak norgehiagokari konektatuta mantentzea lortu du, 20-17koa egin arte.

Dariok Zabaleta inoiz baino gertuago sentitzen zuela, 21-17koa egin du errioxarrak. Labriteko publikoa txaloka hasi da Darioren azken sakea ikusteko, eta azkena izan da sake horren osteko tantoa. Azkena eta politena. Dariok betiko sakea egin du, eta Zabaletak jasotzea lortu du. Horri aurrez egin moduan erantzun dio Dariok, ezker bolea batekin, baina ez zituen lekutik indarrak atera ditu nafarrak, eta pilota jasotzea lortu du lurrean guztiz botata. Dariok erantzun egin dio, eta berriro ere Zabaletak erantzutea lortu du, baina Dariok hurrengoan ez du barkatu, eta txapatik milimetro gutxira jo eta pilota bigun hori harmailetan galdu da.

Garaipen tantoa izan da, eta Dario jada ospatzen eta Zabaletari eskua ematen ari zela, errepikapenean bazirudien pilotak txapa ukitu zuela. Baina ez, tantoa ontzat eman dute, eta Dariok banakako txapelketako final-laurdenetako ligaxkako lehen garaipena lortu du.

Fase horretako bigarren partida izan da, atzo Aitor Elordi banakako egungo txapeldunak 22-20 irabazi baitzuen Javi Zabalaren aurka. Multzo ezberdinetan daude Elordi (A multzoa) eta Dario (B multzoa), baina lehen partidak irabazi dituzte biek. Jokatzen hurrengoak Ezkurdia eta Artola izango dira, bihar, Eibarko Astelena pilotalekuan (Gipuzkoa). Final-laurdenen fasea maiatzaren 12an amaituko da, eta hil bereko 18an hasiko dira finalerdietako partidekin. Final handia ekainaren 2an izango da, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.

Ados Pilotako finala

Miarritzen Ados Pilota txapelketako azken finalerdia jokatu da gaur; Iturriagak eta Orbegozok Barrokalen eta Agirreren kontra jokatu dute, eta bigarrenek aise irabazi zuten partida, 22-10. Hala, txapelketako finala jokatuko dute. Badakite zein pilotari izango dituzten aurrean: Ruiz de Infante eta Galeano. Haiek joan den astean jokatu zuten finalerdia, Goiuri Zabaletaren eta Zabalaren aurka, eta gaurkoan baino lehia estuagoa izan zuten orduan. Estu-estu irabazi zuten Ruiz de Infantek eta Galeanok: 22-20.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.