Giza Eskubideen Europako Auzitegiak ebatzi du Munduko Atletismo Federazioak (IAAF) Caster Semenya atleta hegoafrikarra diskriminatu zuela 400 metro eta milia bat (1.609 metro) arteko lasterketetan aritzea debekatu ziolako berezko testosterona maila jaisteko botikak hartzen ez bazituen. Semenya bitan izan zen olinpiar txapeldun 800 metrokoan, eta beste hirutan munduko txapeldun.
2018an jarri zion IAAFk debekua, eta atletak helegitea aurkeztu zuen Suitzako Auzitegian eta Kirola Arbitratzeko Epaitegian (TAS), baina ez batak ez besteak ez zion debekua kendu. TASen arabera, IAAFk emakume atletei testosterona muga bat ezartzea «baztertzailea» da, baina, «arrazoizkoa, beharrezkoa eta proportzionala» emakumeen atletismoaren «integritatea» mantentzeko.
Semenyak ez zuen onartu botikak hartzea, eta 5.000 metrokoan lehiatzen hasi zen. Baina ez zituen emaitza onak lortu. Lehiatzen ez ezik, epaitegietan borrokatzen jarraitu zuen. Hala, helegitea jarri zuen Estrasburgoko epaitegian, eta hark eman dio arrazoia. Halere, debekuak bere horretan jarraituko du. Are gehiago, IAAFk aurten onartu du ez uztea lehiatzen atleta transexualei.